wrapper

Oharrak

Bost proiektuk jaso dute 2019ko Azpeitiko Udalak eta Kultur Mahaiak elkarlanean sortutako Sorkuntza Beka. Proiektuak abian dira, eta sormen prozesuek emandako emaitza batzuk laster izango dira ikusgai. Eneritz Albizu Kultura Batzordeburuarentzat "pozgarria" da beketara urtez urte sortzaile berriak aurkeztea. Aurten, guztira 11 proiektu aurkeztu dira; udaletxeko hiru kidek eta Kultur Mahaiko beste hiru kidek osatutako epaimahaiak 12.000 euroak bost proiektu horiei ematea erabaki dute. 

2015ean sortu zuten  Azpeitiko Udalak eta Kultur Mahaiak Kultur Sorkuntza Bekak. Ordutik, urtez urte kultur sorkuntzan aritzen diren sortzaile berri eta gazteei baliabideak eskaini eta prozesuan laguntzeko diru-laguntzak ematen dizkie. 2019ko deialdian, 11  proiektu aurkeztu ziren, eta epaimahaiak honako proiektuak laguntzea erabaki zuen: Satiro, Panpina, Azpeitiko mintzak, Histeria eta Behi kanibal baten memoriak. 

Albizuren hitzetan, proeiktu "berritzaileak" dira aurkeztu direnak: "Proiektuak aurkezten dituzten asko gazteak dira, eta disziplinen arteko mugak hausten dituzten proiektuak dira aurkezten dituztenak. Hausnarketara bultzatzen duten lanak izan ohi dira eta ohorea da guretzat horrelako proiektuak laguntzea eta bultzatzea". Udalak sorkuntzarekin duen konpromisoa ere berretsi nahi izan du: "Ez da kasualitatea laugarren sorkuntza beken berri Dinamoan ematea. Udalak eta Kultur Mahaiak duela zenbait urte egindako hausnarketa baten ondorio da sormen prozesuak indartzea. Sorkuntzaren bidea bultzatu beharra ikusi genuelako hasi ginen bekak ematen. Eta Dinamoarekin beste pauso garrantzitsu bat eman dugu", zehaztu du. Aurten sorkuntza beka jaso duten proiektuak Dinamoan hari dira beraien sormen prozesua garatzen. Xabier Gantzarain Kultur Mahaiko kideak "proiektu sendoagoak" aurkezten dirala adierazi du: "Ederra izango da bekak jaso dituzten horien prozesuak hemen gauzatzen ikustea. Proiektuak ezagutu gennituenetik ikusi genuen Dinamoan gauzatzeko modukoak zirela". Ainara Larrañaga kultura zinegotziak beka jaso ez dutenak animatu nahi izan ditu: "Bost proiektu lagundu ditugu, eta sei lagundu gabe gelditu dira eta lanean jarraitzera eta sortzen segitzera animatu nahi ditugu. Guk datozen urteotan ere beka aterako dugu eta sormen prozesuak laguntzen eta bultzatzen jarraituko dugu". 

 

Bekadun bost proiektuak

Satiro

Xanti Agirrezabalak aurkeztutako proiektuak bi fase ditu eta bigarrena gauzatzeko jaso du beka: "Baleteko puntak elementu eszeniko bezala erabiliz fauno edo satiro baten fisikalitatea sortzetik hasi zen. Ondoren, Satiroak duen esanahia gaur egunera ekarri eta sairo bat eraiki dut gizarte hipersexualizatu honetan eta gure desira eta fantasien inguruan eta gizontasunaren inguruan erreflexioa bultzatzeko pieza eszeniko bat sortu dut", azaldu du. Horretarako, 3.000€ko laguntza jaso du eta Euskal Antzerki Topaketen baitan taularatuko du lehen aldiz. 

Panpina

Panpina antzezlana "oso lan pertsonala" dela azpimarratu du Erika Olaizolak: "Oso lan pertsonala izanagatik, sormen prozesua Oier Guillan eta Leire Arenasekin batera egiten ari naiz. Ondoren, oholtzan bakarrik egongo naiz ordea". "Norbere alde ilunak" azaleratzea du helburu proiektuak. 3.200 euroko beka jaso du Olaizolak eta emaitza urriaren 31ean estreinatuko du Azpeitian.

Histeria

Idoia Hernandez eta Maria Elorzaren ikusentzunezko proiektu bat da. Irudia eta musika nahastuko dira Histerian. " Panpin hautsien dantza kantu bildumatik sortutako sormen prozesu bat da Histeria", azaldu du Hernandezek. Musika aldetik, "kontrastez beterikoa" izango da eta ikusentzunezko zatia Super8 pelikula analogikoarekin grabatukoa izango da. Proeiktuak 1.700€tako laguntza jaso du. 

Azpeitiko mintzak

Azpeitian elkarrekin bizi diren hizkuntza grabazio funtsa osatuko dute Maite Azpiazu eta Ainitze Urbietak, Kulturaz kooperatibarekin elkarlanean: "Beraien hizkuntzetatik esukarara gerturatzea da abiapuntua. Elkarrizketak norbere hizkuntzan eta euskaraz grabatzen saiatuko gara, eta grabaketak Dinamoan egingo ditugu. Prozesua hasi egingo dugu eta grabaketak egingo ditugu bekarekin, gero jarraipenak emango duena ikusteko dago", adierazi du Azpiazuk. 1.600 euroko beka jaso dute. 

Behi kanibal baten memoriak

Maite Aizpuruaren proiektu eszenikoa dagoeneko ari da garatzen Dinamoan: "Gure gizarte produktibista honek oso errepresentatiboa da running-a, eta nik gelditu eta hausnartzea zer den azaleratu nahi dut. Horretarako eszenan korrika egiteko makina batekin egiten dut lan, eta arakatzen dut bizirauteko gorputz lodi eta disfuntzional batek nola erabili dezakeen sormena, erresistentziak sortzeko". 2.500euroko beka jaso du Aizpuruk eta emaitza Antzerki Topaketen baitan plazaratuko du. 

 

 Ikusi sormen prozesuen aurkezpena, bideoan

Jakinarazten dizugu webguneak berezko zein beste batzuen cookieak dituela, eta horien bidez zerbitzu hobea eskaini nahi dizugu, eta nabigazio-esperientzia hobetu nahi dugu. Webgunetik nabigatzen jarraitzen baduzu, horrek esan nahi du onartzen duzula aipatutako helburuekin cookieak erabiltzea Informazio gehiagorako Cookien politika.

Webgune honetako Cookien politika onartzen dut

EU Cookie Directive Plugin Information