wrapper

Oharrak

Azpeitiko Udalak eta Olatukoop Ekonomia Sozial Eraladatzailea sustatzeko sareak formazio saioak eskainiko dituzte, elkarlanean. Izen ematea abenduaren 5a bitartean egin daiteke Basazabal formazio zentroan: Esta dirección de correo electrónico está siendo protegida contra los robots de spam. Necesita tener JavaScript habilitado para poder verlo. eta 943547983. Lehen saioa abenduaren 10ean izango da. Ikastaroaren prezioa 21,6€koa izango da Azpeitian erroldatuta daudenentzat eta 26€koa besteentzat. Izen emateko epea abenduaren 5ean bukatuko da. 

Azpeitiko Udalak ekonomiaren sustapena du helburu eta, bide horretan, formazioa da ildo nagusietako bat. “Herritarra ardatz eta helburu izango duen ekonomia bultzatu nahi dugu”, adierazi du Leire Goenaga Hezkuntza zinegotziak.

Olatukoop Ekonomia Sozial Eraldatzailea sustatzeko sarearen bidez, ekintzailetza soziala bultzatzea helburu duen 10 saioko formazioa eskainiko da Azpeitian: “Saioa hauen bidez, formazioa eta ekintzailetza bultzatuz, ekonomia sozial eta kooperatiboaren, kolektiboaren eta komunitarioaren garapenari bultzada bat eman nahi diogu. Guretzat ezinbestekoa da formazioaren bidez herritarrentzako lan-aukerak sortzeko bideak irekitzea; eta formazio-sorta honen bidez hori lor dezakegula uste dugu. Beraz, ekonomia sozialeko proiektuen bidez, erronka berriei aurre egiteko gakoa izan daitezkeela uste dugu”, adierazi du Leire Goenaga Hezkuntza zinegotziak.

Herriz herri, lanaren burujabetza eta herritarren beharrak ardatz dituzten proiektuak sustatzen ditu Olatukoop-ek:"Horretarako funtsezkoa da proiektu eraldatzaileak sustatu nahi dituzten pertsonak eta kolektiboak formatzea ekintzailetza sozialean aritzeko behar diren hainbat konpetentziatan: proiektuaren bideragarritasuna, bizigarritasuna, lan-taldeen osaketa, tokiko garapena eta harremanak, beharren diagnostikoan, genero eta jatorri aniztasuna lantzeko ikuspegian, eta orokorrean proiektuaren ikuspegi eraldatzaile eta lurraldetuan", azaldu du Leire Udabe Lakari Kooperatibako eta Olatukoopeko kideak.

Formazio eta hezkuntza prozesu horrekin, herriaren beharrei eta ezaugarri territorial eta kulturalei lotutako proiektu kooperatibo sozial eta kolektiboak garatzeko gune, espazio eta testuinguru komunitarioak sortzen joatea da helburua. “Ikastaro hau bi perfiletako jendearentzat izan daitekeela egokia uste dugu. Alde batetik, Ekonomia Sozial Eraldatzailea bultzatzeko ideia edo proiekturen bat duten pertsonentzako formazio saio egokia izan daiteke, bere proiektua garatzen joateko. Bestetik, ekonomia sozialaren baitako jarduerak ezagutu nahi dituenarentzat ere formazio egokia izan daitekeela uste dugu”, jarraitu du Goenagak.

Nori zuzendua

Formazio saioa herritar orori zuzendua da, baina interesekotzat izan daiteke zehazki lau perfil konkreturentzat:

Formazioa jaso eta proiektu bat garatu nahi duten pertsonak eta kolektiboak, eta “proiektu-ideia” propioa dutenentzat
Beraien aktibitate sozio-ekonomiko berriak garatu edota hobetu eta profesionalizatu nahi duten elkarteak.
Martxan daukaten proiektua kooperatiba bihurtzeko laguntza behar duten erakunde eta enpresak.
Erakundearen edo enpresaren baitan, eraldaketa sozialerantz pausoak eman nahi dituztenentzat.

Beñat Irasuegi Talaios Kooperatiba eta Olatukoopeko kideak azpeitiarrak animatu nahi ditu formazio prozesuan parte hartzera: "Herrian proiektu eraldatzaileak sortzeko aukera ematen du, baina baita ia martxan dauden proiektuetan ikuspegi berriak landu, eta beste proiektuekin saretu eta Azpeitiaren garapen eraldatzailean eragiteko aukera ematen duelako, modu kolektibo eta burujabean". .

Formazio saioak

10 formazio saio izango dira. Lehena abenduaren 10ean izango da eta hurrengoa 17an. Hala ere, 2020. urtean hamabostean behin egingo dira saioak, Basazabal zentroan. Astearteetan 15:00etatik 18:00etara bitartean izatea aurreikuspen da saioak, baina interesatuen arabera, ordutegia egokitzeko aukera dago: “Interesa duenak eman dezala izena, eta gero jende gehienak ahal duen ordua adosten saiatuko gara”, adierazi du Goenagak.

10 saiotan, lanketa desberdinak egingo dira; Honako lanketa egingo da saio bakoitzean honakoak, hain zuzen:

1. Zer da Ekonomia Sozial Eraldatzailea? Marko teorikoa, beharren diagnostikoa (ariketa) eta jardunbide onak.
2. Tokiko garapen eraldatzailea: Datuetatik hasi eta elkarlan publiko-kooperatibo-komunitarioaren garapen praktikora.
3. Kooperatibismoa - Estatutu-ereduak - Kooperatibismoa udalgintzatik sustatzeko bideak.
4. Bizigarritasuna eta bideragarritasuna ekimen kooperatibo eta komunitarioetan. Prozesu integrala eta neurketarako adierazle sistemak.
5. Ikuspegi feminista eta zaintza erdigunean + Azpeitiarako ekimen zehatzen lanketa.
6. Talde-kudeaketa eta antolaketarako tresnak.
7. Sare-komunitatea, harremanak eta marketing komunitarioa.
8. Genero eta jatorri-aniztasuna lurraldean eta proiektu eraldatzailetan.
9. Azpeitiko erronkak ESE ikuspegia txertatuta.
10. Ekintza-plana osatzeko eta formazioaren bateratze saioa.

Jakinarazten dizugu webguneak berezko zein beste batzuen cookieak dituela, eta horien bidez zerbitzu hobea eskaini nahi dizugu, eta nabigazio-esperientzia hobetu nahi dugu. Webgunetik nabigatzen jarraitzen baduzu, horrek esan nahi du onartzen duzula aipatutako helburuekin cookieak erabiltzea Informazio gehiagorako Cookien politika.

Webgune honetako Cookien politika onartzen dut

EU Cookie Directive Plugin Information