wrapper

Oharrak

Karnabal ikusgarriak izan dira aurtengoak. Eguraldi ezin hobea izan da asteburu luze osoan, eta ostiraletik hasi eta atzo bitartean, izan da zer ikusia kaleetan. Pozik da Mikel Ibarzabal Festa Batzordeburua karnabalek eman dutenekin: "Ostiraletik hasi eta atzo bitartean jende mordoa ibili da kalean, eta jende izugarri ibili da elegante jantzita eta mozorrotuta. Benetan ikusgarria izan da. Gainera, festetako ohiko normaltasuna izan da egun hauetan", adierazi du. 

Kaldereroak, Musika Bandaren Kontzertua, Euskal Inauterietako kalejira, larunbaterako antolatutako ekintzak, Elegante Eguna, mozorroen egun osoa....denean izan da herritarren parte hartze izugarria. Ekintza guztietan izan da jendetza, baina horrek ez du eraginik izan eta normaltasunez joan dira festak. "Urtez urte gero eta jende gehiago, zahar zein gazte, janzten da elegante igandean, eta mozorrotu astelehenean. Izugarria da egun osoan herriak bi egun horietan izaten duen itxura. Horregatik, festaren parte garrantzitsuena izateagatik, eskertu nahi ditugu herritarrak", gaineratu du. 

Aurten, astelehen eta astearte arratsaldean haurrentzako ekintza gehiago eta astelehen gaueko kaleko giroa sustatzeko ekintza berriak antolatu dira, eta ekintza guztiek harrera ona izan dute herritarren aldetik: "Larunbatean haur parkea izan zen plazan, astelehenean, desfilea bukatzean Kantu kolorerekin dantzaldia, eta arratsaldean Dj festa eta txokolatada. Asteratean, berriz, txiki chef tailerra. Ekintza guztietan ibili dira haur asko eta gustura gaude izan duten emaitzarekin", azaldu du. Horretaz gain, Astelehen karnabal egunaren bilakaera azpimarratu nahi izan du: "Egun osoko festa bilakatu da familientzat. Goizetik mozorrotuta gero eta jende gehiagok irteten du. Umeen aitzakian, familia giroko eguna bilakatzen ari da azken urteotan egun hori". 

Eraso matxisten aurka, lanean

Festa giroan gertatzen diren eraso sexisten jakitun, arazo larri horren inguruko sentsibilizazio, informazio eta lehen harrerarako karpa jarri da Plaza txikian, bi egunez. Jende asko joan da karpara, galdezka, informazio eske zein esperientziak kontatzera. Udalak ez du eraso aipagarririk gertatu denik jakin.

Festak irudietan

Azpeitiko Udalak Elegante Eguna eta Astelehen Karnabalaren (goiza eta iluntzea) argazki bildumak egin ditu. 

 

Jakinarazten dizugu webguneak berezko zein beste batzuen cookieak dituela, eta horien bidez zerbitzu hobea eskaini nahi dizugu, eta nabigazio-esperientzia hobetu nahi dugu. Webgunetik nabigatzen jarraitzen baduzu, horrek esan nahi du onartzen duzula aipatutako helburuekin cookieak erabiltzea Informazio gehiagorako Cookien politika.

Webgune honetako Cookien politika onartzen dut

EU Cookie Directive Plugin Information