Errenta aitorpena euskaraz egiteko kanpainarekin, herritarrek administrazioarekin dituzten harremanak euskarazkoak izan daitezen bultzatu nahi da. Izan ere, errenta aitorpena euskaraz eginda, administrazioaren euskalduntzea ere bultzatzen da.
Aurten ere, errentaren gaineko aitorpena egiterakoan, zergadunek hainbat bide dituzte euskaraz egiteko, eta modu errazean gainera: lehen urratsetik zein hizkuntzatan egin nahi duten aukera dezakete, eta euskaraz egiteko ez dago aparteko zailtasunik.
Administrazioa euskalduntzeko duen eraginagatik, euskararen normalizaziorako bidean udalerri euskaldunak egiten ari diren beste urrats bat da errenta aitorpena ahalik eta herritar gehienek euskaraz egitea. Urratsa sendoa izan dadin, ordea, herritarren babesa eta parte-hartzea beharrezkoa da, eta hautu horretan eragin nahi du aurtengo kanpainak, euskarak dagokion lekua izan dezan administrazio publikoan ere.