wrapper

Oharrak

12:00etan, udaletxeko pleno aretoa beteta zela hasi da kargu hartze plenoa. Zinegotzi karguei zin egin ostean, alkatea aukeratzeko botazioa egin da eta Nagore Alkorta Elorza izango da datozen lau urteetako alkate, 10 boto jaso ostean. Alkortak hunkituta gogoratu du lehen aldiz emakume bat izango dela alkate: "Azpeitiko herriak ehundaka urte ditu, erraz esaten da, eta gaurkoan iritsi gara lehen aldiz aulki honetara. Urteetan emakume askok eta askok emandako pausoen emaitza da gaurkoa. Horregatik, sentitzen dut Azpeitiko emakume bakoitzaren zatitxo bat nirekin dagoela hemen. Uste dut, gaurkoan guztiok eman dugula urrats txiki bat aurrera". 

 Gaur 12:00etan, pleno aretoa herritarrez beteta zela eratu da 2019-2013 agintaldirako udal korporazio berria. Maiatzaren 26ko hauteskundeetatik hiru astera hartu dute kargu publikoa zinegotzi berriak. Hala, gaurtik aurrera, EHBilduko alkatea eta 9 zinegotzik eta EAJ-ko 7 zinegotzik osatuko dute udalbatza: Nagore Alkorta, Josu Labaka, Eneritz Albizu, Aitor Bereziartua, Leire Goenaga, Agustin Lizarralde, Ainara Larrañaga, Mikel Odriozola, Idoia Arrizabalaga eta Egoitz Arruti izango dira EH Bilduko hautetsiak; EAJkoak, berriz, Amaia Etxeberria, Rebeka Larrañaga, Ander Ugarte, Izaskun Abaunz, Aritz Azpiazu, Jon Beristain eta Alberto Frantzesena izango dira.

Zinegotzi karguari zin egin ostean, alkate izendatzeko botazioa egin dute eta Nagore Alkortak haman boto jaso ditu eta Amaia Etxeberriak zazpi; beraz, Alkorta izango da datozen lau urteetan Azpeitiko Alkatea. Eneko Etxeberria azken bi agintalditako alkateak eman dio aginte makila Alkortari. Alkate aulkian eserita, eskerrak ematen hasi du hitzartzea: " Zorionak eman nahi dizkizuet zinegotzi aukeratu izan zareten guztioi eta eskerrak eman, hartu duzuen arduragatik, alkatetzarako eman didazuen babesagatik eta nigan jarri duzuen konfiantzagatik", adierazi du. Honaino ibilbidean ondoan izan dituek koaliziokide, zinegotzi ohi, Azpeitiaren alde lanean ari diren herritarrak ere gogoan izan ditu eskertza garaian.

Gogora ekarri ditu, baita ere, arrazoi ezberdinak direla medio, momentu zailak bizitzen ari zareten herritarrak: "Zailtasun ekonomikoak dituzutenak, ezintasun ezberdinak pairatzen dituzutenak, gurera etorri baina lekua bilatzen ez duzuenak, biolentzia ezberdinengatik zuen senide eta lagunak galdu dituzuenak, espetxean zaudeten azpeitiarrak... Zuen arazoak gureak ere badirelako. Egoera zailenetan aurkitzen zareten herritarren bizimodua hobetzeko lan egingo dugu", azpimarratu du.

 

Lehen alkate emakumea

Gaurkoa "egun magikoa" dela beretzat aitortu du: "Gaur ni alkate izendatu izana Azpeitiko herria bizitzen ari den eraldaketaren erakusgarri dela uste dut.
Azpeitian lehen aldia da emakume batek alkate kargua hartu duela. Eta une honetan ezinbestekua egiten zait nire bizitzako emakumeak gogoratzea"
Fidela eta Maria amamak eta ama aipatu ditu: "Gizonezkoentzat egindako mundu batean hazi eta heziak izan baziren ere, emakumeok munduan gure lekua izan behar dugula sinestarazi zidaten. Eta zergatik ez, ametsak inoiz ez ditugula alde batera utzi behar erakutsi zidaten. Hemendik eskerrak eman nahi dizkiet gugan eta nigan sinisteagatik".

Azpeitiko herriak ehundaka urte izanagatik, gaur arte aulki horretan emakumerik ez dela izan azpimarratu du: "Urteetan emakume askok eta askok emandako pausoen emaitza da gaurkoa. Horregatik, sentitzen dut Azpeitiko emakume bakoitzaren zatitxo bat nirekin dagoela hemen. Uste dut, gaurkoan guztiok eman dugula urrats txiki bat aurrera".

 

Udala eta herria, kate bat

Jasotakoa hobeto uzten saiatuko direla hitz eman du eta horretarako "esfortzurik handiena eta konpromiso zintzoena" eskaintzeni ditu.

Eskuak zabalduta, eta elkarlanean aritzeko prest daudela ere adierazi du: "Denon alkate izaten saiatuko nahiz eta jakin ez dela lan makala izango. Eta, honekin, Amaia, zuri eta zure taldeari ere bereziki eskua luzatu nahi dizuet", adierazi dio EAJri-

Herriaren ordezkariak izateko hautatu dituztela ekarri du gogora "baina argi daukagu herritarrak ez daudela ordezkatuak izateko eta herriko kontuez paso egiteko borondatearekin". Horregatik, Udaleko hormak gardenak izango direla eta ateak irekita izango dituztela esan du.

Bide horretan, "ezinbestekoa izango" zaiela herritarren partehartzea "ekarpenak egin, proposamenak eztabaidatu eta adosteko" adierazi du. "Denon beharra dugu hasitako lanarekin jarraitzeko, eraldaketan sakontzeko, herri justu eta irekiago bat egiteko, inor baztertuko ez duena"." Eman diezaiogun, beraz, hitza herriari. Behin eta berriro. Izan ditzagun pertsonak abiapuntu eta helburu. Sortu ditzagun tresna berriak, sortu ditzagun aukera berriak, herritarrei dagokien protagonismoa aitortu eta bere buruaren jabe izango den herri bat eraikitzeko. Izan ere, demokrazian sakontzea da ditugun arazoei konponbidea emateko biderik egokiena Azpeitian, Euskal Herrian eta mundua". 

 

Jakinarazten dizugu webguneak berezko zein beste batzuen cookieak dituela, eta horien bidez zerbitzu hobea eskaini nahi dizugu, eta nabigazio-esperientzia hobetu nahi dugu. Webgunetik nabigatzen jarraitzen baduzu, horrek esan nahi du onartzen duzula aipatutako helburuekin cookieak erabiltzea Informazio gehiagorako Cookien politika.

Webgune honetako Cookien politika onartzen dut

EU Cookie Directive Plugin Information