wrapper

Oharrak

2019a bukatuta, pasatako urtearen balantzea egiteko ordua izan ohi da, eta Kultur Mahaiak, Azpeitiko Udalak eta Kulturaz Kultur mahaiaren kooperatibak iazko balantzea egin nahi izan dute. Datu positiboak izan dira, beste behin ere. "Udalaren aldetik, aitorpen osoa egin nahi diogu eginiko lanari. Horrez gain, eredu hau, kultura ulertzeko eta bizitzeko modu hau babesteko eta sustatzeko konpromiso osoa hartzen dugu aurrerantzean ere. Izan ere, azken urtean pauso handi bat egin da Azpeitian, Dinamoa sormen gunearekin. Indarrak eta baliabideak jarri ditugu hastapen hauetan. Azpeitia agertokien herria ez ezik, sormenaren laborategia ere bada dagoeneko, nahiz eta oraindik zer egina badagoen. Bide horretantxe sakondu nahi dugu", adierazi du Eneritz Albizu Udal Kultur Batzordeburuak.

Urtea bukatuta, atzera begiratu eta errepasoa egin du Azpeitiko Kultur Mahaiaren Kulturaz Kooperatibak, eta 2019ak utzi duenari errepasoa eginda, urte "emankorra", izan dela uste dute:"Geure buruaru agindutako lan guztiaak ez, baina nagusienak aurrera atera ditugula uste dugu", adierazi du Jose Luis Otamendi lehendakariak. Sormena, ikusgarritasuna eta transmisioa izan dituzte lan ardatz, eta kultura indartzea, zabaltzea eta elkar banatzea izan dute helburu. 

2019ko kultur erronka nagusia Dinamoaren irekiera izan da Azpeitian. Kultur sormenerako espazioan lau gune bereiztu dira; hitzarena, gorputzarena, irudiarena eta soinuarena. Eta eremu desberdinetako proiektuak hasita daude garatzen dagoeneko. 

"Gustura eta oso eskertuta gaude egiten ari garenari gure komunitateak, herriak, urtez urte, egiten dion harrera eta ematen dion babesarekin. 2019a ere oso ona izan da alde horretatik. Uste dugu hein handi batean inguruan dugun jendarte hori bera dela eragile eta protagonista. Azpeitiko Kultur Mahaiaren proiektuaren autonomiari eta autofinantzaketa mailari eusteko, nahitaezkoa da antolatzen diren egitasmo eta ekitaldiei, eta eskaintzen diren zerbitzuei herritarrek erantzutea", gaineratu du. 

Udalak eta kultur mugimenduaren arteko sintonia ona ere azpimarratu nahi izan du: "Herriko etxearekin, Udalarekin elkarlana ere aterpe eta babes ezinbestekoa dela ezin dugu ukatu". Ondoren Eneritz Albizuri pasatu dio hitza. Hark, eskerrak emanez hasi du hitzartzea: "Lehendabizi eskerrak eman nahi dizkizuet kulturgintzan eta dinamika honetan zabiltzaten pertsona guztiei. Eskerrak Kulturazeko langileei, Kultur Mahaiari eta hainbat ekitaldi zein proiektu antolatzen dituzuen herritar zein eragileei. Emaitza hauek eguneroko lanaren fruitu dira, egunez egun, astez aste, urtez urte lanean jarraitzen duzuelako". 

"Herritarren eta taldeen parte-hartzean" oinarritzen den proiektua dela adierazi du eta aurten ere ekitaldien %75 inguru antolatu dituztela herritarrek. "Oholtzan ere herritarrek izan dute protagonismoa ekitaldien erdietan. Horrek erakusten du atxikimendu eta sostengu bat herriaren aldetik. Antolatzaile lanetan dabiltzanek ez ezik, ikus-entzuleek ere babestu dute hau. Esparru horretan ere nabarmendu da herritarren parte-hartzeak gora egin duela, eta, batik bat, gazteenenak. Benetan pozgarria da hori", gaineratu du. 

Kulturari Azpeitiko Udalak ematen dion garrantziaren erakusle, kulturaren partidak udal aurrekontuetan izan duen igoera aipatu du: "Badira urte batzuk kulturara bideratutako inbertsioa hazten ari dela, hain zuzen, guretzat estrategikoa delako; eta aurtengoan ere, %18 igo da partida hori, 2019arekin alderatuz gero. 2016arekin konparatzen badugu, %43,8". 

Kultur Mahaiarekin eta Kulturaz kooperatibarekin bide hori konpartitu nahi dutela azpimarratuz bukatu du: "Gure ideiak, indarrak eta ilusioak batuta, batuketa bat baino biderketa bat delako emaitza". 

Olatz Prat Kultur Mahaiko lehendakariak Dinamoa sorkuntzarako espazioen hutsune bati erantzuna emateko sortu dela azpimarratu du: "2013an, Kultur Mahaiak bere ardatzen baitan sormena eta trasmisioa zituen, 2015ean egindako kulturaren argazkian, hutsune bat zegoela nabaritu zen, eta horri erantzuna ematera dator Dinamoa". Pozik agertu da Prat: "Martxa ona darama Kulturak Azpeitian, norabide konpartitua garbi dugu eta etorkizuneko erronkak ere zeintzuk diren badakigu. Beraz, gustura egoteko moduan gaude". 

205 ekitaldi eta 55.019 ikus-entzule

2019an 205 ekitaldi izan dira guztira, eta 4.063 sortzaile pasatu dira oholtzatik, batezbeste ia 20 sortzaile ekitaldiko. Eta horien kultur jardunaz gozatzera 55-019 ikus-entzule izan dira; 268 pertsona ekitaldiko.  Ekitaldien antolatzaile nagusienak herriko eragileak izan dira; horietatik %22, 9 Kultur Mahaiko taldeak. Sortzaileei dagokionez, %51,7a herrikoak izan dira, %39,5 Euskal Herriko txoko desberdinetatik etorri dira eta %8,8 kanpokoak izan dira. Hizkuntzari dagokionez, euskara izan da nagusi ekitaldietan, Hala, ekitaldien %90,2a euskaraz antolatu eta gauzatu da. 

 

Kanpoko begirada: Vous êtes ici edo usted esta aquí

Gaurkoan, Iñigo Astiz sortzailea izan da Azpeitian, kultur arloan dabiltzanentzat Azpeitian egiten dena nola bizi edo sentitzen duen azaltzeko. "Kanpotik begiratuta, mapetan egon ohi det hemen zaude, vous êtes ici edo usted esta aquí moduko marka bat du Azpeitiak. Kulturgintza lantzeko modu berezi horren marka duzue; kulturgintzan gabiltzanon bai behintzat", adierazi du. Dinamoaren hastapenetan, Hitzaren Eskolako saioak eskaintzera etorri zen Dinamora. Eta hantxe estreinatu zuen 21 poesia emanaldia, hitzaren Eskolaren baitako ikuskizunean. 

Zerk egiten duen zentro bat zentro, kezka plazaratu du Astizek, eta horren inguruko gogoeta ere egin du: Gure herrian mugakideak dira periferiak eta erdiguneak: milimetro gutxi batzuetako distantziara daude elkarrengandik bi kontzeptuak, eta nahikoa da, adibidez, inguru geografiko berean hiru musika talde esanguratsu biltzea, edo bi artistaren arteko elkarrizketa sakon eta zintzoa sortzea, inguru geografiko hori kultur erdigune bilakatzeko". Baina geografia baino "igurtzia" dela kulturan zentro bihurtzeko adierazi du: "kultur gune bakoitzean sortzen diren sortzaileen arteko loturak dira benetan kultur gune baten bihotza. Eraikitzeko gai den sorkuntza sareak bezainbeste balioko du sorkuntza gune batek", gaineratu du. 

Sorkuntza espazioak sortzaileei egiten dien harrera ere izan du hizketagai. Sortzaileei eskaintzen zaien lekua, denbora "eta leku eta denbora hori eskaintzeko duen modua". Dinamoa bereziki denboran eta espazioan aberatsa dela azpimarratu nahi izan du: "Bereziki aberatsa da duen espazioan eta sortzaileei eskaintzen zaien denboran. Sartu bezain pronto espazioa nire eskura utzi zuten, nahi nuen lekuan egiteko, prestutasun osoz".  Orduan pentsatu omen zuen hura martxan jartzean izugarria izango zela: "Eta uste dut badela ikaragarria. Denborak, espazioak, harrerak. Horrek guztiak egiten du leku hau berezi. Horrek sortuko du sortzaileen arteko konexioa ez baldin badu dagoeneko sortu, eta horrek egingo du benetan sorkuntza zentro hau benetan zentro; autopistetako norabide nagusien bazterrean, eta, halere, sorkuntzaren erdigunean". 

 

Jakinarazten dizugu webguneak berezko zein beste batzuen cookieak dituela, eta horien bidez zerbitzu hobea eskaini nahi dizugu, eta nabigazio-esperientzia hobetu nahi dugu. Webgunetik nabigatzen jarraitzen baduzu, horrek esan nahi du onartzen duzula aipatutako helburuekin cookieak erabiltzea Informazio gehiagorako Cookien politika.

Webgune honetako Cookien politika onartzen dut

EU Cookie Directive Plugin Information