wrapper

Oharrak

Bizileku-erabilerarako eraikinetan dauden etxe bizitzen irisgarritasuna sustatzeko Agintarauaren hasera-onarpena Gipuzkako Aldizkari Ofizialean (239. Zk) argitaratu zenetik jendaurreko informazioaldian egon beharreko legezko epealdia amaitu denez, eta ez zaionez inolako alegaziorik egin, Toki Errejimeneko Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 70.2 artikuluan xedatutakoaren arabera, udal Agintarauaren testu osoa argitaratu da. 
Agintarau honek, aipatutako agintarauaren testu osoa argitaratu eta hamabost lan-egun igarotzen direnetik izango du indar. Hori guztia, aipatu berri den Legearen 65.2. artikuluaren arabera.


Bizileku-erabilerarako eraikinetan dauden etxebizitzen irisgarritasuna sustatzeko udal ordenantza.

AURKIBIDEA
Zioen azalpena

I. Kapitulua. Irizpide orokorrak.

1. artikulua. Ordenantzaren xedea.
2. artikulua. Ordenantza honen aplikazioesparrua.
3. artikulua. Ordenantza hau aplikatzeari dagokionean, zer den ezintasuna duen pertsona izatea.

II. Kapitulua. Obren eta jarduketen baldintza materialak.

4. artikulua. Etxebizitzetarako nahiz ukitutako eraikinetarako eta lurzatietarako sarbideei dagozkien obrak eta jarduketak xedatzeko eta gauzatzeko baldintza materialak.

III. Kapitulua. Obraren proiektu teknikoaren edukia eta izapidetzea.

5. artikulua. Obraren proiektu teknikoaren edukia.
6. artikulua. Proiektu teknikoa izapidetzeko eta onesteko baldintzak.

IV. Kapitulua. Obrak eta jarduketak gauzatzeko epeak.

7. artikulua. Aurreikusitako eta baimendutako obrak eta jarduketak gauzatzeko epeak.

V. Kapitulua. Lurzati, eraikuntza eta etxebizitzetarako sarreraren egokitzapena bermatzeko, desjabetzearen bidezko jarduketa.

8. artikulua. Desjabetzearen bidezko jarduketaren justifikazioa. Irizpide orokorrak.
9. artikulua. Desjabetzeko eskaera.
10. artikulua. Desjabetzearen justifikazioa.
11. artikulua. Desjabetze proiektuaren edukia.
12. artikulua. Desjabetze espedientearen izapidetzea
13. artikulua. Ordenantzaren aurreikuspenak interpretatzea eta aplikatzea.

Zioen azalpena

Indarrean dagoen irisgarritasuna sustatzeko legediak aintzat hartzen du, pertsona ezinduen aukera berdintasunaren eskubidea berretsi eta horien desabantaila eta zailtasunak aurreikusi edota konpentsatzeko ekintza positiboko neurrien beharra. Aldi berean, aginte publikoei eta, orokorrean, gizarte osoari eskatzen die honako erabaki egokiak har ditzaten: Beste hainbat helbururen artean, pertsona horientzat ingurune fisikorako (zentzu zabal batean ulertuta: Hiri-ingurunea, espazio publikoak, eraikinak, e.a.) sarbidea ahalbidetzea eta bermatzea, modu eraginkor eta erreal batean.

Une honetan eta udalerri honetan, egun dauden eraikinetan kokaturiko etxebizitza askok, nahiz eraikin horiek beraiek ere, ahalmen urritasuna dutenentzako irisgarritasun arazoak eta zailtasunak dituzte. Irisgarritasuna oztopatu edota eragozten duten hirigintzaedota arkitektura trabak.

Lurzoruari eta hirigintzari buruzko ekainaren 30eko 2/2006 Legearen 177. artikuluak, desjabetzeko hirigintza-arra-zoien artean, ondorengoa zehazten du: erabilera nagusia bizitegikoa duten eraikinetan, sektoreari dagokion legedian aurreikusitako irisgarritasuna bermatu ahal izateko beharrezkoak diren zerbitzuak eta instalazioak eguneratzeko eginbeharra betetzen ez denean. Horrelakoetan, administrazio desjabetzailea udala izango da, eta onuraduna, berriz, jabeen elkartea edo kasuan kasuko obrak egikaritzeko gehiengo nahikoa duena. Onuradunak desjabetzea eskatu beharko du honako hauek egiaztatuz: batetik, udalaren baimena duen edo izan dezakeen proiektu bat sustatzen duela, eta bestetik, aipaturiko obrak ezin dituela hasi, obrek eragindako ondasun eta eskubide guztiak baliatu ezin dituelako.

Ordenantzaren helburua da, indarrean dagoen legedia eta hirigintza planeamenduaren testuinguruaren baitan, ezintasuna dutenen eta horiekin pareka daitezkeenen sarbidea ahalbidetu eta bermatuko duten esku-hartzeko irizpide nahiz neurriak xedatzea eta arautzea. Etxebizitza eta bizileku erabilerarako eraikinetarako sarbide hori ahalbidetu eta bermatzeko beharrezkotzat hartzen diren obra eta jarduketak burutzearen bidez, igogailuak eta arrapalak jartzea barne.

Ordenantza honela dago banaturik: I. Kapitulua, irizpide orokorrei buruzkoa, II. Kapitulua, obra eta jarduketen baldintza materialei buruzkoa, III. Kapitulua, obra proiektu teknikoaren eduki eta tramitazioari buruzkoa, IV. Kapitulua, obrak eta jarduketak burutzeko epeei buruzkoa, eta V. Kapitulua, Lurzati, eraikuntza eta etxebizitzetarako sarreraren egokitzapena bermatzeko, desjabetzearen bidezko jarduketari buruzkoa. Gainera, azken xedapen bat ere badago, ordenantza indarrean sartzeari buruzkoa.

I. KAPITULUA

Irizpide orokorrak

1. artikulua. Ordenantzaren xedea.

Ordenantzaren helburua da, indarrean dagoen legedia eta hirigintza planeamenduaren testuinguruaren baitan, ezintasuna dutenen sarrera ahalbidetu eta bermatuko duten eskuhartzeko irizpide nahiz neurriak xedatzea eta arautzea. Ohiko bizileku diren eta udalerrian egun dauden bizileku erabilerarako eraikinetan kokaturiko etxebizitzetarako sarbide hori ahalbidetu eta bermatzeko beharrezkotzat hartzen diren obra eta jarduketak burutzearen bidez, instalazioak (igogailua, arrapala, e.a.) jartzea barne.
2. artikulua. Ordenantza honen aplikazio-esparrua.

1.- Izaera orokorrez, Ordenantza hau aplikagarria da indarrean sartu aurretik jadanik badauden higiezinetan, betiere ondorengo baldintza hauek betetzen badituzte:

a) Eraikuntza horiek bizileku-erabilera izango dute nagusiki, horietan izaera osagarria duten beste erabilerak egotearen kaltetan izan gabe.


b) Etxebizitzak hartuko dituzten eraikinak ez dira egongo, indarrean dagoen planeamenduan, antolaketaz kanpoko araubidearen pean.

c) Eraikin horietan kokaturiko etxebizitzak (bertan bizi direnek irisgarritasun arazoak dituztenean, behintzat) indarrean dagoen hirigintza planeamenduan finkatuta egongo dira.

d) Etxebizitza horiek, edo horiei loturiko eraikin eta lurzatiek ere, irisgarritasun arazoak edo zailtasunak izan beharko dituzte, Ordenantza hau aplikatzea justifikatzen duten baldintzetan.

e) Horien titulartasun-, erabilera- eta gozamen-erregimena edozein delarik ere, ezintasuna duen (edo duten) pertsonaren batek/batzuk okupatu beharko du/dute, legez, aipatutako etxebizitza horietako bat/batzuk. Gainera, horiek ohiko bizilekua etxe horietan bertan izango dute eta Azpeitian erroldatuta egon beharko dute.

f) Proiektu teknikoan egiaztatu egin beharko da ez dagoela arazo horri irtenbidea ematen dion beste soluziorik, nahiz eta horiek kostu handiagoa izan -beti ere kostu hori neurrizkoa denean-.

2. Helburu horrekin aurreikusitako obra eta jarduketek ondorengoetan izan dezakete eragina:

a) Etxe horiek dauden eraikinen barruko lokal eta espazioetan (osorik nahiz zati batean). Sestrapekoak zein sestra gainekoak eta horien erabilera edozein delarik ere, bizitokikoa izan ezik (salbu afektatuak direnak espreski onartzen badute)

b) Etxe horien osagarri diren eraikinen barruko lokal eta espazioetan (osorik nahiz zati batean). Aipatutako etxebizitzak dauden eraikin horiei loturiko bizileku-erabilerarako lur zati berean daudenak.

c) Bizileku-erabilerarako eraikin horri loturiko lur zatian integraturiko eraiki gabeko orubeetan.

d) Bizileku-erabilerarako lur zati horretatik kanpo dauden eta bereak ez diren orubean, irisgarritasun arazoa duten etxebizitzek osatutako bizileku-erabilerarako eraikinaren nahiz lur zatiaren mugakide direnak.
e) Zortasunetan, hala nola argien eta bisten gainekoetan, betiere eskuratzen den onura komunaren eta eraginaren artean proportzio egokia dagoenean, eta horren zerbitzu ematen dion espazioa erabili ezinik uztea inplikatzen ez duenean. Kasu horietan balizko eragin kaltegarriak murrizteko neurriak aurreikusi beharko dira.
3. Nolanahi ere, ez dira baimenduko ondoko hauetan eragin erabatekoa edo partziala duten obrak eta jarduketak:

a) Haiek eragindako eraikinetan dauden etxebizitzetan (edo zati batean), indarrean dagoen hirigintza planeamenduan ezarritako irizpideen arabera eta zein solairutan dauden kontuan izan gabe, salbu afektatuek espreski horrela adosten badute.

b) Jabari publikoa ukitzen duten kanpoko lursailetan, honako salbuespenekin: Proiektu teknikoan beste aukerak aztertu eta baztertu direnean, aukera horiek gauzatzea ezinezkoa delako edo nabarmen neurriz kanpokoa delako; eta eragina hiri-ingurunean onargarria denean, zirkulazio eta espazio sentikorretan eraginik ez duelako. Betiere bilatuko da eragin hori ahalik eta txikiena izatea.

c) Dagokien espazioaren bizigarritasun-baldintzak bermatzeko beharrezkoak diren baoak deuseztatzea ekartzen dutenean.
4. Obra eta jarduketa berdinak lur zati desberdinetan dauden hainbat eraikinetako etxebizitzetako sarrera ahalbidetzeko helburuarekin plantea daitezke.

3. artikulua. Ordenantza hau aplikatzeari dagokionean, zer den ezintasuna duen pertsona izatea.

Ordenantza honi eta ordenantzaren xedapenei dagokienean, ezintasuna duen pertsonatzat hartuko da mugikortasuna modu iraunkorrean murriztua duen pertsona oro, ezintasuna dagokion administrazio eskudunak kalifikatu eta balioztatua duenean. Kalifikazio horretan zehaztuko da etxebizitzara iristeko duen ezintasun mota eta maila.

Pertsona ezindutzat har daitekeela ezartzen duen lege aurreikuspenaren arabera, etxebizitza duin batez gozatzeko trabak kentzearren eta, helburu horrekin, Ordenantza honetan arauturiko neurriak aplikatzearren, hirurogeita hamar urtetik gorako guztiak halakotzat hartuko dira. (1995eko maiatzaren 30eko legea, ezintasuna duten pertsonei arkitektura-oztopoak kentzeko ondasun higiezinen jabari-mugak zehazten dituena).

II. Kapitulua

Obren eta jarduketen baldintza materialak

4. artikulua. Etxebizitzetarako nahiz ukitutako eraikinetarako eta lur zatietarako sarbideei dagozkien obrak eta jarduketak xedatzeko eta gauzatzeko baldintza materialak.

1. Ordenantza honek eragindako etxebizitzen eta horiek barruan hartzen dituzten eraikinen eta lur zatien sarrera egokitzearren gauzatu beharreko obren eta jarduketen xedapena eta burutzapena, nahiz helburu horretarako beharrezkoak diren elementuen (igogailua barne) ezarpena indarrean dagoen legedian eta hirigintza planeamenduan ezarritako aurreikuspenetara doituko di-ra, eta baita Ordenantza honetan ezarritakoetara ere.

2. Hiri-antolaketaren barruan dimentsiozko birdoitzeak egin ahal izango dira, irisgarritasunaren eta ukitutako eremuaren edo espazioaren (eskailera-kaxak, patioa, fatxada, eta abar) berezko zerbitzua emateko ezaugarri eta baldintza egokiak mantentzearen arteko oreka bermatzeko. Birdoitze horiek eragindako eraikinetan egin litezkeen birgaitze eta eraberritze obrei eta horiek mantentzeko lanei dagokiela ulertuko da. Ez, ordea, horiek ordezkatzeko nahiz osotasunean eraberritzeko lanei.

3. Aipaturiko etxebizitza eta eraikinetarako sarrera egokitzeko irtenbideak, kasuan kasu, dagokien obra proiektu teknikoan edota eraikuntza proiektuan definituko dira. Proiektu horiek udal obra lizentzia egokia lortzeko egin beharrekoak dira.

4. Hirigintza Ondarearen Katalogoaren barne dauden ondasunak eta eraikinak direla kontuan harturik, obra horietarako baimena ondorengo baldintzen menpe egongo da: Ondasun eta eraikin horiek baldintza egokietan babesteko eta mantentzeko, kasu bakoitzean beharrezkoak diren neurriak zehaztea eta burutzea.

Ondasun eta eraikin horiek degradatu eta ahulduko duten obrak burutzea edo instalazioak ezartzea ez da inolaz ere baimenduko.

III. Kapitulua
Obraren proiektu teknikoaren edukia eta izapidetzea.

5. artikulua. Obraren proiektu teknikoaren edukia.

Proiektuaren xedapen orokorrez gain, 4. artikuluan aipaturiko obra proiektu teknikoak, bestek beste, zehaztasun egokiaz azalduko ditu ondorengoak:

a) Ordenantza honetan ongi ezarritako irizpideetara egokitzea, proiektua justifikatzen duten egoeren azalpena barne.

b) Proposatutako irtenbidearen logika eta zentzua, bai berezkoak, bai plantea litezkeen bestelako irtenbideen aurrean (arazoa konpontzen duen bestelako soluziorik ez dagoela justifikatuz, horiek kostu handiagoa badute ere -betiere kostu hori neurrizkoa denean).

c) Proposatutako irtenbideak, horrek eragindako eremuan, sor ditzakeen edozein motako eragin eta afekzioak (fisikoak, estetikoak, akustikoak eta abar) ebaluatzea.

d) Eragin eta afekzio horiek zuzentzeko edo desagertzeko proposamenak, baita helburu horretarako egokiak diren material eta makinak erabiltzeari dagokionean ere.

e) Hala badagokio, proposaturiko irtenbideak eragindako lursailen hirigintzako araubideari dagokionez sortuko dituen birdoitzeak, horien lur zatitze baldintzei dagozkienak, eraikuntzaren lerrokadurei dagozkienak, lursail horien izaera juridikoari dagozkionak.

f) Proposaturiko irtenbideak eragindako ondasun eta eskubide guztien zerrenda, ezaugarrien deskribapena eta titularren identifikazioa.

g) Obrak burutzearen eta instalazioak ezartzearen kostua, horiek eragindako eraikinaren lursailak edota lokalak eskuratu edota erabiltzearen kostua barne, hala dagokionean.

h) Hiritartze-lanen eranskina, proposatutako irtenbideak jabari publikoaren gaineko eragina duenean.

i) Indarrean dagoen planeamenduan adierazitakoaren arabera, beharrezkoak diren beste edozein egoera eta alderdi.

6. artikulua. Proiektu teknikoa izapidetzeko eta onesteko baldintzak.

1. Proiektu teknikoa tramitatu eta onartu egingo da, indarrean dauden lege xedapenetan ezarritako irizpideei jarraiki, obrak burutzeko eta instalazioetarako udal lizentzia egokia eskatu eta eskuratzearen ondorioetarako.

Ildo horretan, udal zerbitzu teknikoek zehatz-mehatz aztertuko dituzte eragindako etxebizitza eta eraikinetara sartzeko proiektuan proposaturiko irtenbideak.

Azterketa horretan agertuko dira behar bezala arrazoiturik, besteak beste, proposatutako irtenbidearen arrazoizkotasunari buruzko ebaluazioa eta irtenbideak sor ditzakeen eragin eta afekzioena, Ordenantza honetan eta indarrean dagoen hirigintza planeamenduan ezarritako baldintza eta irizpideen baitan.

2. Proiektu hori jendaurrean jarriko da 20 eguneko epean, gutxienez, aurreikusitako obra eta jarduketek eragindako guztiei, banan-banan, jakinarazi ondoren; bai aurreikusitako obra eta jarduketek eragindako ondasun eta eskubideen titularrei, bai horien jabeei eta erabiltzaileei (maizter eta abarrei), dagokion legezko agiriaren bidez. Tramitatzeko epe horretan, proiektuan azaldutakoari iradokizun edota proposamen alternatiboak aurkeztu ahal izango zaizkio.

3. Tramitazioa amaitu eta proposaturiko iradokizun eta proposamenak aztertu ondoren, Udalak dagokion lizentzia emateko ala ez emateko erabakia hartuko du.

Proposatutako soluzioak jabari publikoan eragina duenean, Udalak espazio horren erabilera lagapenari dagokion espedientea izapidatuko du.

IV. Kapitulua. 
Obrak eta jarduketak gauzatzeko epeak.

7. artikulua. Aurreikusitako eta baimendutako obrak eta jarduketak gauzatzeko epeak.

1. Oro har, proiektu teknikoan proposatu eta, dagokion udal lizentziaren bidez, baimendutako obrak eta jarduketak burutzeko epea hiru hilabetekoa izango da, lizentzia ematen den unetik aurrera.

2. Epe orokor hori moldatu egin ahal izango da, luzatuz nahiz laburtuz, udal lizentzia ematearen arabera, kasu bakoitzaren egoera eta ezaugarri zehatzak kontuan harturik. Obra burutu ahal izateko, ondasun edo eskubideen desjabetzea beharrezkoa izanez gero, epe hori onuradunak ondasunak bere esku dituen unean hasiko da.

V. Kapitulua
Lurzati, eraikuntza eta etxebizitzetarako sarreraren egokitzapena bermatzeko, desjabetzearen bidezko jarduketa.

8. artikulua. Desjabetzearen bidezko jarduketaren justifikazioa. Irizpide orokorrak.

1. Onura publiko eta interes orokorrekotzat hartuko da, ukitutako lur zatien edo eraikuntza-zatien behartutako desjabetzearen edo aldi baterako okupazioaren ondorioetarako, eragindako etxebizitza eta bizileku-erabilerarako eraikinetan sarrera fisiko egokia jartzea helburu duten obren eta jarduketen burutzapena. Lursail eta etxebizitza horiek gaur egun dauden baldintzen ondorioz, ezintasuna dutenen eta horiekin pareka daitezkeenen sarrera arazoak dituztenak izango dira.

2. Modu frogagarrian egiaztatuko balitz obrak, behin baimendu ondoren, ezin direla gauzatu haiek erabat edo partzialki ukitzen dituzten ondasunen edo eskubideen titularrak aurka daudelako, udal agintaritzak dagokion desjabetze-espedientea abiarazteko eskumena izango du, onuradun izango diren pertsonen eskariz.

3. Horretarako, desjabetze-proiektuan berariaz identifikatu beharko dira onuradun horiek. Onuradunak jabekideen elkartea edo obrak gauzatzeko nahikoa gehiengo duten horiek izan daitezke, jabetza horizontalari buruz indarrean dagoen legediaren arabera.

4. Oro har, desjabetzeak eragina izango du aurreikusi eta baimenduta dauden sarrera egokitzeko obra eta jarduketek eragindako lursail edota eraikin-zati osoetan.

9. artikulua. Desjabetzeko eskaera.

1. Desjabetze espedientea hasteko eskaera honako hauek egin dezakete: Onuradun izango diren pertsonak edo pertsonek. Eskaerarekin batera xede horrekin egindako proiektu bat aurkeztu beharko da, eta bertan zehaztasunez justifikatu beharko dira desjabetzearen arrazoiak eta helburua.

2. Edonola ere, eskaera hori loturik egongo da helburu horrekin egin den proiektu teknikoan aurreikusitako obra eta jarduketak burutzeko dagokion udal lizentzia aurretik ematearekin.

10. artikulua. Desjabetzearen justifikazioa.

Desjabetze-proiektuan justifikatu egin behar da udal lizentziaren pean dauden obrak eta instalazioak, nahiz ondasun eta eskubide partikularren okupazioa edo afekzioa, beharrezkoak direla dagokion higiezinari irisgarritasuna emateko eta, era berean, horiek ezin direla gauzatu ondasun eta eskubide horien titular diren pertsonen aurrean kudeaketa egokiak egin arren.

11. artikulua. Desjabetze-proiektuaren edukia.

Desjabetze-proiektuak barruan hartuko ditu, gutxienez, datu hauek:

a) Proposatutako desjabetzeak eragindako ondasun eta eskubideen zerrenda, desjabetze horrek ondasun horien erabileran izan ditzakeen eraginak eta ondasun eta eskubide horien titularren jarduera adieraziz.

b) Obrak sustatzeko baldintzak, etxejabeen elkartearen nahiz beste edozein pertsona fisiko edo juridikoren aldetik. Sustapen hori eragin duten egoerak ezagutzea ahalbidetuko duen beharrezko informazioa barne.

c) Etxejabeen elkarteak hartutako erabakiak, eta baita horien aurkakoak ere, ekimenaren aurka dauden pertsonen aurrean gauzatutako kudeaketak zehaztuz.

d) Proposaturiko desjabetzeak eragindako ondasun eta eskubide guztien balio ekonomikoa, udalak ondoren egin ditzakeen egokitzapenei kalterik egin gabe.

e) Desjabetzearen onuradunak desjabetzeak berak eragindako ondasun eta eskubideei dagokienez azkenean ezarritako balio ekonomikoa ordaintzeko konpromisoa.

12. artikulua. Desjabetze-espedientearen izapidetzea.

1. Ordenantza honen xede den desjabetzea, izaera orokorrez, gai horren inguruan indarrean dagoen legedian ezarritako irizpideetara egokituko da, baita espedientea abiarazteari eta izapidetzeari buruz nahiz prezioa xedatzeari buruz ezarritakoetara ere.

2. Udal zerbitzu egokiek aztertuko dituzte bai desjabetzeko eskaera, bai erantsitako proiektua. Azterketa horretan, besteak beste, ondorengoak aztertuko dira: Ordenantzan ezarritako eskakizunak betetzen diren ala ez. Ondoren, beharrezko baldintzak betetzen ez badira edo justifikatzen ez badira, eskaera ezestea proposatuko dute, behar bezala arrazoitu ondoren; aitzitik, baldintzak bete eta justifikatu badira, indarrean dagoen desjabetze-araudiaren arabera izapidetzea proposatuko dute.

3. Desjabetzeko espedientea tramitatzea onartuz gero, Udalak zehaztu egingo du, kasuan kasu, zeini atxikiko zaion jarduketa: Tasazio bateratuaren prozedurari edo banakako tasazioarenari.

4. Onuradunek, ondasunen eta eskubideen zerrenda behin betiko izaeraz onetsi aurretik, depositu edo abal bat egin beharko dute Udalaren aurrean. Depositu edo abal hori kasuan kasuko moldaketen ondoren desjabetze proiektuan aurreikusten den balioaren ehuneko hogeiren (%20) baliokide izango da gutxienez.

13. artikulua. Ordenantzaren aurreikuspenak interpretatzea eta aplikatzea.

Ordenantza honek jasotzen dituen aurreikuspenak irakurri eta aplikatzean plantea daitezkeen zalantza eta galderei, udalerrian indarrean dagoen planeamenduan adierazitako irizpide eta helburuen arabera erantzungo zaie.

Azken Xedapena

Bakarra.

Ordenantza hau indarrean sartuko da Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunetik hamabost (15) eguneko epean. Hortik aurrera, indargabetu egingo dira ordenantza honen edukiarekin kontrajar¬tzen diren gainerako xedapen guztiak.

2017 - Azpeitiko Udala.
ElkarMediak garaturiko webgunea

Jakinarazten dizugu webguneak berezko zein beste batzuen cookieak dituela, eta horien bidez zerbitzu hobea eskaini nahi dizugu, eta nabigazio-esperientzia hobetu nahi dugu. Webgunetik nabigatzen jarraitzen baduzu, horrek esan nahi du onartzen duzula aipatutako helburuekin cookieak erabiltzea Informazio gehiagorako Cookien politika.

Webgune honetako Cookien politika onartzen dut

EU Cookie Directive Plugin Information