wrapper

Oharrak

Egoera ekonomiko onean dago Azpeitiko Udala, eta horren isla dira atzo, aho batez, onartutako 2019ko aurrekontuak. 2019an, 19,8 milioi euroko aurrekontua izango du Udalak (24,8 milioikoa aurrekontu kontsolidatua; Euskara Patronatua, Kirol Patronatua, Azpeitia Berritzen eta udaletxekoa barnebiltzen dituena). Eneko Etxeberria alkateak zehaztu duenez, “hauteskunde urtea izango da hurrengoa, eta, horregatik, proiektuak proposatzen badira ere, aurrekontu malguak dira, hurrengo Udalak moldatzeko aukera izan dezan”.

Malguak izanagatik, ordea, Azpeitiaren etorkizuna marrazten dute: “Herri bat ezin da gelditu hauteskundeak daudelako, eta guk orain arteko irizpideen baitan antolatu ditugu aurrekontuak”. Azken gintaldian, “salto handia” eman dela aipatu du Etxeberriak, eta datuak konparatu ditu: 2015ean, 18,3 milioi euroko sarrerak zituen Udalak, 2018an, 20,8 milioikoak eta 2019rako 24,8 milioko aurrekontua osatu dute: “2015ean baino 6,5 milioi euro gehiago jasoko ditugu 2019an; hori salto handia da gu bezalako Udal batentzat”.

Arlo guztiak indartu dira, baina Udal Gobernuaren ardatz diren atalak izango dute igoera nabarmena: “Aurrekontu hauetan, isla nabarmena du etxebizitzen arloak. Babestutako etxebizitzak eraikiko dira 2019an, alokairukoak, babes ofizialeko eta tasatuak; eta, horretaz gain, etxebizitza beharrari aurre egiteko ditugun alokairurako laguntzak, Bizigune programa… guztiei helduko diegu”. Etxebizitza beharrari erantzuteko politika eta neurri berritzaileak onartu ditu Udalak azken urteotan, eta urte garrantzitsua izango da 2019. urtea arlo horretan.

Datu ekonomikoak asko hobetu dira azken urteotan, langabezia tasa ere %7-8 inguruan dago Azpeitian, baina herrian babes soziala beharrezkotzat du Udalak. Babes soziala areagotzeko Gizarte Zerbitzuetara bideratutako baliabideak %20 igoko dira, ia 2.000.000€ko aurrekontura iritsita. Gizarte babesa sendotzea du helburu, orain arteko laguntzak indartu eta zerbitzu berriak jarrita. “Aurten 65 urtetik gorako herritarrentzako linea berri bat jarri genuen, pentsio baxua zuten herritarrei zuzendu eta etxeko sarrerak 1.080€ arte konplementatzeko ahalegina egin dugu, eta beharra dagoela ikusita, 200.000 euro jarriz indartu dugu linea hori”. Arazoak dituzten familia eta norbanakoei laguntzeko eskuartze zerbitzua ere zabaldu eta indartu egin da, eta 100.000 euro bideratuko dira 2019an, aurten arte baino %30 gehiago jarriko da.

Neurririk hartu ezean menpekotasun egoeran aurki daitezkeen pertsonei zuzenduriko zerbitzu berri eta berritzaile bat ere jarriko da 2019an. Zerbitzu honek ariketa fisiko eta mentalak eginez, fragilitate egoeran dauden pertsonei eguneko unitatea eskainiko die.

Aurrekontu inbertsoreak

Herritarren beharrei erantzun eta Azpeitia hobetzen segitzeko aurrekontuak izango dira 2019koak. Bide horretan, bukatzear diren proiektuei errematea emango zaie; hala nola, Basazabaleko azken ukituak egingo dira eta hamarkadetan itxita izan den eraikin bat herritarrei zabaldu eta turismo bulegoa jartzeaz gain, hezkuntza zentro bilakatuko da. Soreasuko sormen gunea ere udaberri alderako bukatuta izatea aurreikusten da; igerilekuko energia kontsumoa murrizteko lanak azken txanpan dira; Urrestillako bidegorriko obrak urtearen hasieran adjudikatuko dira… abian jarritako proiektuak bukatzeko urtea izango da, baina baita auzoetako proiektu berriak egitekoak ere.

Onartuta aurrekontuetan Enparan Dorretxeko ataria, eta Alde Zaharrerako sarrera berritzea aurreikusten da; Garate Anaia auzoa egokitzea; Errebala berritzeko prozesua abiatzea; Balentina Agirreko jolas parkea berritu Iraurgi Ikastetxean haurrentzako jolas parkea egitea; Etxe Alai, Salbe eta Garmendi auzoetan urbanizazio lanak eta ohiko baserri bideen konponketak aurreikusi dira.

Merkataritza txikia eta nekazal lurrak

2019ko aurrekontuetan, bi linea berri ere aurreikusi dira. Alde batetik, herriko merkataritza bultzatzeko linea berri bat jarri du Udalak 100.000 eurokoa: “Garai gogorrak dira merkatari txikientzat, guk ez dugu merkatari txikirik gabeko Azpeitirik irudikatzen, eta laguntzeko linea berri bat sortu dugu”, azpimarratu du Etxeberriak.

Bestetik, berriz, landa eremuko lurrak erosteko linea bat jarri du Udalak: “Pinuen gaitza dela eta mendi edo nekazal lurrak gainbehera datoz, 30.000€ko linea jarri dugu mendi lurrak publiko egiten hasteko pixkanaka”. Udalaren ideia hori da, eta irizpideak zehazten ari dira orain.

Egoera ekonomiko ona

Azpeitiko Udala egoera ekonomiko onean dago, eta hori islatzen dute datuek: “Azken urteotan sarrerak goraka doaz eta zorpetzea berriz beheraka”, azaldu du Etxeberriak. 2019an, 2015ean baino 6,5 milioi gehiago izango ditu sarreretan, eta zorpetzea %1,6koa da. Udal aurrekontua ere iaz baino milioi erdi gehiagokoa da; kontsolidatua, berriz, lau milio eta erdi gehiagokoa.

Udal datuez gain, ordea, langabezia datuak ere onak dira Azpeitian; %7-8 inguruan dabil azken hilabeteotan: “Langabezia tasa baxua dugu, azken aldian Mendiaraz bezalako 20 langileko enpresak etorri dira gurera, baina lanaren kalitateak kezkatzen gaitu, eta garai mugituak direnez, prest egon behar dugu haizea kontra jartzean, erantzuteko”, gaineratu du. Udala edozein aldaketetarako prest dagoela ere azpimarratu nahi izan du.

Datorren urtean, ziurrenik, Udalak hainbat epaiketari ere aurre egin beharko dio: “Epaiketa horiei aurre egiteko dena prest dugu, eta zerbait okertzen bada, horrek ez du Udalaren ekonomian eraginik izango, badezpadako neurriak hartuta ditugulako”.

'Denon Artean' prozesua
2019ko aurrekontuak ere parte hartze bidez egin dira. Azken urteotan bezala, 'Denon artean' prozesua jarri da abian, eta herritarrek zein eragileek beren ekarpena egiteko aukera izan dute, zuzenean zein mahaien bidez. Horretaz gain, udaleko arduradun tekniko eta politikoek arlo bakoitzeko batzordean beren ekarpenak egin dituzte, eta plan estrategikoaren ardatzak ere bere baitan ditu aurrekontuak.

2019ko aurrekontuak, zenbakitan

Azpeitiko Udalaren 2019ko aurrekontu orokorra: 24.883.592,23€

Udalaren aurrekontu propioa: 19.808.525,23

Euskara Patronatua: 621.901,20€
Udal Kirol Patronatua: 1.406.023,93€
Azpeitia Berritzen, SA: 4.002.467€

Aurrekontua, sailez sail:

Ogasuna eta kontuak 478.960,43€
Hirigintza eta ingurumena 2.438.187,13€
Hezkuntza eta euskara 532.400€
Kultura eta gazteria 898.400€
Kirola 901.923,93€
Gizarte zerbitzuak 1.926.000€
Langileria eta antolakuntza 5.769.312,12€
Festak 531.000€
Zerbitzu orokorrak 3.743.835.96€
Alkatetza 436.000€
Ekonomoa, enplegua eta formazioa 1.081.754,46€
Parekidetasuna 172.000€
Baserriak 351.000€
Guztira 19.805.525,23€

Jakinarazten dizugu webguneak berezko zein beste batzuen cookieak dituela, eta horien bidez zerbitzu hobea eskaini nahi dizugu, eta nabigazio-esperientzia hobetu nahi dugu. Webgunetik nabigatzen jarraitzen baduzu, horrek esan nahi du onartzen duzula aipatutako helburuekin cookieak erabiltzea Informazio gehiagorako Cookien politika.

Webgune honetako Cookien politika onartzen dut

EU Cookie Directive Plugin Information