wrapper

Oharrak

Onartu berri ditu 2020. urterako aurrekontuak Udalak. Ekainean hasi zen agintaldi berriko lehen aurrekontuak izango dira eta Nagore Alkorta alkatea "gustura" da emaitzarekin. "Uste dugu, Azpeitiko beharrei erantzuna eman eta etorkizuna eraikitzen hasteko moduko aurrekontuak osatu ditugula. Iazko aurrekontuekin konparatuta, Udal aurrekontuak ia milioi erdi egin du gora, eta 20 milioitik gorako aurrekontua osatu dugu. Aurrekontu kontsolidatuari erreparatuz gero milioi bat gehiago dugu datorren urteari aurre egiteko", azaldu du. Abenduaren 3ko ohiko plenoan, aho batez onartu ziren. 

Azpeitiko Udalak prest ditu 2020. urteko aurrekontuak. Azken urteotako ohiturari jarraituz, urteko azken ohiko plenoan onartu ditu udalbatzak. Parte hartzean oinarritutako aurrekontuak izan direla azpimarratu nahi zian zuen Nagore Alkorta alkateak: "Eragilea, mahai, norbanako, udal teknikari zein politikoek egindako ekarpenekin osatu dira aurrekontuak", adierazi zuen. Aurrekontua handitu egin da eta hori Udalak duen egoera ekonomiko "onaren" seinale dela azpimarratu zuen: "Azken urteotako gestio zorrotz eta onak, aurrera begirako aurrekontuak osatzea ekarri du". Hala ere, "diru publikoa zuhurtziaz inbertitu behar dugu, eta herritarren beharrei egokitutako aurrekontuak osatzen saiatu gara", azaldu zuen. Herritarrak erdigunean jarritako politikak egin nahi dituzte eta herritarren bizi kalitatea egunetik egunera hobetzen joateko eta beharrei egokitutako kalitatezko zerbitzu publikoak eskaintzea du helburu.

2020. urtera begira, bi ardatz nagusiren bueltan osatu dituzte aurrekontuak: ekonomia eta gizarte babesa. Bi arlo horietan eragiteko neurriak zehaztu dituzte, eta aurrekontuei dagokienean, nabarmen hazi da bi arlo horietako aurrekontua.

Ekonomia, enplegua eta formazioa

Arlo honetako aurrekontuak %30 egin du gora iaztik. Langabezia datuak onak dira, ez gara iritsi krisi aurreko %5eko langabezia tasara, baina %7,6 da, azken datuen arabera, EAEko langabezia tasa baino 3 puntu baxuagoa: "Hala ere, lanaren kalitatean eragitea lortu nahi dugu, eta horretarako hainbat neurri hartuko ditugu. Horretaz gain, ekonomian momentu desegonkorrak bizi ditugu, eta haizea kontra jartzen bada, behar diren neurriak hartzeko alertan gaude", zehaztu zuen, Leire Goenaga Ogasun zinegotziak. 

Arlo horretako neurri zehatzei dagokionez,  lur industrialen gaiari helduko dio Udal Gobernuak: "Industria da herriko ekonomiaren motorea eta bide horretan, ehun industrialaren azterketa jarri berri dugu martxan", horretarako 200.000€ko partida jarri dute herriko industriaguneen plan berezia egiteko.

Sustapen ekonomikorako dir-ulaguntzak ere berritu egingo dituzte: "Buelta bat eman diegu eta datorren urtean, ekintzaile berriei beren ideia garatzeko eta aktibitate ekonomikoa martxan jartzeko laguntzak, enpresa txikiei digitalizazio bultzatzeko, enpresetan berdintasun planak ezartzeko eta energia berriztagarrien ezarpenerako laguntzak emango dira", zehaztu du Goenagak.

Horretaz gain, herriko merkatariekin elkarlanean jarraituko dute eta elkarlanean landutako proiektu berri bat jarriko dute abian. 

Formazioari dagokionez, Basazabalen unibertsitateekin zein bestelako eragileekin elkarlanean formazio eskaintza zabala egiten jarraituko dute. 

Gizarte babesa

Beste erronka nagusietako bat gizarte babesa da. Herritar orok duintasunez bizitzeko dituen beharrei aurre egiteko baliabideak eta zerbitzuak bermatzea izango da Udalaren helburua: "Perfil desberdinetako herritarrei zuzenduriko laguntza eta zerbitzuak eskaintzen dira Gizarte Zerbitzuen bidez. Alde batetik, menpekotasun egoeran dauden zuzenduriko etxez etxeko laguntza indartuko dugu. Gero eta herritar gehiago dira zerbitzu hori erabiltzen dutenak, eta guk beharra duen guztiek zerbitzua izateko igoko dugu aurrekontua", azpimarratu du Goenagak.

Horretaz gain, okerren pasatzen ari direnei zuzenduriko diru laguntzen poltsa ere indartu dute: "Emergentzia laguntzak Eusko Jaurlaritzak bideratzen ditu, baina dirua gastatuta ere guk eskaerei erantzuten jarraitzen dugu. Eskari horiei erantzuteko igoko dugu. 65 urtetik gora herritarrei 1.080€ko diru sarrerak bermatzeko diru laguntza iaz indartu egin genuen eskaera guztiei erantzuteko, eta iazko kopuru bera mantenduko dugu. 200.000€, beharrezkoa ikusten dugulako"..

Bizi kalitatea hobetzen duten obrak

Hirigintzari dagokionez, herrian zehar hainbat urbanizazio lan eta hobekuntza egitea aurreikusi da, herritarren bizi kalitatean eragina dutelako zuzen zuzenean. Etxe Alai eta Arana auzoan irisgarritasuna aztertuko dute eta hobetzeko neurriak hartu. Garate Anaia auzoko urbanizazio obrak ere egingo dira.

Urrestillako eta Lasaorako bidegorriak bukatzear daude. Urrestillakoari dagokionez, herriko bidegorri sarearekin lotzeko falta den Landetako lotunea egingo da.

Alde Zaharrean, Alberdi Eneako parkin publikoa abian jarriko da datorren urtean, ondo bidean eta Goenako parkea txukundu eta egokitzea ere aurreikusten dute. Guztira, hirigintzako inbertsioetan bi milioi inguruko aurrekontua onartu dute. 

Sormen guneari baliabideak

Kulturan ere aurrekontuaren igoera nabarmena izan da, %18koa, hain zuzen. Ohi bezala, herriko taldeen beharrei emango zaie lehentasuna, baina abian jarri berri den Soreasuko Sormen guneari bizia ematen hasteko,aurrekontua handitu da.

Beste hainbat proiektu

Aurrekontuan isla handiegirik ez izan arren, beste bi-hiru proiektu aipatu nahi izan dituzte, "garrantzitsuak izango" direnak datorren urtean. "Dagoeneko ibilbide bat egina dugu herri hetzitzaile filosofia gure baitan integratzeko, eta datorren urtera begira ere, baloreen lanketa horrekin bat egin eta horretarako baliabideak jartzen jarraituko dugu", zehaztu dute. Horretaz gain, datorren urtean Kirol Plan orokorra egitea ere aurreikusten dute, gaur egungo egoeraren azterketa egin eta erronka berriak zehazteko. 

Parekidetasunean, berriz, emakumeen jarduera ekonomiko edo lanbideetan oinarritutako espazio publikoak identifikatu eta aztertzeko proiektu bat daukate. Hala, testigantzetan oinarrituta emakumeek historian herriari egin dioten ekarpena jaso nahi du Udalak. 

 

AURREKONTUA ZENBAKITAN

Ogasuna eta kontuak 476.556,85€
Hirigintza eta ingurumena 2.152.000,00€
Hezkuntza eta euskara 1.002.712,84€
Kultura eta gazteria 1.000.000€
Kirola 922.973,39€
Gizarte zerbitzuak 2.101.976€
Langileria eta antolakuntza 5.856.794,20€
Festak 549.000€
Zerbitzu orokorrak 3.892.479,53€
Alkatetza 441.000€
Ekonomoa, enplegua eta formazioa 1.317.725,21€
Parekidetasuna 202.000€
Baserriak 331.000€
Guztira 20.246.218,02€
  • Euskara Patronatua: 642.812,84€
  • Kirol Patronatua: 1.443.073,39€
  • Azpeitia Berritzen: 4.509.32€

 

  • Udalaren aurrekontu orokorra 25.837.143 €
  • Udalaren aurrekontu propioa 20.246.218 €

Jakinarazten dizugu webguneak berezko zein beste batzuen cookieak dituela, eta horien bidez zerbitzu hobea eskaini nahi dizugu, eta nabigazio-esperientzia hobetu nahi dugu. Webgunetik nabigatzen jarraitzen baduzu, horrek esan nahi du onartzen duzula aipatutako helburuekin cookieak erabiltzea Informazio gehiagorako Cookien politika.

Webgune honetako Cookien politika onartzen dut

EU Cookie Directive Plugin Information