wrapper

Oharrak

Arauak eskatzen duen jendaurreko argibide epea inolako murtzilorik eta oharpenik izan gabe igaro denez, tinkotzat eta behin-betiko onartutzat jo da 2011ko maiatzaren 5ean egindako Udalbatzaren Osoko Bilkuran hartutako akordioa, ezintasun bat duten pertsonentzako aparkaleku txartela arautzeko Udal-Ordenantzari dagokiona.

Hau horrela, Toki Errejimeneko Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 70.2 artikuluan xedatutakoaren arabera, udal Agintarauaren testu osoa argitaratu da.

Agintarau honek, aipatutako agintarauaren testu osoa argitaratu eta hamabost lan-egun igarotzen direnetik izango du indar. Hori guztia, aipatu berri den Legearen 65.2. artikuluaren arabera.

Administrazio-bidean behin betikoa den akordio honen aurka administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri ahal izango da Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiaren Administrazioarekiko Auzietako Salaren aurrean, iragarkia Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den hurrengo egunetik hasi eta bi hilabeteko epean.


EZINTASUNEN BAT DUTEN PERTSONENTZAKO APARKALEKU-TXARTELA ARAUTZEKO UDAL ORDENANTZA


ARRAZOIEN AZALPENA

Elbarriak gizarteratzeko apirilaren 7ko 13/1982 Legeak, bere 60. artikuluan, berariaz adierazten du Udalek neurri egokiak hartu behar dituztela mugitzeko arazo larriak dituzten elbarriei ibilgailuak aparkatzeko erraztasunak emateko; izan ere, talde horren gizarteratzea eta laneratzea sustatzeko tresna egokia baita. Horren bidez, mugitzeko arazo handiak izanik, garraio publikoak erabiltzeko muga handiak dituzten pertsona askori guztientzako esparru eta zerbitzuetara iristeko aukera ematen zaie, esparru horietara modu autonomoan beren ibilgailuan sartzeko aukera baitute, eta helmugara iritsitakoan, txartelak ematen dituen aparkatzeko abantailak izango baitituzte.

Europako Batasuneko kontseiluak, 1998ko ekainaren 4an, Estatu kideentzako gomendio bat onartu zuen ezintasunak dituzten pertsonentzako aparkaleku txartel bateratua ezartzeko, kideak diren Estatu guztien artean onarturiko eredu bateratuaren arabera. Horrela, txartel horien titularrek Europa osoan aparkatzeko erraztasunak izango dituzte, betiere, pertsona jakin hori dagoen herrialdean indarrean dauden arau nazionalen arabera.

Kontuan izanik Kontseiluaren Ebazpenaren eta 1996ko abenduaren 20an Kontseiluaren barnean bilduriko Estatu kideen Gobernuen Ordezkarien izpirituaren arabera, ezintasunak dituzten pertsonen aukera berdintasunari begira, ezintasunak dituen pertsona orok izan behar du aukera bere laneratzea eta gizarteratzea bultzatuko dituzten neurri gehigarri eta zehatzez gozatzeko.

Ekintza positiboko neurri horien barnean, abenduaren 4ko 20/1997 Legearen bidez, Euskadiko Irisgarritasuna Sustatzeko, mugikortasun murriztua duten pertsonen ibilgailuek soilik erabiltzeko aparkalekuak gordetzeko betebeharra dute botere publikoek.

Euskal Autonomi Erkidegoak aurreikuspen horiek betetzeko, eta 5/1996 Legeak arau garapenaren eta gizarte zerbitzuen plangintzaren alorrean emaniko eskumenen arabera, abenduaren 5ean 256/2000 Dekretua eman zuen. Dekretu horrek, 1. artikuluan jasotakoaren arabera, honako xede hau du: «Ezintasunak dituzten pertsonentzako aparkaleku-txartel bakarra arautzea eta eredu komunitariora egokitzea», eta 6. artikuluan xedaturikoaren arabera, pertsona interesatua bizi den udalerriko Udalari dagokio hori ematea.

Euskal Autonomia Erkidegoko Udalek emandako txartel horiek Euskal Autonomia Erkidegoko udalerri guztietan, Espainiar Estatu osoan eta Europako Batasuneko estatu kide guztietan izango dute balioa, Udal komunitario horiek ibilgailuen antolamendu eta zirkulazioaren alorrean zehaztuta dituzten baldintzetan.

Ildo horretatik, Trafiko, Ibilgailuen Zirkulazio eta Bide Segurtasunaren inguruko Legearen Testu Artikulatua berritzen duen abenduaren 19ko 19/2001 Legearen Laugarren Xedapen Gehigarriak, martxoaren 2ko 339/1990 Errege Dekretu Legegilearen bidez onartua, zera xedatzen du:

«Udalerriek, arau horren 7. artikuluak ematen dizkien eskumenak erabiliz, eta apirilaren 7ko 13/1982 Legearen 60. artikuluak xedaturikoaren arabera, Lege hori indarrean hasi eta hurrengo urtean, mugikortasun arazo larriak dituzten pertsona ezinduentzako aparkaleku txartela emateko eta lege horretatik etorritako eskubideak eraginkor izan daitezen beharrezko neurriak hartu beharko dituzte, ezintasunak dituzten pertsonentzako aparkaleku-txartela sortzearen inguruan Europako Batasuneko Kontseiluak emaniko Gomendioa kontuan harturik .

Azpeitiko Udala, arazo horretaz aspaldidanik jabeturik, aparkaleku-txartel horiek ematen ari da ezintasunak eta mugitzeko arazoak dituzten pertsonei, arauz zehaztutako ereduaren arabera.

Era berean, aparkaleku erreserbak ematen ari da mugikortasun murriztua duten pertsonen ibilgailuak soilik aparkatzeko, duten arazoaz jabeturik eta ezintasunen bat duten eta mugitzeko arazoak dituzten herritarrei ahalik eta ongizate handiena eman eta ziurtatzeko duen betebehar orokorra bere gain harturik.

Ordenantza honek legearen eskakizunak bete nahi ditu, indarrean dagoen legeriak ezintasunak eta mugitzeko arazoak dituzten pertsonentzako aparkaleku txartelak eta erreserbak eman, erabili eta funtzionatzearen inguruan, Udal Administrazioari ematen dizkion ahalmenak erabiliz.

ATARIKO TITULUA

I. KAPITULUA. XEDAPEN OROKORRAK

1. artikulua. Helburua

Ordenantza honek ezintasunak dituzten pertsonentzako aparkaleku-txartela emateko prozedura eta hura erabiltzeko eta funtzionatzeko baldintzak arautzea du xede.

Era berean, ezintasunak eta mugikortasun murriztua duten pertsonek gidaturiko eta edo pertsona horiek garraiatzen dituzten ibilgailuentzako erreserba bereziak sortu eta emateko prozedura eta aparkaleku horiek erabili eta funtzionatzeko baldintzak arautzea du xede.

2. artikulua. Lurralde esparrua

Ezintasunak dituzten pertsonentzako aparkaleku txartelak Euskal Autonomi Erkidegoko udalerri guztietan, Espainiar Estatu osoan eta Europako Batasuneko estatu kide guztietan izango du balioa, eta txartelaren titularrari eskubidea emango dio erreserbaturiko aparkalekuak erabiltzeko eta ibilgailuak gelditu eta aparkatzeko eskubide guztiak izateko, une horretan dagoen lurraldean indarrean diren arau nazionalen arabera


II. KAPITULUA. APARKALEKU-TXARTELEN ETA ERRESERBA BEREZIEN TITULARRAK

3. artikulua. Aparkaleku txartelen titularrak

Azpetiko Udalak emaniko ezintasunak dituzten pertsonentzako aparkaleku-txartelen titularrak izan daitezke, Azpeitiko udalerrian erroldaturik egonik eta urritasun fisiko edo psikikoren bat izanik, Foru Aldundiaren balorazio eta Orientazio Unitatearen baiezko diktamena lortu duten pertsona fisikoak, indarrean dagoen legedian zehaztutako balorazio irizpideen arabera.

LEHEN TITULUA APARKALEKU-TXARTELA LORTU, ERABILI ETA FUNTZIONATZEKO PROZEDURA

I. KAPITULUA. APARKALEKU-TXARTELA LORTU ETA BERRITZEKO PROZEDURA

4. Artikulua. Aparkaleku-txartela emateko prozedura

1. Pertsona interesatuak edo haren legezko ordezkariak eskatuta hasiko da espedientea, 40/2006 Foru Dekretuaren 6. artikuluan eta hurrengoetan aurreikusitako terminoetan onarturiko borondatezko ordezkaritzari kalterik egin gabe, dekretu horrek arautzen baitu nortasunaren ziurtapena eta Foru Administrazioaren aurreko jardueretako ordezkaritza, inprimaki normalizatuaren bidez.

Egiten diren eskaerek, Herri Administrazioen Erregimen Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen 30/1992 Legearen 70. artikuluak xedaturikoaz gainera, aplikatu beharreko prozedura-eskuliburuan aipaturiko dokumentazioa eduki beharko dute, eta hura Alkatetzaren ebazpenaren bidez onartuko da Idazkari Nagusiak aldeko txostena egin ondoren.

2. Aparkaleku-txartela lortzeko eskatzaileak balorazio-medikua eskatuko du Azpeitiko Gizarte Zerbitzuetako sailean. Udalak Gipuzkoako Foru Aldundiaren Gizarte Ongizate arloan eskumena duen Sailari bidaliko dio eskaeraren kopia, Balorazio eta Orientazio Unitatearen bidez, 45 egun naturaleko epean, derrigorrezko diktamen loteslea egin dezan txartel hori emateko, elbarritasun maila onartu, adierazi eta kalifikatzeko prozedura jasotzen duen abenduaren 23ko 1.971/1999 Errege Dekretuaren III. Eranskinean jasotako irizpideen arabera. Txosten hori espedientean jasoko da, eta haren edukiaren arabera hartuko da interesatuaren eskaeraren gaineko erabakia.

3. Gipuzkoako Foru Aldundiak txostenaren gaineko erabakia hartu ondoren, interesatuak txosten hori Gizarte zerbitzuetan aurkeztuko du, eta honek aparkaleku-txartela eskatuko du Azpeitiko Udalean. Interesatuaren eskaeraren erabakia aparkaleku-txartelaren eskaera egiten denetik hasi, eta gehienez ere, 3 hilabeteko epean jakinaraziko zaio interesatu horri. Epe horretan berariazko erabakirik hartu ezean, ulertuko da eskaera onartu egin dela, hori guztia berariazko erabakia hartzeko betebeharrari kalterik egin gabe, betiere haren bidez baieztatu behar baita eskaera.

4. Udalak egokitzat hartzen dituen gailuak sartu ahal izango dizkio ematen duen txartelari, hura jatorrizkoa dela ziurtatzeko, eta egin daitezkeen legez kanpoko manipulazio edo kopiak baztertzeko.

5. Salbuespen gisa eta haren beharra behar bezala justifikatu ondoren, emaniko txartelaren kopia eman ahal izango da familiaren barnean txartel baten titularra pertsona batek baino gehiagok garraiatu behar dutenean, txartelaren erabilera pertsona horien artean erabiltzeko bateragarria ez denean eta txartelaren titularra ezin dela haren kargu egin egiaztatu ondoren.

Kopia horrek aurreko atalean xedaturikoaren ondorioetarako soilik balio izango du, eta ez du txartel horiek aldi berean erabiltzeko eskubiderik emango.

6. Udaltzainek egingo dituzte aparkaleku-txartelen erabileraren zaintza eta kontrol lanak.

5. Artikulua. Aparkaleku-txartela berritzeko prozedura

1. 5 urtean behin berrituko da txartela, haren titularraren ezintasunaren balorazioan gerta litezkeen aldaketei kalterik egin gabe, aldaketa horiek txartelaren indarraldiaren galera dakartenean, eta baita balorazio unitateek eginiko diktamenen kasuan ere, horiek txartela berrikusteko epemuga bost urtetik beherako epearekin ezartzen dutenean, kasu horretan aipaturiko diktamenean zehaztutako data hartuko da kontuan.

Onartzen den Prozedura Eskuliburuan aurreikusitako prozesuaren arabera berrituko da txartela, eta aurrekoaren zenbaki bera izango duen txartela emango da. Iraungitako txartela itzuli egin beharko da berria lortu ahal izateko.

2. Interesatuak aparkaleku-txartela berritzeko eskaera iraungitze-data baino gutxienez hiru hilabete lehenago aurkeztu behar du, aurrekoaren indarraldia bukatzean txartel berria eduki ahal izateko.

3. Txartela lapurtu edo galtzeagatik berritzeko, dagokion salaketaren justifikazioa aurkeztu beharko du interesatuak. Hondatu izanagatik berritu behar bada, hondatutako txartela aurkeztu beharko du, eta Udalak, kasu horietan guztietan, aurrekoaren zenbaki berarekin eta iraungitze data berarekin emango dio txartel berria.

4. Gipuzkoako Foru Aldundian eskumena duen Sailak emaniko Diktamenak behin betiko izaera izango balu, interesatuak eskatuta hasiko da txartela berritzeko prozedura administratiboa beste diktamenik eskatu gabe, Udalak berariaz halaxe eskatzen duenean izan ezik.

5. Udaltzainek eginiko ikuskapen lanen ondorioz, aparkaleku-txartelaren titularraren ezintasun maila eta hura emateko oinarritzat hartu dena ez datozela bat susmatzen denean, beste diktamen bat eskatuko zaio Gipuzkoako Foru Aldundian eskumena duen Sailari.

II. KAPITULUA. TXARTELAREN EZAUGARRIAK, ERABILERA BALDINTZAK ETA FUNTZIONAMENDUA

6. Artikulua. Aparkaleku-txartelaren ezaugarriak

Abenduaren 5eko 256/2000 Dekretuaren I. Eranskinean zehaztutakoak dira aparkaleku txartelaren ezaugarriak, dekretu horrek arautzen baitu ezintasunak dituzten pertsonentzako aparkaleku-txartela eta egokitzen baitu eredu komunitario uniformera.

Aipaturiko Dekretu horren 5. artikuluan xedaturikoaren arabera, Ezintasunak dituzten Pertsonentzako Aparkaleku-Txartela doan egin eta emango dio Udalari gizarte zerbitzuen alorrean eskumena duen Eusko Jaurlaritzako Sailak.

7. Artikulua. Erabilera baldintzak

1. Txartela pertsonala eta besterenezina izango da, ezintasuna duen pertsona izango da haren titularra, eta titularrak, gidari gisa edo bidaiari gisa, bidaiatzen duenean soilik erabili ahal izango da, haren jabetzako ibilgailuetan edo beste edozein ibilgailutan ezindua garraiatzeko erabiltzen bada.

2. Aparkaleku-txartela, jatorrizko dokumentua betiere, ibilgailuaren aurreko kristalean jarriko da, ibilgailuaren kanpoaldetik haren aurreko aldea irakurtzeko moduan, eta kontrolerako erakutsiko egingo da, eskumena duten udaltzainek hala eskatzen badute.

Inolaz ere ezin izango dira aparkaleku-txartelen kopiak erabili.

Aparkaleku-txartelen kopiak erabiltzeak ez du inolako balio ofizialik izango, eta horrenbestez, ulertuko da fotokopia horiek dituen ibilgailuak ez duela beharreko baimenik, eta beraz, indarrean dagoen legeriaren arabera jardungo da haren aurka.

3. Horretarako egokituriko lekuetan aparkatzeko balio izango du, eta baita aparkatzea debekatua dagoen lekuetan ere behar duten denborarako, honako salbuespen hauekin:
- Oinezkoentzako eremuak, nasak edo espaloiak eta oinezkoentzako igarobideetan.
- Gelditzea debekatua dagoen lekuetan.
-Igarobideak edo larrialdiko irtenbideak oztopatzen dituzten 
lekuetan.
-Zirkulazio bideak murrizten dituzten esparruetan.

Ordutegi mugatuko guneetan (TAO) autoa gehienez 4 ordutan utzi ahal izango da, ezer ordaindu beharrik gabe.

4. Ordenantza honetan aparkaleku-txartelaren titularrak diren pertsonentzako zehaztutako eskubideak Europako Batasuneko Kontseiluak Gomendaturiko eredura, 98/376/CE
1998ko ekainaren 4koa, egokitzen diren txarteletarako soilik onartuko dira.

5. Aparkaleku-txartelaren titularraren betebeharra izango da hura garbiketa baldintza eta egoera egokietan eduki eta zaintzea, txartelean idatzitako datu zehatzak uneoro garbi ikusi ahal izateko.

6. Ez dute baliorik izango oinarrizko daturen bat irakurri ezindako txartelek.

7. Elbarrientzako aparkaleku-plazak gorde egingo dira eta modu honetara erabili ahal izango dira:

1.- Aparkaleku-txartelaren titularra den elbarriak gidabaimenik izan ez eta gidari-laguntzaile bat behar badu, oro har, gehienez 4 ordutan aparkatu ahal izango du ibilgailua elbarrientzako aparkaleku-eremuan. Arrazoiren batengatik 4 ordutan baino gahiagotan aparkatu beharra izanez gero, aurretik udaltzainei baimena eskatu beharko die.

1.1. Ezintasuna duen pertsonak ibilgailua egunero behar badu medikutara, erreabilitazioa, eskolara, lanera... joateko edo antzeko eginkizunen baterako, ibilgailua 3 egunetan mugitu gabe utzi ahal izango du elbarrientzako aparkaleku-plaza batean, eta ezin izango du berriro ere plaza berean aparkatu ondorengo 12 orduetan.

2.- Aparkaleku-txartelaren titularra den elbarriak gidabaimena badu eta gidari-laguntzailerik behar ez badu, ibilgailua 3 egunetan mugitu gabe aparkatu ahal izango du elbarrientzako aparkaleku-plaza batean, eta ezin izango du berriro ere plaza berean aparkatu ondorengo 12 orduetan.

Dokumentazioa:

 Gipuzkoako Foru Aldundiak emandako elbarrientzako aparkaleku-plazarako baimen-egiaztagiria (kasu guztietan).
 Gidabaimena (bigarren kasuan).
 Ibilgailuaren matrikula (1.1 eta 2 kasuetan).
 Mediku, eskola, lan... edo dagokion maiztasunarekin jardueraren bat burutzera joaten den lekuko txostena (1.1 kasuan).

1.1 eta 2 kasuetakoei elbarrientzako aparkaleku-txartela emateaz gain, Azpeitiko Udalak beste txartel bat ere emango die, alkateak sinatua. Bi txartel horiekin ibilgailua mugitu gabe 3 egun jarraian utzi ahal izango dute elbarrientzako aparkaleku-plazan, eta ezin izango dute berriro ere plaza berean utzi ondorengo 12 orduetan.

Txartelak erraz ikusteko moduan jarri beharko dira ibilgailuaren aurreko kristalean.

8. Artikulua. Funtzionamendua.

1. Aparkaleku-txartela emateko arrazoietan aldaketaren bat izan bada, titularrek Udalari jakinarazi beharko diote, gehienez ere hamabost eguneko epean, bai eta, txartela galdu, lapurtu edo hondatzen bada ere.

Era berean, epe horren barnean jakinaraziko da aparkaleku-txartelaren titularraren heriotza.

2. Txartela galdu, lapurtu edo hondatzen bada, haren titularrei emaniko eskubideak ezin izango dira erabili berria egiten ez den bitartean.

Ordenantza honen 4. artikuluan xedaturikoaren arabera egingo da txartel berriaren eskaera.

3. Iraungitako txartel oro baliogabea da ondorio guztietarako.

9. Artikulua. Ezintasunak dituzten pertsonak garraiatzeko zerbitzu zehatzetarako erreserbak

Ezintasunak dituzten pertsonak garraiatzera bideratutako ibilgailuaentzako aparkaleku-plazak sortu ahal izango dira pertsona hauek jasotzeko zentroetan (Eguneko Zentroak, 3. adinekoentzako egoitzak...).

III. TITULUA. ZIGOR-ARAUBIDEA

I. KAPITULUA. ARAU-HAUSTEAK, ZIGORRAK, KAUTELA-NEURRIAK ETA ERANTZULEAK

12. artikulua. Arau-hausteak

1. Arau-hauste administratiboa izango da Ordenantza honek jasotzen dituen xedapenak ez betetzea eta bertan ezartzen diren debekuak urratzea.

2. Aplikatu beharreko berariazko araudi sektorialik izan ezean, Alkatetza-Lehendakaritzak edo hark aukeratutako Organoak zigortuko ditu Ordenantza honetan xedaturikoaren arau-hausteak, Titulu honetan zehaztutakoaren arabera, legeriak ezarritako mugen barnean eta kasu bakoitzean egon daitezkeen erantzukizun penalei kalterik egin gabe.

3. Ibilgailuen aparkaleku erregimenaren inguruko arau-hausteak, Trafiko, Ibilgailuen Zirkulazio eta Bide Segurtasunaren inguruko Legearen Testu Artikulatua onartzen duen martxoaren 2ko 339/1990 Errege Dekretu Legegilean, Zirkulazio Araudi Orokorra onartzen duen azaroaren 21eko 1428/2003 Errege Dekretuan, eta Udal Zirkulazio Ordenantzan xedaturikoaren arabera zigortuko dira.

Aurreko araudian oinarriturik, ezintasunak dituzten pertsonentzako erreserbetan baimendu gabeko ibilgailuak aparkatuz gero, dagokion zigorra jarriko da behar ez den lekuan aparkatzeagatik eta ibilgailua garabiak eramango du.

Horretarako, baimendu gabeko ibilgailua izango da, aparkaleku txartelik ez duena nahiz aparkaleku txartel baliogabea duena.

13. Artikulua. Arau-hauste motak

1. Arinak, larriak eta oso larriak izango dira arau-hausteak.

2. Arau-hauste arinak dira Ordenantza honetan jasotako arauen aurka eginikoak, hurrengo ataletan larri edo oso larri gisa kalifikatzen ez direnean.

3. Arau-hauste arina

Iraungitako txartela erabiltzea.

4. Arau-hauste larriak dira Ordenantza honetan sailkaturiko jarrerak, eta honako hauekin loturikoak:

a) Titularraren egoera pertsonalaren aldaketen berri ez ematea aldaketa horrek mugitzeko gaitasunaren hobekuntza dakarrenean.

b) Ibilgailua iristean edo irtetean, titularra ez dagoenean aparkaleku-txartela erabiltzea.

c) Ibilgailua aoarkalekuan uzteko txartelaren erabilira okerra, 7. atalean zehaztutako profilen arabera.

d) Aparkaleku-txartelen erreplikak oker erabiltzea.

e) Jatorrizko aparkaleku-txartelaren kopiak erabiltzea.

f) Udaltzainekin ez kolaboratzea edo/eta txartelen eta aparkaleku erreserben kontrol eta zaintzarako beharreko egiaztapenak egiten ez uztea.

g) Arau-hauste arin bat baino gehiago egitea.

5. Oso arau-hauste larriak dira honako jarrera hauek:

a) Aparkaleku txartela aparkaleku txartelaren titularra garraiatzen ez duen beste ibilgailu baten erabiltzaile edo jabeari uztea.

b) Txartel manipulatua, faltsutua, ezeztatua edo hildako pertsona batena erabiltzea.

c) Datu faltsuak edo okerrak nahita ematea aparkaleku edo erreserba berezien txartelen eskaeretan, txartel horiek emateko funtsezkoak direnean.

Arau-hauste horrek berekin ekarriko du txartel edo aparkaleku erreserbatuaren kautelazko etenaldia, horiek eskatzeko prozedura osoa berrikusi arte.

d) Ordenantza honen aurkako arau-hausteengatik etendako txartelak erabiltzea.

e) Txartela eteteko zigorra betetzeko aparkaleku-txartela ez entregatzea.

f) Arau-hauste larri bat baino gehiago egitea.

14. artikulua. Zigorrak

1. Zigorrak jartzerakoan, arau-haustea ekarri duen ekintzaren larritasunaren araberakoa izango da ezarritako zigorra, eta aplikatu beharreko zigorraren maila zehazteko bereziki kontuan hartuko da nahita egin den edo arau-haustea errepikatu den, eragindako kalteen izaera eta berriz egitea, urte batean izaera bereko arau-hauste bat baino gehiago izateagatik erabaki finkoaren bidez halaxe adierazi denean.

2. Arau-hauste arinengatik 90 euro arteko isuna jarrito da, arau-hauste larriengatik 91 - 200 euroko isuna jarriko da eta oso arau-hauste larriengatik 201 - 600 euroko isuna jarriko da. % 50eko beherapena egingo da berehala ordainduz gero, eta betiere, jakinarazpena jaso eta 20 egunen buruan ordainduz gero.

3. Arau-hauste larrien kasuan, gainera, aparkaleku-txartela baliogabetu ahal izango da, gutxienez hiru hilabeterako eta gehienez sei hilabeterako.

4. Oso arau-hauste larrien kasuan, berriz, aparkaleku txartela baliogabetu ahal izango da gutxienez sei hilabeterako eta gehienez urtebeterako.

5. Oso arau-hauste larriak errepikatzen badira, aparkaleku-txartela baliogabetu ahal izango da gutxienez urtebeterako, eta txartela berritu ezina ere ekar lezake.

6. Ordenantza honen aurkako arau-hausteengatik aparkaleku-txartela entregatzeari uko egiteak txartela berritu ezina ekar lezake.

15. artikulua. Kautela-neurriak

Trafikoa zaintzeko ardura duten agintari-agenteek berehala konfiskatu ahal izango dituzte faltsututa daudela egiaztatutako txartelak, jatorrikoen fotokopia manipulatuak, baliogabetuak, etenak, iraungiak edo hilik dauden titularrenak. Egindako arau-haustearen frogatzat hartuko dira horiek, eta tramitatzen den espediente administratibo edo judizialari erantsiko zaizkio.

16. artikulua. Arduradunak

Ordenantza honetan xedatutakoaren araberako arau-hausteen erantzukizuna arau-haustea egin duenarena izango da zuzenean.

II. KAPITULUA. PROZEDURA

17. artikulua. Zigor-prozedura

Gai honetan zigor-ahalmena gauzatzeko ezarrita dagoen legezko edo erregelamenduzko prozeduraren arabera ezarriko dira zigorrak.

XEDAPEN GEHIGARRIA

Udalerri honetan, ordenantza honek mugikortasun gutxitua dutenentzako ibilgailuak aparkatzeko titularrei aitortutako eskubideak izango dituzte Estatuan bizi diren espainiarrek eta Europar Batasuneko gainerako Estatu kideetakoek,aparkaleku-txartelaren jabe baldin badira, eredu komunitarioaren arabera (Europako Komunitateko estatu kideei emandako gomendioan xedatutakoaren arabera, Europar Batasuneko Kontseiluak 1998ko ekainaren 4an onetsia baita), agintari eskudun bakoitzak egina.

AZKEN XEDAPENA

Ordenantza hau Gipuzkoako ALDIZKARI OFIZIALEAN argitaratu eta handik hamabost egunera jarriko da indarrean. Guztiek jakin dezaten argitara ematen da.

2017 - Azpeitiko Udala.
ElkarMediak garaturiko webgunea

Jakinarazten dizugu webguneak berezko zein beste batzuen cookieak dituela, eta horien bidez zerbitzu hobea eskaini nahi dizugu, eta nabigazio-esperientzia hobetu nahi dugu. Webgunetik nabigatzen jarraitzen baduzu, horrek esan nahi du onartzen duzula aipatutako helburuekin cookieak erabiltzea Informazio gehiagorako Cookien politika.

Webgune honetako Cookien politika onartzen dut

EU Cookie Directive Plugin Information