wrapper

Oharrak

Azpeitiko Azoka Plaza berritu zenetik, sasoiko eta herriko zein eskualdeko barazki eta bestelako elikagaien plaza bilakatu da. Bertan, inguruko baserritarrek modu jasangarrian ekoiztutako sasoiko eta kalitatezko elikagaiak eskaintzen dira. Abiapuntu bezala Azoka Plaza harturik, urte hasieran, pauso bat aurrera egin eta filosofia hori herriko jangeletara zabaltzeko proiektua jarri zen abian. Helburua, jangela kolektiboetan ere
bertako produktuekin egindako menuak osatzea da.

Azoka Plaza 2.0. Azpeitiko herri proiektua da, non hainbat eragileren parte-hartzearekin, eskualdeko baserritarrek modu jasangarrian ekoiztutako kalitatezko elikagai osasungarriak zuzenean jatetxe eta jantoki kolektiboetara bideratzeko eta tokiko ekonomia bultzatzeko sarea martxan jarri den. Kalitatezko elikagaien eskuragarritasuna bermatu ahal izateko, garaian garaiko produktuak edozein herritarren elikaduraren oinarri bilakatu nahi dira. Herriko elikadura sistema lantzeko talde eragile bat sortu da, Azpeitiko Udalak, Urola Kostako Landa Garapenerako Elkarteak (Urkome), Artxara Kooperatibak (Elikagunea) eta Euskal Herriko Unibertsitateak (Ekonomia eta Enpresa saila) osatua. Hala ere, talde eragileaz haratago, elikadura katean parte hartzen duten tokiko eragile guztiak nahasi eta indartzeko asmoz jartzen da abian prozesu hau.

Horretarako osatu da ekoizleen lantaldea, hamabost bat ekoizle elkartzen dituena, denetariko elikagaiak eskaintzen dituzte: barazkiak, esnekiak, eraldatuak, fruta, arrautzak edota ogia. Bailarako ekoizleak dira, Azpeitia, Errezil, Beizama, Zestoa eta Azkoitian kokatuak. Baserriari lotutako proiektu ekonomikoak bultzatzeko, nekazaritza industrialetik at, laborantza iraunkorra bermatzen duten ereduetan oinarritzen dira. Tokiko ekoizpen proiektu txiki horiek, baserritarren lan baldintza duinen aldeko apustua egiten dute, eta aldi berean, landa eremu bizi bat sustatu eta ingurugiroarekiko oreka jasangarria bermatu asmo dute.

Elkarlanean oinarritutako eskaintza kolektibo baten aldeko apustua egin nahi izan da jangelak hornitu ahal izateko, eta horretarako, ekoizpen planifikazioaren inguruko lanketa, eta prezioak bateratzeko ahalegina egin dira. Modu honetan erabiltzaileei eskaintzeko katalogo bateratu bat osatu dute.

Erabiltzaileei dagokionez, Uztaro haurreskola, Karmelo Etxegarai, Ikasberri eta Iraurgi ikastetxeetako jangelez gain, Sanagustin kulturguneko jatetxea eta San Martin zaharren egoitzako jangelak ere bat egin dute proiektuarekin. Proiektuaren izaera pilotua dela eta, jangela zein jatetxe bakoitzaren dinamikari jarraipena emateko elkarlanean dihardute: "Proiektu pilotu honen bitartez, elikaduraren ardura zuzenagoa eta erabakitzeko aukera berriak ireki nahi ditugu", zehaztu dute. 

Bide honetan, proiektu pilotuan inplikatutako eragile desberdinen arteko lankidetza ezinbestekoa izan da, eta batik bat, baserritar eta sukaldarien arteko harreman zuzena. Konfiantzazko harreman hori errazteko horniketa unitatearen ardurak partekatu asmo dituen Funtzionamendu protokoloa osatu dute. Elikaguneak astelehen, asteazken eta ostiraletan burutzen dituen banaketetan oinarritzen da hornikuntza unitatea: "Modu honetan, baserritarrek ekoiztutako elikagaiak zuzenean jangela eta jatetxeetako sukaldeetara eramateko aukera errazten zaigu: ekoizleen arteko elkarlana bultzatuz, irabazi asmorik gabeko kudeaketaren bitartez, eskaerak eta banaketak zentralizatuz, kudeaketa administratiboa ere sinplifikatuz eta elikagaien banaketa planifikatuz", adierazi dute

Irailean hasi eta astean hiru aldiz egiten dituzte banaketak, jangela kolektiboetara egokitutako produktu berrien garapena ere suposatu dute. Berrikuntza eta hobekuntzaren ikuspegitik, menuak, sasoian sasoiko ekoizpenetara moldatzea ezinbesteko baldintza bada ere, baserritarrek ekoiztutako elikagaiak ere jangeletara egokitzeko ahalegina egin dute. Modu horretan, produktuen formatu handiagoak landu dituzte eta San Martin zaharren egoitzako esne erdi-gaingabetuaren eskaerari erantzuteko, Urrakik bere esne osoa gaingabetu eta gurina elaboratzen hasiko da. Ogi artisau moldeak jangeletara egokitzeko saiakeran ere aurrerapauso batzuk ere eman dituzte, besteen artean, hiru okinen arteko lankidetza uztartu dute eguneko ogiaren eskuragarritasuna bermatzeko.


Bide honetan, tokiko lehen sektoreak eskaintzen dizkigun sasoiko elikagaietara egokitutako menuak eskaintzea da gure helburua, eta horretarako, hasiak gara Elikuko Aitziber Aizpuru nutrizionistarekin elkarlanean, adin desberdinetakoei osasungarri zaizkien menuak eskaini ahal izateko. Horrekin batera, abiatu dugun proiektuaren prozesu izaera kontuan hartuz, eta ezagututako hainbat erreferentziazko proiektu pilotuk erakutsi digutenez, jangela kudeaketa eredu zuzen eta deszentralizatuaren aldeko apustua egitea ezinbestekoa ikusten dugu, proiektuen bideragarritasun ekonomiko eta soziala bermatzeko.

Jakinarazten dizugu webguneak berezko zein beste batzuen cookieak dituela, eta horien bidez zerbitzu hobea eskaini nahi dizugu, eta nabigazio-esperientzia hobetu nahi dugu. Webgunetik nabigatzen jarraitzen baduzu, horrek esan nahi du onartzen duzula aipatutako helburuekin cookieak erabiltzea Informazio gehiagorako Cookien politika.

Webgune honetako Cookien politika onartzen dut

EU Cookie Directive Plugin Information