Itzulpen automatikoa / Machine translation

Auzo eta txokoak

Azpeitiko hirigunetik aparte, auzo eta txoko ugari daude herrian. Bakoitzak ditu bere ezaugarri propioak.

Aratz erreka

Txiki bezain xarmanta, Urrestillatik aurrera joanda dagoen auzo lasaia da Aratz Erreka. Eliza, parkea eta frontoia daude erdigunean, eta baserri ugari inguruan.

 

Matxinbenta

Auzo honen ezaugarrietako bat da erdia Azpeitikoa dela, eta beste erdia Beasaingoa. Eliza, parkea eta frontoia daude erdigunean. Otarregintza eta erremontearekin lotzen dute askok.

 

Nuarbe

Sokatira taldeak egin zuen ezagun Nuarbe Euskal Herrian eta Euskal Herritik kanpo. Auzo horretan dago urtegia, eta urtegiaren bueltan atondutako 8,5 kilometroko ibilbideak jende asko erakartzen du oinez ibiltzera edo kirola egitera.

 

Oñatz

Natura zaleentzat txoko paregabea da Oñatz. Bertarako bidean ibiltari ugari ibiltzen dira baserrien eta belardien artean ibilaldi lasai eta patxadatsuak egiten.

 

Urrestila

Azpeitiko plazatik lau bat kilometrora,  kanpoko auzoen artean jendetsuena da. Zerbitzu ugari daude Urrestillan: anbulatorioa, haur eskola, Txikuri frontoia, parkea, tabernak, denda... Erdigunetik kanpo, baserri eta etxe ugari ere badaude.

 

Elosiaga

Azpeititik Tolosarako bidean, Urraki magalean aurkitzen da Elosiaga auzoa. Gainerako auzo gehienei bezala, Elosiagari ere ez zaio falta elizarik eta frontoirik. Natura zaleentzat toki egokia da, baserritik baserrirako bideetan dauden belardietan ibilbide politak daudelako.

 

Lasao

Azpeititik Zestoara bidean, izaera propioko txokoa da Lasao. Erdigune txiki bezain lasaia du berdegunez inguratutakoa toki honek, eta baserri ugari ditu ingurunean ere. Lasaitasun eta bake bila dabilena gustura ibiliko da Lasaoko bazterretan.

 

Landeta

Azpeitiko industria gune zaharrenean kokatuta, Landeta elizarik ez duen auzo bakarra dela diote landetarrek. Enpresez gain, taberna eta erretegi ugari pilatzen dira Landetan, eta mugimendu handiko gunea da.

 

Loiola

Basilika da, noski, Loiolako elementurik ezagunena, baina  monumentu historikoz beteta egoteaz gain, baserri eta etxe askoren kokagune ere bada auzoa. Loiola inguruan jende asko ibiltzen da oinez egunero, bai Azkoitia aldera, bai Sistiaga errekaren ondotik doan bide baketsuan ere.

 

Eizagirre

Urraki magaletik abiatuta, baserriz betetako txokoa da Eizagirre. Erdigune txikia izanagatik ere, bera osatzen duten lursail berdeek azalera handia ematen diote bazter honi. Hain zuzen, Azpeitiko auzorik zabalenetakoa da.