wrapper

Oharrak

Hilabeteetako eraberritze lanen ostean, ostiralean irekiko da, 19:00etan , Basazabal Jauregia. Inaugurazio ekitaldi irekia izango da, eta herritar ororentzat irekia. Ostiralean, inaugurazioa eta luntxa izango dira bertan. Ondoren, asteburuan, ate irekiak izango dira, herritarrek eraikina ezagutzeko aukera izan dezaten. 

Babestutako ondare historiko bezala katalogatua dago XV. mendeko eraikin zibila, eta eraberritze prozesua bukatuta, turismo eta formazio zerbitzuen eskaintza egingo da bertan. "Eraikina berreskuratu dugu. 40 urte luzetan itxita egon den eraikina ostiralean irekiko da, herritarrek ezagutu eta erabil dezaten", adierazi du Eneko Etxeberria alkateak. Bertan, bi arlotako zerbitzuak eskainiko dira: "Eraikinaren dimentsioa, kokapena eta eskaintzen zituen aukerak aztertuta, erabaki genuen formazioa eta turismoa eskaintzea. Guretzat eraikina herritarrentzat berreskuratzea bezain garrantzitsua izan da eraikinari izaera emango dion proiektua osatzea", gaineratu du. 

4 solairu ditu eraikinak: beheko solairua eta solairuartean turismoari bideratutako eskaintza izango da. "Herritar zein bisitarientzako interesgarri diren gaiak izango ditugu atal horretan. Gainera, edukia aldatzen joatea da gure helburua", adierazi du Agustin Lizarralde Turismo eta merkataritza zinegotziak. Ondorengo solairuetan, tamaina ezberdineko gelak daude, formaziorako. "Aliantza estrategiko indartsuak ditugu Deusto, IMH edo UEU bezalako unibertsitate eta eragileekin, eta horien eskaintza indartzeko garrantzitsua izango da Basazabal", zehaztu du Etxeberiak. 

Ate irekiak, asteburuan

Eraikina inauguratuta, asteburuan, ate irekiak egingo dira eraikinean, edonork ikusi ahal izan dezan. Larunbatean, 09:00tatik 14:00etara eta 18:00etatik 20:00etara izango da eraikina bisitatzeko aukera, eta igandean, 11:00etatik 14:00etara.

Jakinarazten dizugu webguneak berezko zein beste batzuen cookieak dituela, eta horien bidez zerbitzu hobea eskaini nahi dizugu, eta nabigazio-esperientzia hobetu nahi dugu. Webgunetik nabigatzen jarraitzen baduzu, horrek esan nahi du onartzen duzula aipatutako helburuekin cookieak erabiltzea Informazio gehiagorako Cookien politika.

Webgune honetako Cookien politika onartzen dut

EU Cookie Directive Plugin Information