wrapper

150 lagunetik gora izan ziren atzo arratsean, 'Azpeitia.1945-1975. Giza eskubideen urraketak eta errepresioa diktadorea hil artean' liburuaren aurkezpen ekitaldian. Udaletxeko ganbara herritarrez gainezka zela egin zen ekitaldi hunkigarria. Liburu hori osatzeko eginiko ikerketarekin, 36ko gerratik gaur egun arteko giza eskubide urraketetako epekako ikerketak egin ditu Udalak, Aranzadi zientzia elkartearekin elkarlanean. Euskal Herrian mugarri hori jarri duen lehen herria da Azpeitia, Aranzadiren arabera. Herritarrek udaletxeko lehen solairuen eskuratu dezakete gaurtik aurrera liburua, doan. 

Memoria historikoa eta memoria hurbila ikertzerakoan, Azpeitiko Udalak beti hiru printzipioren baitan egin du lan: egia, justizia eta erreparazioa. Eta atzoko ekitaldiaren eta liburuaren beraren helburua ere horixe da. Azpeitiko Udala eta Aranzadi zientzia elkarteak sei bat urte daramatzate Azpeitiko oroimen historikoa eta historia hurbila ikertzen eta herritarren artean ezagutarazten. Urte emankorrak izan dira, eta atzo aurkezturikoa, Azpeitiko historia eta giza eskubide urraketak biltzen dituen laugarren lan mardula da. 36ko gerra eta ondorengo urteak, 1945a artekoa biltzen zuen ikerketa eta liburua egin ziren aurrena, Euskal miliziak Loiolan elkartu eta ondoren Eusko Gudarostea izango zenaren ingurukoa izan zen bigarrena, iaz, aurkeztu zen 1960-2017 arteko giza eskubide urraketen inguruko liburua, eta atzo frankismo garaiari dagokiona aurkezten zen. 

Azaroaren 20an, Franko hil zen egunetik 44 urtera, juxtu, aurkeztu zen liburua, egun seinatuan, beraz: "1975eko azaroaren 20an hil zen diktadorea, eta orduan etorri omen zen demokrazia gure artera. 44 urte beranduago, ordea, azken garaiotan ederki somatu eta sentitu dugu, diktaduraren eragina oraindik ere bizi bizi dagoela", azaldu zuen Nagore Alkorta alkateak.

Memoriaz eta giza eskubide urraketez hitz egitea, "minaz hitz egitea" dela azpimarratu zuen Alkortak: "Kasu askotan, barne barnean gordetako edo ezkutatutako mina izan ohi da. Eta frankismoak ere min asko utzi zuen gurean. Hemen zaudeten askorek duela 44 urte atzera egin, eta gaurko egunez bizitakoa gogoratuko duzue. Ziurrenik gaur orduan bizitakoaz galdetuta ere askoribarruak mugituko zaizkizue".

1945etik 1975 arteko giza eskubide urraketan kontatu eta zenbatzen ditu liburuak. Baina azaldu zutenez, zaila da garai horri dagozkion izen abizen guztiak zerrendatzea, garai horretako errepresioa orokorra izan zelako askotan, eta frankismoak giza eskubide urraketak ezkutatzeko ahalegina egin zuelako. 

Baina garai zailetan ere, herritar ugarik beren printzipioari uko egin ez eta franksimoari aurre egin ziotela azaldu zuen ALkoratk: "Sentitzen eta bizi zutena egin zuten, debekuen gainetik. Eta horrek bere eragina izan zuen herritar ugarirengan". 

Liburuan, gertaera orokorrak, giza eskubide urraketa larriak, eta errepresio orokorraren baitako giza eskubide urraketak azaltzen eta biltzen dira: "Garai hartan, gure herrian asko izan ziren euskaraz hitz egin edo are gehiago, euskaraz irakasteko ikastolak sortu zituztenak. Euskara eta euskal kultura mantentzeko Loiolako Herri Irratiari eusti ziotenak eta erregimenaren ustetan zilegi ez ziren elkartzeetan atxilotu eta zigortutakoak ere izan ziren herrian. Askok ahaztu gabe eta ahaztu ezinda izango dituzte oraindik Azpeitiko Koartel zaharreko bizipenak. Eta ez ditut ahaztu nahi frankismo garaian heriotza zigorrera kondenatu zituzten hamar azpeitiarrak. Hamarretik bederatzik 1945etik aurrera preso edo zaintzapeko askatasun zerbitzuek kontrolatuta jarraitu zuten. Hamangarrena, Angel Otaegi, Burgosko paretabatean fusilatu zuten, diktaduraren azken hilabeteetan". 

Akortak, 1960-2017ko giza eskubideen liburua aurkeztu zenean, demokrazia garaiko alkateek adostutako testuarekin bat egiteko ere aprobetxatu zuen ekitaldia. Eta adostutako testu hartako lehen puntua ekarri zuen gogora. Honela dio lehen puntuak: Begirada kritikoa izan behardugu gure etorkizuna eraikitzeko. Hala ere, ez da egia osoa jaso oraingoz,ezinezkoa izan delako. Eskubide gehiagoren urraketak gertatu dira, eta horiekoraindik ere ikertuak izan behar dute. Bide horretan lanean jarraitzeko gure konpromisoa aldarrikatzen dut nik ere.

Liburuaren atzean hilabete askotako lana eta ikerketa dago. Eta Nagore Alkortak aurreko agintalditik "oinordekotzan" jasotakoa balioan jarri nahi izan zuen: " zpeitiko Udala memoriaren arloan egiten ari den ibilbideajarri nahi dut balioan eta liburu hauere irekitako bidean urrats garrantzitsua izango dela uste dut. Gure taldeak eta nik, memoriaren arloan ere izugarrizko lana eta ibilbidea eginda jaso dugu Udala oinordetzan"

Urte guzti horietako ibilbideak, atzean "lan ikaragarria eta konpromiso serioa" dagoela adierazi zuen memoria historikoarekin eta giza eskubide urraketen ikerketarekin. Ibilbide emankor hori Eneko Etxeberria alkate zela hasi zen, eta azken liburua ere aurreko agintaldian abiatu zela esan zuen. Etxeberriak frankismoan gertatutakoa "gure historia" dela azpimarratu zuen, eta "derrigorrez" jakin beharrekoa azpeitiarrek: "Gaur egungo Azpeitia ulertzeko ezinbestekoa da iragan horri begiratzea. Bada ordua nork sufritu zuen eta nork eragin zuen sufrimendua bereizteko". Frankimoaren alde "zuzenean zein zeharka" egin zutela batzuk eta  besteek "malkoak botata" erresistentzia egin zutela azpimarratu zuen. "Eskubideak galdu zituztenak galdu zuten. Besteek Legeak, polizia eta epaileak irabazita giza eskubide urraketak ezkutatzen saiatu ziren. Eta ezin diegu ezkutuan mantentzen utzi. Diktadurari aurre egin zietenei esker ditugu guk gaur egungo eskubide eta baloreak", adierazi zuen alkate ohiak. 

Eskubide urraketen ahotsa

Atzokoan, giza eskubide urratek ere izan zuten herritarren ahotsa. Joxe Mari Iriondo Loiolako Herri Irratiko sortzaileetako bat, Maria Jesus Arregi frankismoak atxilotu eta torturatu zuen Andoni Albizuriren alarguna eta Mertxe Urtuzaga Angel Otaegiren lehengusuak hartu zuten hitza. Joxe Mari Iriondok 1975. urteko azaroaren 18an Benito Lertxundirekin Loiolako Herri Irratian grabaketak egin ondorengo afariko anekdota bat ekarri zuen gogora: "Ohituraz, irratian grabaketa egin eta gure etxera gonbidatzen nituen. Benito Lertxundik, nire emazteak eta hirurok afaldu genuen, eta hizketan ari ginela, Benitok Franko dagoeneko hilda zegoela esaten zuen. Irratia entzunez albistea itxaroten genuen bitartean, Gabonetarako erosita nituen xanpain botilak uste genituen". Goizeko 03:00etan erretiratu omen zen bera, albisterik gabe, hurrengo egunean lanera joan behar zuelako. Anekdotaren ondoren, ordea, serio hitz egin zuen Iriondok frankismoaren zentsuraz eta autozentsuraz. "Frankismoak zentsuratzen gintuen, zentsura zegoen, baina autozentsura ere handia zen. Eguneroko borroka zen". Irratiaren kontrako hainbat denuntzia ere ekarri zituen gogora. Baita, frekunetzia aitzakiatzat hartuta 1965etik 1966ra, urtebetez irratia itxita izan zela ere.

"1975ean, Donostiako Herri Irratiarekin genuen trukeko programa batean, etxeko andreak grebara deitu zituen entzule batek. Bai entzule batek telefono bidez. Orduan jarri zuten, gaurdaino nik dakidala behintzat indarrean jarraitzen duen bukle sistemak. Hau da, sistema horren bidez, dena 8 segundu beranduago iristen da entzuleengana. Nik dakidala, lege hori ez du inork indargabetu", azaldu zuen. 1977ko ekainaren 11n, Batallon Vasco Españolek bonba bat zartarazi zuen Antzuolan Herri Irratiak zuen emisio zentroan: "Frankismoa indarrean zela, bai, oraindik indarrean zela bonba bat jarri zuten. Elkartasun handia jaso genuen, bai beste hainbat irratitatik eta baita entzuleengandik ere. Dena konpondu eta bere onera ekartzeko zazpi bat milioi inguru behar genituela kalkulatu genuen. Zortzi milioitik gora bildu genituen". 

Etsai asko zituzten: "Urola bertan ere etsai handiak genituen. Behin baino gehiagotan entzun behar izan genuen gerra beraiek irabazi zutela". 

Maria Jesus Arregik ere hunkituta ekarri zuen gogora Andoni Albizuriren testigantza. "Hemen zaudeten askok ezagutuko zenuen ziurrenik Andoni. Antxieta elkartearen bidez Euskal Herriko aintzinako aztarnak eta gure nortasunaren bila ibiltzen zen han eta hemen, pasioz".

1964an, Loiolan egindako bilera baten ostean atxilotu zuen Guardia Zibilak, lehen aldiz. 5 egun inkomunikatuta pasatu zituen, eta ondoren kartzelara sartu zuten. Era guztietako tratu txarrak jaso zituen 5 egun horietan, fisikoak eta psikologikoak: "Beti errepikatu ohi zuen oso gogorra izan zela hura, eta ez ziola bere etsairik handienari ere opa horrelakorik".

Ondoren, manifestazio batean parte hartzeagatik jarritako multa bat ez ordaintzeagatik ere izan zen kartzelan. "Berak inkomunikazio garaian gertatutakoa kontatu beharra zegoela uste zuen, jendeak jakin zezan zer gertatzen zen, eta gaurkoan, hemen azaltzera horregatik animatu naiz. Egia, azaleratzeko", esanez bukatu zuen.

1974ko azaroaren 18an atxilotu zuten Angel Otaegi eta urtebete eskasera hilko zen Francisco Franco diktadorea: "Baina frankismoa bukatu baino bi hilabete lehenago hil zuten, tiroz, Burgosko pareta batean. Hilabete batzuk lehenago heriotza zigorrera kondenatu zituzten", hasi zen Mertxe Urtuzaga, Angel Otaegiren lehengusua.

"Ni neska koxkor bat nintzen, baina ondo gogoan dut ostiral batean Azpeitiko sargentoa etxera etorri zela. Gure aitari abisatu zioten Angel 'Kapillan' zegoela, eta laster hilko zutela. Nire aitak esan zion Angelen amari, Mariari. Hurrengo egunetako bizipenak oso gogorrak izan ziren. Burgosera joan ziren Angelen ama eta nire gurasoak Angel ikustekotan. Bere amari utzi zioten, agurtzen. Hurrengo goizaldean hil zuten, zazpi tiro emanez".

Egun gogorrak izan zirela gogoratu zuen Urtuzak, "eta zer esanik ez azken gau hura". Hil zuten egunean, gauez heldu zen gorpua Nuarbera, poliziaren 5 autok eskoltatuta: FFamiliak bakarrik genuen gorpua agurtzeko permisoa, baina Nuarben jende asko zegoen Angel agurtzeko zain. Egun hartatik gaur arte, herritarren elkartasunak ez du izan mugarik". 44 urte hauetan egin bezala egia eta justizia aldarrikatzen jarraituko dutela esamez bukatu zuen. 

 

Liburuaren xehetasunak

Aurreko liburuak bezala, oraingo liburuaren egilea Javi Buces Aranzadi zientzia elkarteko historialaria izan da. Liburua bi urteko lanaren emaitza da. Ikerketa ez da erreza izan, batez ere bi arrazoiagatik: Alde batetik, ikerketarako dokumentazio gutxi dago gordeta 1945.urtetik 1959 urte bitartean. Beste aldetik 60 hamarkadatik aurrera ikertzeko oraindik traba asko aurkitzen dituzte ikerlariek dokumentazio historikoa kontsultatzeko hainbat artxibotan. "Dena den,helburu nagusia bete dugu, liburu honen bidez jakinarazten dugu zer gertatu zen. Egia, justizia eta erreparazioren printzipioak kontuan hartuta, egia, gertaturikoa bildu dugu", adierazi zuen. Ibilbide honetan elkarlanean aritu den Karlos Almorza ere aipatu nahi izan zuen.

Liburua bi atal nagusitan banatzen da. Aurrenekoan, 1945etik 1959ra artean gertatutakoa biltzen da: "Urte horietan, dikatadura bakea ekartzeaz harro zebilen. Hau da bakea errepikatzen zen edozein komunikabidetan", azaldu zuen. Gipuzkoako eta Azpeitiko agintariek jokaera horixe zuela mahaigaineratu zuen: " 'Amaien arteko gerraren' ondoren zer nolako bakea zegoen ikusarazi nahi zuten era guztietara. Bori zen beraien errelatoa. Baina bake hori, hildakoen bakea zen", azpimarratu zuen.

Oposizioa exilioan edo lurpean zegoen, eta euskal herrietan, hilketak, kartzela edo exilioaren ondoren ideario nazional-katolikoa indarkeria bidez jazarri zuten agintari frankistek, bai arlo publikoan eta bai pribatuan. Beraz, Faxismoari aurre egin zioten eta bizirik irten zirenen estigmatizazio sozialean oinarritu zen errepresio frankista garai horretan.

Bigarren atalari dagokionez, 60 hamarkadatik aurrera gauzak aldetzen hasi ziren: "Gerra bizi izan ez zuen belaunaldi berri batek,erresitzentzia antifrankista eta oposizioa berpiztu zituen. Azpeitia frankismoaren aurkako epizentroetako bat bihurtu zen bailaran, baina baita euskal kutura, euskara, eta askatasuna berreskuratzeko gune ere. Azpeitia, azpeitiarrak, lehenengo lerroan egon ziren". Horren aurrean, diktadurak errepresioarekin erantzun zuen: gutxienez, 20 pertsona TOPeko tribunalek prozesatu zituzten, 3 pertsona erbesteratu zituzten, 22 pertsona torturatu, eta persona bat, Angel Otaegi, fusilatu zuten.

Bukatzeko, erreflexio txiki bat egin nahi izan zuen Bucesek: "Ikerlariontzat garai zailak datozela dirudi. Liburuen, prentsako artikuluen, dokumentalen edo filmeen bitartez, batzuek frankismoa zuritu nahi dutela dirudi. Kasu askotan, gainera, euskal gatazkaren aitzakiarekin", adierazi zuen. Aranzadiren izenean, horren aurrean ikertzen jarraitzeko, elkarrizketak egiteko eta memoria berreskuratzen jarraitzeko konpromisoa berretsi zuen.

 

Ekitaldia irudietan

liburua

liburua1

liburua2

liburua3

liburua4

liburua5

liburua12

liburua7

liburua8

liburua9

liburua10