wrapper

kultura sub

Ordu gutxi barru danbor hotsek hartuko dute herria. Sansebastian bezperako danbor desfilerako dena prest da; musika, danborrak, banderak.... 

Aurtengoan ere izango dira momentu hunkigarriak. Azpeitiko Udalak prestatu ditu gogoangarriak izango diren momentuak. 

Ikurriña 00:00etan igoko dute, 40. urteurrena ospatzeko

1977ko urtarrilaren 19 arratsean jarri zen legez eta baimen berezi bat eskatuta ikurriña Azpeitiko udaletxean. 00:00etan legeztatu bazen ere Azpeitian ordurako ordu batzuk zeramatzan banderak. Luciano Lazkanoren entierroa zen egun horretan, eta Agustin Pratek (bera zen Silvestre Otamendik dimititu ostean jarduneko alkatea) baimen berezia eskatu zuen ikurriña balkoian jarri eta elizkizunera bidean, plazatik, ikurriñaren azpitik pasatzeko Luciano Lazkanoren gorpua. 

Arrats horretan bertan, plaza jendez beterik zela, udal plenoan idatzi bat onartu zuten eta Agustin Pratek gazteleraz eta Imanol Eliasek euskaraz irakurri zuten plazako jendearen ohiu eta txalo artean. 

Gaur, ez da ikurrinik jarri ohi bezala, udaletxea atontzerakoan. Normalean, danborren desfilea hasterako balkoian izaten da. Gaurkoan, 40. urteurren hori gogoratzeko, orduan era batera edo bestera protagonista izan ziren hiru pertsonen oinordekoak izango dira balkoian, eta haiena izango da Sansebastian Martxarekin batera ikurriña igotzeko ohorea. Pratarrak, eliastarrak eta lazkanotarrak izango dira balkoian orduko udal korporazioa osatzen zuten zinegotzi taldearen eta une historiko horretako protagonista izan ziren haien ordezkari gisa. 

 Egitaraua

 

2017 - Azpeitiko Udala.
ElkarMediak garaturiko webgunea