wrapper

Oharrak

Etxebizitza komunitarioak, kooperatiboak... hamaika eredutako etxebizitzak eraikitzeko aukera aztertu, parte hartzaileen artean adostu eta egitea da helburua. 'Azpeitia, elkarrekin bizi' prozesuan parte hartuko duten herritarrek adostutako hori ahalik eta eperik motzenean abian jartzeko konpromisoa du Udalak. Lehen bilera irekia martxoaren 26an, 19:00etan Sanagustin kulturgunean izango da. Bertan, egitasmoaren nondik norakoak azaltzeaz gain, Euskal Herriko zein munduko hainbat eredu ezagutzeko aukera izango da. 

 

Duela zenbait aste, babestutako etxebizitza orokorren eskaintza berria aurkeztearekin bat, Azpeitiko Udalak molde berriko etxebizitzak eraikitzeko asmoa agertu zuen. Horretarako, 'Azpeitia, elkarrekin bizi' prozesua jarriko du abian. “Gure gizartea aldatzen doa, eta bizi eredu desberdinak dauden bezala, etxebizitza beharraren baitan, molde edo eredu desberdinetako etxebizitzak eraikitzeko aukera aztertu nahi dugu”, adierazi du Josu Labaka zinegotziak. Izaera eta osaera desberdineko familia unitateak daude gure gizartean; behar eta nahi desberdinekoak, eta horiei erantzuna ematea da helburua.

“Euskal Herrian zein munduan ohiko etxebizitza eredutik haratagoko eredu interesgarri ugari daude, aukerak asko dira, eta azpeitiarren beharrak eta nahiak ezagutzeko prozesu bat jarriko dugu abian”, zehaztu du Leire Goenaga zinegotziak. Hala, Udala prozesuan parte hartzen dutenek adostutako etxebizitza ereduari forma eman eta abian jartzeko konpromisoa hartu du Udalak. Etxebizitza ereduak aztertu, herritarren nahiak zerrendatu eta hausnartu ostean, parte hartzaileen artean proposamen adostu bat egin eta Udalari aurkeztea da helburua. “Udalaren konpromisoa da, adostutako hori ahalik eta eperik motzenean abian jartzea”, gaineratu du Goenagak.

 

Prozesu ireki eta zabala

Prozesu irekia eta zabala egin nahi da, herritar orok har dezake parte. Hala ere, Ainara Larrañaga zinegotziak gazteak izan ditu gogoan: “Gazteak gara etxebizitza behar handiena dugunak. Behar horri erantzuteko etxebizitza mota desberdinak daude, eta prozesu honetan, eredu horiek ezagutzeaz gain, behar horri ondoen erantzungo dion eredua eraikiko da”.

Prozesua, Hiritik at tokiko garapena sustatzeko espazio, prozesu eta estrategiak sortzen dituen kooperatibak gidatuko du. Molde berriko etxebizitzen inguruko prozesua eta garapenenak aurrera eman dituzte hainbat herritan.

Etxebizitza ereduen aukerak hamaika dira, eta prozesua modu parte hartzaile eta ireki batean egingo da. “Errenterian zein Usurbilen egin berri ditugu mota honetako prozesuak eta, besteak beste, esperientzia horretatik abiatuta planteatuko dugu Azpeitiko prozesua. Guk metodologia zirriborro bat planteatuko dugu. Baina guztia irekia da. Hasteko, prozesuaren berri eman eta metodologia zein prozesura herriko gazte eragileekin kontrastatuko dugu”, adierazi dute Maialen Arregi eta Karlos Renedo , Hiritik at-eko kideek. Datorren astetik aurrera hasiko dira eragileekin bilera horiek adosten.

Lehen aurkezpena eragileei egingo bazaie ere, norbanako gisa hartuko da parte prozesuan. Hala, martxoaren 26an, 19:00etatik aurrera Sanagustinen, herritar orori irekitako bilera egingo da. Bertan, prozesuaren aurkezpena egiteaz gain, Euskal Herriko zein munduko etxebizitza eredu desberdinak ezagutzeko aukera izango da.

“Etxebizitza kooperatiboak, komunitarioak… asmo adina aukera dugu etxebizitza eredu berri bat abian jartzeko. Horretarako gogoa duen herritar guztiak gonbidatzen ditu parte hartzera”, bukatu du Labakak.

Jakinarazten dizugu webguneak berezko zein beste batzuen cookieak dituela, eta horien bidez zerbitzu hobea eskaini nahi dizugu, eta nabigazio-esperientzia hobetu nahi dugu. Webgunetik nabigatzen jarraitzen baduzu, horrek esan nahi du onartzen duzula aipatutako helburuekin cookieak erabiltzea Informazio gehiagorako Cookien politika.

Webgune honetako Cookien politika onartzen dut

EU Cookie Directive Plugin Information