Itzulpen automatikoa / Machine translation

Festak eta jaialdiak

Azpeitia herri festazalea dela ez dago ukatzerik. Egutegiko jai nagusiak sansebastianak, inauteriak, saninazioak eta santotomasak dira, baina ez dira bakarrak. Auzoetako festek ere indar handia dute, eta Urrestillan, Sanjuandegin, Loiolan, Aratz Errekan, Nuarben, Matxinbentan, Lasaon, Elosiagan eta abarretan ere antolatzen dituzte jai propioak. Horrez gain, festa giroko bestelako hainbat ekitaldi ere izaten dira urte osoan.

Sansebastianak (urtarrilak 19-20)

Festari urtarrilaren 19an ematen zaio hasera, helduen danborradarekin. Hainbat taldetan banatuta, kalez kale ibiltzen dira danbor jotzaileak, danborra joz. Gauerdian, plazan elkartzen dira guztiak, eta hunkigarria izaten da elkarrekin San Sebastian martxa jotzen duten unea. Hurrengo egunean, San Sebastian egunez, umeen danborrada izan ohi da ekitaldi nagusia. Azpeitiko festarik parte-hartzaileenak dira sansebastianak.

Inauteriak

Kaldereroek egin ohi duten iragarpenarekin hasten dira karnabalak. Hainbat egunetan izaten dira jai giroko ekitaldiak, baina Jai Karnabala, Astelehen Karnabala eta Astearte Karnabala dira egun nagusiak. Jai Karnabalari Elegante Eguna ere esaten zaio, eta  herritar asko eta asko jantzi ohi da garai bateko soineko eta janzki apainekin, kalean gora, kalean behera paseatzeko, antzinako erara. Astelehenean, berriz, mozorroek hartu ohi dute herria.

Saninaziyuek (uztailak 30 - abuztuak 2)

Uztailaren 30ean, eguerdiko 12:00etan, txupinazoa lehertzen da zeruan, eta orduantxe hasten dira herriko jai nagusiak. Egitarau zabala izaten dute: kontzertuak, lehiaketa herrikoiak, su artifizialak, zezenketak... Kanpotik ere jende asko erakartzen dute. Saninazioen atarian, santio jaiak ospatzen dituzte azpeitiarrek, uztailaren 25ean. Euskal kulturarekin lotura duten ekitaldiak izaten dira nagusi egun horretan, eta sagardoak protagonismo berezia izaten du.

Santotomasak (abenduak 21)

Gabon jaien atarian egin ohi den festa-egun erakargarria da, neurri handi batean baserri munduari lotua. Barazki, fruta eta lore lehiaketak egin ohi dira, eta herriko plaza txosnek betetzen dute. Txistorra, talo eta gainerako mokadutxo goxoak dastatzeko aukera izaten da, ttuntturroak, trikitiaren soinuak eta bertsolariak lagun direla.