HIRUMA proiektua aurkeztu dute, gaur, Fitur nazioarteko turismo azokan
2025/01/23
Azpeitiko Udalak, Iraurgi Berritzenen bidez, turismo arloko eskualdez gaindiko Hiruma proiektuan parte hartzen du, eta proiektu horren berri emateko aukera izan dute, gaur, Madrilen, Fitur nazioarteko turismo azokan. Han izan dira Leire Goenaga eta Mikel Odriozola zinegotziak, eta proiektuan parte hartzen duten beste eskualdeetako eta udaletako ordezkariekin nahiz erakunde publikoetako arduradunekin egoteko aukera izan dute.
Iraurgi Berritzenen eskutik, Urola Erdiko eskaintza turistikoak Euskadi Basque Country standean izan du bere txokoa Fiturren. Urola Erdiak Urola Garaiarekin eta Debagoienarekin lankidetzan garatzen duen proiektu turistikoaren izendapen berria da HIRUMA, eta haren helburua da hiru eskualdeetako turismoa kanpo merkatuetan modu bateratuan proiektatzea, hiru zutabetan oinarrituta: natura, ondarea eta produktu lokala-gastronomia, euskara, euskal identitatea eta jasangarritasuna ardatz transbertsal moduan dituelarik.
Berrikuntza moduan, Urola Grand Tour proposamen turistikoa ere eraman da azokara. Euskadi Basque Country Grand Tour produktuari lotuta proposamen turistikoa da, eta haren funtsa da eskualdeko txoko desberdinak errepidez egiten den bidaia baten bidez ezagutzera ematea, geldiuneak eginez. Euskadi Basque Country Grand Tour produktu zabalak duen filosofiari jarraituz eta produktu horretako bigarren etapari (Lekeitio-Zarautz) zuzenean lotura eginez sortu da proposamena.