wrapper

Oharrak

HERRITARREN PARTAIDETZARAKO ARAUDIA

ATARIKOA
Gure inguruko ordezkaritza bidezko sistema demokratikoak -zeintzuetan garatzen duen bere lana instituzioek - finkatuta badaude ere, horrek ez du saihestu izan ditzaketen mugei aurre egin beharra, eta demokrazia-esperientzia partaidetzarako beste modu batzuetara zabaltzea, modu osagarrian sistema demokratikoa aberasteko, haren oinarriak tinkoagotzeko.
Gizarte gero eta konplexuagoak sortzen ari direnez, eta horietan gizarte behar berriak agertzen ari direnez, areagotu egiten da gizartearen eta instituzioen arteko tartea handiagotzeko arriskua, eta aldi berean, herritarren aldetik parte hartzeko eskari berriak sortzen ditu.
Azken aldi honetan, agerian geratzen ari da herritarren partaidetza zuzenerako formak bultzatzearen beharra, demokrazia ordezkatzailearen instituzioen osagarri modura eta gure gizartearen izaera demokratikoan sakontzearren, eta hori instituziorik esanguratsuenetan ari da agerian jartzen azken garaietan, eta bere isla du oinarrizko hainbat testu juridikotan.
Gogoeta hauek zehaztutako norabide berean egin nahi du aurrera Araudi honek, eta horretarako, herri honetako biztanleen partaidetza zuzenerako tresnak eta prozedura espezifikoak ezartzen ditu, zentzurik zabalenean.
Araudi honen bidez, Azpeitiko Udalak herriko gai publikoetan parte-hartze demokratikoa eta gardentasuna sustatzeko duen konpromiso argi eta irmoa adierazi nahi du herritarren aurrean. Alde horretatik, Azpeitiko Udalak sustatu egingo du Araudi honetan arautzen diren parte-hartze eskubideak benetan erabiltzen direla, horiek osotasunean gauzatzeko oztopoak kenduta. Halaber, pertsonak elkarteetan elkartu eta aritzea ere bultzatuko du, herriko gizarte-sarea indartu eta interes orokorreko ekimenak garatzeko; eta aldi berean, gizarte-elkarrizketarako egoerarik okerrenean dauden taldeen artean ere elkartegintza eta etorkinen parte-hartzea ere sustatuko ditu. Horiek horrela, Azpeitiko Udalak sustatu egingo du herritarren interes orokorrak edota arlokoak babesteko elkarteen garapena ere, beren jardueren gaineko ahalik informazio zabalena emanez eta, bere aukeren barruan, baliabide publikoak erabiltzeko eta diru-laguntzak eskuratzeko, elkarte horiek jarduerak egin ditzaten, eta Udalbatzaren kudeaketan horien partaidetza bultzatu, herri-onurakotzat ere aitortuz, beharrezko izango balitz.
Udalari dagokio partaidetzazko deliberazio prozesuak arautu eta bultzatzea, hau da, jokabide publiko zehatz bat zehaztu edo erabakitzeko prozedura bat osatzen duten egintzen multzoa, zeintzuen edukia den hartu beharreko erabakiaren eta haren ezaugarrien gaineko, bai eta, legokiokeenean, arlo horretan leudekeen aukeren gaineko eztabaida publikoa, eta zeinetan zuzenean parte hartzen duten hartu behar den erabaki edo jokabideari dagokion eremuan bizi diren pertsonek edo aritzen diren herritarren erakundeek.

Partaidetzazko deliberazio prozesuak udal-barrutian garrantzi edo eragin berezia duten jokabide edo jarduera publikoen zehaztapenari dagozkion prozeduretan egin ahal izango dira.
Horrez gain, partaidetzazko deliberazio prozesuak prozeduraren hainbat fasetan ere egin ahal izango dira, onartu behar den proiektu edo jardunbide publikoak, tramitazio aldian, hasera batean pentsaezina zen transzendentzia hartu duenean, edota haren ezaugarrietan funtsezko aldaketak gertatu direnean.

Partaidetzazko deliberazioak, kasuan bakoitzean, gaiaren izaera edo berezitasunen arabera egokienak izango diren forma eta ezaugarriak hartuko ditu.
Udalaren konpromiso hau oso atal garrantzitsua da, toki demokraziari egokitutako partaidetza sistema bat sortu eta finkatzeko asmo sendoan txertatzen dena, gizarte orok lortu nahi dituen bide eta portaera demokratikoak hedatzeko ekarpen moduan.
Halaber, Teknologia berriak hartzen ari diren gero eta garrantzia handiagoaren, eta horiek informazioa eskuratzeko eta partaidetzarako prozesuak indarrean jartzeko lanean eskaintzen duten ekarpen ikaragarriaren jakitun izanik, baliabide horiez baliatzeko aukerak bultzatuko ditu, dituen aukeren neurrian eta beste administrazio eta eragileekin lankidetza tekniko eta ekonomikoaren baitan, etxebizitzetara konexioa bultzatzeko eta iresbidea izateko gune publikoak eskaintzeko, udal ekipamendu eta bulegoen bidez. Herritarrek herriko bizitza publikoko gaietan benetan esku hartzeko egokiak diren izaera organikoko arau, prozedura eta organoak sustatzen jarraitu behar dugu, informazio eta komunikazio teknologien erabilera elkarreraginekoa bultzatuz herritarren partaidetza eta harremanerako, agiriak aurkezteko eta tramitazio administratiboak, inkestak, eta legokiokeenean, herri-galdeketak egiteko.
Herriko gobernuaren eskumenen baitan, Araudi honetan aitortutako eskubideei babes berezia emango die Azpeitiko Udalak, eta dagozkion erantzukizunak eskatuko dizkie eskubide horiek errespetatuko ez dituzten edota haiek gauzatzea oztopatzen duten udal agintari eta langileei.


I. KAPITULUA.
HERRITARREN PARTAIDETZA-ESKUBIDEAK.

1. artikulua. Xedea.
1. Araudi honen xedea da Azpeitiko herrian bizi diren pertsona egoiliarrek udalaren gobernu- eta administrazio-eginkizunetan parte hartzeko tresnak eta prozedurak arautzea.

2. Araudi honetan xedatuta datorrenak osatu egiten du oro har antolamendu juridikoan edo, berariaz, Azpeitiko herrian finkatutako erregulazioa, eta ez du eragingo, inolaz ere, herritarren partaidetza eskubideak murrizterik edo ahultzerik.


2. artikulua. Aplikazio esparrua.
1. Araudi honen aplikazio esparru objektiboa Azpeitiko herria da. Gainera, araudi honek herritarren partaidetza sustatzeari begira elkarteek izan beharreko lankidetza arautzen du, helburu horretara zuzendutako hainbat tresna jarriz haien esku.
2. Aplikazio esparru subjektiboa Azpeitiko biztanleen udal-erroldan sartutako pertsonena da, edozein izanik ere haien naziotasuna, bai eta herritarren elkarteak ere, parte-hartze eskubide batzuk erabili ahal izateko berariaz eska dakizkiekeen betebeharren kalterik gabe.


3. artikulua. Helburuak.
Araudi honen helburuak honako hauek dira:
a) Azpeitiko gai publikoetan herritarren partaidetza, sustatzea eta bultzatzea, eta partaidetza hori ezartzea udal administrazioaren funtzionamenduan, beronen kudeaketa maila desberdinetan;

b) Herritarren eta herritarrak antolatzen diren taldeen eskubide demokratikoak garatzea, demokrazia ordezkatzaileko eskubideak eta teknikak osatzen eta hobetzen dituzten partaidetzazko demokraziaren prozesu, praktika eta tresnak baliatuta;
c) Herritarren partaidetzaren kultura, sustatzea;

d) Herritarrak kudeaketa publikoan inplika daitezen bultzatzea, gai publikoak interesatuko zaizkien herritar aktiboak izatearren;

e) Gobernuaren jardueraren gardentasuna areagotzea eta gobernu jardueraren eta Azpeitiko gizartearen arteko lotura egituratzea;

f) Botere publikoak gizartearen behar eta dinamiketara zabal daitezen bultzatzea;

g) Politika eta administrazio jarduera eraginkorragoa izan dadin bultzatzea gizartearen elkarlanaren bidez, hain zuzen politika publikoen prestakuntzan eta lortutako emaitzen balorazioan baliatu ahal izatearren herritarren ezaguerak eta esperientziek ematen duten aberastasuna;
h) Gizarte elkartasun eta integrazio maila handiagoak bermatzea, berariazko ekarpena eginez genero berdintasunaren arloan eta baliabide ekonomiko, kultural edo sozial urriagoak izateagatik interesak defendatzeko desabantaila egoeran dauden pertsonen interesen defentsaren arloan;
i) Elkarte-ehuna sustatzea eta partaidetzaren kultura eta ohiturak zabaltzea;
j) Herriko elkarte eta entitateekin elkarlanean aritzea, herritarren partaidetza sustatzeko eta erakunde horien gobernu eta administrazio jardueran partaidetza prozesuak aurrera eramateko.

4. artikulua. Eraginkortasuna.
1. Ordezkaritza bidezko parte hartzearen tresna osagarri bat da Araudi honetan arautzen den eta herritarren partaidetza, Udalak hartzen dituen erabakietako aniztasuna sendotzera zuzendua.

2. Udalbatzaren erabakitze prozeduretan herritarren partaidetzarako tresnak ezartzeak ez du inolako aldaketarik, ez murrizpenik ekarriko Azpeitiko Udalak dagozkion erabakiak hartzeko unean izango dituen ahalmen eta erantzukizunetan.


5. artikulua. Informazioa jasotzeko eskubidea.
1.- Pertsona guztiek, hala pertsona fisikoek nola juridikoek, bakarka edo taldean, udal jarduera eta zerbitzuen informazio zabal eta zehatza izateko eskubidea dute, bai eta indarrean den legerian araututakoaren arabera udal agiritegi publikoetara sartzeko aukera izateko eta Udalak ezarritako informazio orokorreko bitarteko guztiak erabiltzeko ere.
2.- Udalak eskubide hori erabiltzeko bide emango du, eta edonork egin ditzakeen informazio eskaerei erantzuteko informazio orokorreko bideak sortuko ditu. Eskaerak egiteko muga bakarrak legeek ezarritakoak izango dira, bereziki haurrak eta gazteak babesteko eskubideei, pertsonek intimitaterako duten eskubideari edo herri segurtasunari dagozkienak.
3.- Herri-intereseko egoeren ondorioz hala komeni denean, eta aurrez udal organo eskudunak adostasuna eman badu, udalerrian bizi diren herritar guztiei bidaliko zaizkie udal erabaki eta xedapenak, Aldizkari Ofizialetan nahitaez argitaratu beharraren kalterik gabe. Hedapen hori, era berean, ohizko erabilera duten leku publiko eta pribatuetan argitaratuta ere egin ahal izango da.
4.- Herritarrei ahalik eta informazio zabalena emateko helburuarekin, bere kide anitzeko organoek hartutako erabakien laburpenak argitaratuko ditu Udalak iragarki taulan eta Udalaren web orrian. Halaber, buletin bat ere argitaratuko da udal informazio garrantzitsuenarekin.
5.- Azpeitiko Udalak baliabide teknologikoak eta gizarte-sareak erabili ahal izango ditu baliabide horiek erabiltzen dituzten herritarrei atal honetan adierazitako informazioa igortzeko. Herritarrek posta elektronikoen zerrenda horretan sartzeko eskaera egiteko eskubidea izango dute, bide horretatik jasotzeko osoko bilkuraren eta gobernu batzarraren aktak, Udalaren bandoak, udal plangintzarako behin betiko onartutako erabakiak eta herritarren partaidetza prozesuei buruzko dokumentazioa jasotzeko.
6.- Beste edozein informazio idatziz eskatu beharko da. Eskaera horretan zehaztu egin beharko dira eskatzailearen datuak (izena, abizenak eta identifikazio fede-emailea), bere izenean edo norbaiten ordezkaritzan egiten duen, eta zer nolako informazioa kontsultatu nahi duen zehatz azalduko du. Informazio eskaera hori izapidetze-fasean den espediente baten gainekoa izango balitz, informazio hori eskuratu ahal izateko, eskatzaileak interesdun-izaera izan behar du, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen 30/1992 Legearen 31. artikuluan xedatutakoaren arabera. Hala eta guztiz ere, herritar guztiek hirigintzako edo ingurumeneko gaien gaineko espedienteetan eta, oro har, ekintza publikoaren printzipioa nagusi den gai guztietan sartzeko eta agertzeko eskubidea bermatu beharko da.

Dokumentu idatzi, grafiko edo euskarri informatikoetan jasoa dagoen informazioa bada, haren kopia eskatu ahal izango da. Halaber, pertsona fisiko edo juridiko guztiek dute udal organo erabakitzaileek hartutako erabaki guztien ziurtagiriak eskuratzeko eskubidea.
7.- Edonola ere, informazioa jasotzeko eskubidea erabiltze hori bateratu egin beharko da izaera pertsonaleko datuei buruzko legeria betetzearekin eta pertsonen intimitatea errespetatzearekin. Halaber, eskubide hori ezin izango da erabili Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen 30/1992 Legearen 30. artikuluaren 5. atalean aipatutako espedienteen gaineko informazioa eskatzeko.
8.- Herritarrek eskubidea dute Azpeitiko Udalaren osoko bilkuretara joateko. Bilera horien aztergai zerrenda www.azpeitia.net web orrian argitaratuko da, jakinaren gainean izateko.
9.- Herritar guztiek dute eskubidea toki korporazioek hartutako erabakien eta horien aurrekarien kopiak eta egiaztagiriak eskuratzeko, bai eta agiritegiak eta erregistroak ikusteko ere.


6. artikulua. Entzuna izateko eskubidea.
1. Prozeduren tramitazioetan edo udal jarduketak egiten direnean, entzunak izateko eskubidea dute pertsona guztiek, baldin eta bidezko interesa baldin badute prozedura eta jarduketa horietan.
2. Administrazio-espedienteen tramitaziora sarbide izateko aukeraren kalterik gabe, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Prozedura Erkidearen gaineko azaroaren 26ko 30/1992 Legean zehaztutakoaren arabera, eskubide hori herritarren intereseko gaiak jorratzeko Udalaren ekimenez deituta edo herritarrek beraiek egindako proposamenaren bidez ere erabili ahal izango da.

3. Alkateak, urtean behin gutxienez, udal arduradunen eta herritarren arteko topaketa baterako deia egingo du. Elkartze horrek, 21. artikuluaren bidez araututako Herri-kontseiluaren bidez zenbait ekimenen edo jarduera programaren berri emateko, eta herritarren proposamenak jasotzeko balioko du.


7. artikulua. Eskaerak egiteko eskubidea.
1.- Pertsona guztiek dute, bai bakarka, bai talde moduan, udal gobernuari eskaerak egiteko edo/eta udal jarduerei buruzko azalpenak eskatzeko eskubidea, betiere Udalaren eskuduntza diren gaien gainean. Eskubide hori gauzatzeko, legeak zehaztutako edozein bide erabili ahal izango da, eskatzailearen nortasunaren eta eskaeraren helburua behar den eran egiaztatzeko era ematen badu.
2.- Eskaera horietan kexak, iradokizunak edo proposamenak aurkez daitezke, eta Herritarren Arretarako Zerbitzuan, Udal Erregistroan edota iradokizunen ontzian aurkeztu ahal izango dira. Udalak jarritako bitarteko elektronikoak edo telematikoak ere erabili ahal izango dira horretarako. Talde moduan egindako eskariek eskatzaileen nortasuna egiaztatzeko aukera eman beharko dute.
3.- Udalera jotzeko aurreikusiak dauden bideez gain, iradokizunentzako ontzi bat jarriko da udaletxean, eta atal bat jarriko Udalaren web orrian (www.azpeitia.net).


8. artikulua. Udalaren batzarraldi irekietan esku hartzeko eskubidea.

1. Edozein pertsonak du Udalbatzaren ohiko batzarraldietan parte hartzeko eskubidea, hala eskatzen badu.
2. Eskubide hau gauzatzerakoan honako baldintzak bete beharko dira:
a) Eztabaidatu nahi den gaiak batzarraldiko aztergai-zerrendan sartutako beste batekin/batzuekin zerikusi zuzena izan beharko du; edota herritarren ekimen edo proposamen eskubideak, edota haien babesak, babestua egon beharko du.
b) Eskatzailea elkartea bada, hura benetan badagoenaren eta lanean diharduenaren berri izatea.
c) Partaidetza Alkatetzari eskatu beharko zaio, idatziz, batzarraldia egin baino lanegun bat lehenago, gutxienez.
d) Alkateak ezezkoa eman ahal izango dio partaidetza horri, batik bat Udalak ez badu eskumenik dagokion gaian, aztergai-zerrendan ez badago sartua, edota beste batzarraldi batean jadanik aurkeztu izan bada aurreko sei hilabeteetan.
e) Ez da partaidetzarik onartuko ohiz kanpoko batzarraldietan, edota presazko izaeraz deitu direnetan.


3.- Batzarraldia gidatzen duenari dagokio hitz-txanda ireki hau gidatu eta arautzea.
4.- Eskatzaileak hamar minutu izango ditu bere azalpenak emateko. Horren ondoren udal-taldeen partaidetzak egingo dira, eta Alkateak edota dagokion zinegotziak erantzun ahal izango du. Ondoren, erantzuteko eskubidea izango du eskatzaileak, eta jarraian udal-taldeen partaidetzak berriro, eta Alkateak itxiko du partaidetzen txanda.
5.- Udalbatzaren osoko bilkurak Araudi honen 6. artikuluan aurreikusitako ekimen edo proposamenen bat lantzen duenean, automatikoki osoko bilkura horretan partaidetzarako eskubidea ekarriko du, edozein delarik ere duen izaera, eta artikulu honen 4. puntuan zehaztu den denbora-mugapenik gabe.
6.- Partaidetza eskariei ezezkoa emateak beti arrazoitua izan beharko du, eskatutakoari baiezkoa ematea eragozten duten arrazoiak berariaz azalduta.
7.- Osoko bilkura amaitutakoan, Alkateak galdera eta eskarien txanda bat irekiko du bertaratutako jendearentzat, udal intereseko gai zehatzen gainekoa. Alkateari dagokio txanda hori gidatzea eta ixtea.


9. artikulua. Herri ekimenerako eskubidea.
1.- Herri ekimenak aukera ematen dio edozein pertsonari udal ekintzak edo jarduerak sustatzeko, hala nola:
a) Bere eskuduntzako esparruetan proiektuak edo erregelamenduak onartzea proposatzeko eskubidea;
b) Udalbatzaren aztergai-zerrendan gaiak sar daitezela proposatzeko eskubidea;
c) Udal interes publikoko jarduera zehatz bat egin dezala eskatzeko Udalari, eskatzaileek beraiek diru-baliabideak, ondasunak, eskubideak edota norberaren lana jartzeko hitza emanaz.
d) Herri kontsulta. Artikulu honen bidez araututako herritarren ekimenek herri mailako herri-kontsulta egiteko proposamena ekarri ahal izango dute berekin, eta horrela izango balitz, Araudi honetako 10. artikuluan eta ondorenekoetan aurreikusitako prozedura eta betekizunen arabera tramitatuko da.


10. artikulua. Herri kontsultak: definizioa eta edukia.
1. Aurreko artikuluan adierazi den herri-ekimena herri kontsulta moduan plantea daiteke, eta hori herritarren partaidetzarako modu bat izango da Azpeitiko udalerrian.
2. Azpeitiko udalak, indarrean den legediaren barnean eta udal eskumenen esparruan, herri kontsultak egin ahal izango ditu hartu beharreko erabakiaren edo politikaren baten gainean bere herritar guztien edo herritar talderen baten iritzia zein den jakiteari egoki irizten dion kasuetan.
3. Artikulu honetan araututako herri kontsultak modalitate guztietakoak izan daitezke. Edonola ere, herri kontsulta eskatu dutenek planteatu egin beharko dute herritarren iritzira jarri nahi duten gai zehatza.

Kontsulta bat beraren baitan galdera bat baino gehiago egin ahal izango da.
4. Proiektuak aukeratzeko ere egin ahal izango dira herri kontsultak. Udalak aztertu dituen proiektuak aurkeztu beharko ditu eta deitzaileek proiektu konkretu bat planteatu ahal izango dute, proiektu zehatz horretan ezarritako muga ekonomiko eta teknikoen baitan.
5. Herri kontsultak egiteko, egoera bakoitzean egokien iritzitako prozedura demoskopikoak erabili ahal izango dira, gaiaren izaera edo ezaugarriak aintzat harturik, eta pertsona egoiliarren partaidetza ahalik eta gardenena izan dadin, kasuan kasuko gaiari buruz duten iritzia emanez.

6. Halaber, ezingo da gai beraren gaineko kontsulta bat baino gehiago egin legealdi bakoitzean.


11. artikulua: Herri kontsultak egiteko ekimena.
Araudi honetan araututako herri-ekimenak bi bidetatik ekin ahal izango dira:
a) Alkatearen ekimenez. Horrelakoetan, udalbatzaren gehiengo osoaren aldeko erabakia beharko da aurrez.
b) Azpeitiko herritarren ekimenez, beti ere, Azpeitiko udalerri osoan -edota herri kontsultaren gaiak modu garrantzitsuan eragindako herri-eremu zehatzean- erroldatutako adin nagusitasuna duten pertsonen ehuneko hamabostak, gutxienez, banaka, eskaera zehatza idatziz gauzatzen badute. Eskarian zehaztu egin beharko dira identifikazio-datuak (izena, deiturak eta nortasun-agiria) eta eskatzaile bakoitzaren sinadura.


12. artikulua: Herri kontsultak egiteko ekimenaren gaineko erabakia.
1. Modu indibidualean Azpeitiko herritarren ekimenez herri kontsultak egiteko ekimenen kasuan, Udalbatzak hura egiteko erabakia hartu beharko du. Edonola ere, Udalbatzak ezetza eman ahal izango dio herri kontsultaren deialdiari, baina honako egoeretan bakarrik:
a) Ez datorrenean behar adinako sinadura kopuruarekin.
b) 8. artikuluan zehaztutako epeetakoren batean eskatu baldin bada.
2. Herri kontsulta egiteko ekimenari dagokion Udalbatzaren erabakia iragarri egingo da Udalaren web ofizialean eta iragarkietarako oholean.

3. Udalak hartu beharreko erabaki edo jokabide baten gaineko herri-kontsulta bat egitea onartzeko hartuko den erabakiak, azken erabakia baldintzatuko duen beste edozein tramite aurrera eramatea bertan behera utziko du, harik eta herri-kontsultaren prozesua amaitzen den arte.


13. artikulua.- Herri-kontsultak argitaratzea.
Herri-kontsulta bat egiten denean, Udalak atera diren emaitzak argitaratu egin beharko ditu, hura identifikatuko duten datu tekniko guztiak zehaztuz.

14. artikulua. Herri kontsulten ondorioak.
1. Herri kontsulta baten emaitzak zehaztutakoan, Azpeitiko Udalak, hiru hilabeteko epean, erabakia hartuko du zehaztuz atera diren emaitza horiek hartu beharreko erabaki edo politikari zer-nola eragiten dioten. Zehazki, Udalak zehaztu egin beharko du herri kontsultaren bidez lortu diren emaitzek proiektuarekin jarraitzea dakarten edota bertan behera uztea, edota ordezko proiektu bat aurkeztea edo aldatzea, edota, haseran proposatu zen modu berean proiektuarekin aurrera jarraitzea nahi duen. Proiektua aldatzea erabakiko balitz, zehaztu egin beharko dira hari egingo zaizkion aldaketak.

2.- Udalak arrazoitu egin beharko du hartutako erabakia.


15. artikulua. Hirigintza arloko informazioa.

1. Azpeitiko Udalak hala eskatzen duten herritarren eskura izan beharko ditu bere lurralde-eremuan indarrean diren hirigintza eta lurralde antolaketarako tresnen, kudeaketarako dokumentuen eta hirigintza-hitzarmenen kopia osoak.

2. Azpeitiko Udalak baliabide telematikoen bidez argitaratuko du indarrean diren hirigintza eta lurralde antolamendurako tresnen eduki eguneratua, bai eta horiek jendaurreko informazioaldian jartzearen iragarkiak eta haiek onartzeko edo aldatzeko garrantzitsu diren izapidetze-egintza guztiak.
3. Antolamendu-ahala bere osotasunean gauzatzearen ondorioz egiten ez den hirigintzako antolamenduaren aldaketa batek handitu egiten badu eraikigarritasuna edota dentsitatea, edota lurraren erabilerak aldatzen baditu, espedientean jaso beharko da hari hasera eman aurreko bost urteetan eragina jasandako finken gainean beste eskubide batzuek dituzten titularren eta jabeen nortasuna, Erregistroan edota arlo horretan indarrean den legeriaren arabera interesdunei jakinarazpenak egiteko erabilitako tresnan agertzen direnaren arabera.


16. artikulua.- Kexak, erreklamazioak eta iradokizunak aurkezteko eskubidea.
1. Pertsona guztiek eta herri-elkarte guztiek dute udal jardueraren eta herriko zerbitzu publikoen gaineko kexak, erreklamazioak eta iradokizunak aurkezteko eskubidea, dagozkion administrazio- edota jurisdikzio-errekurtsoak aurkeztearen kalterik gabe.

Kexa, erreklamazio eta iradokizunak aurkezteko bideak Araudi honen 7. artikuluan zehaztuak datozenak izango dira.
2. Halaber, aurkeztutako kexa, erreklamazio eta iradokizunak izapidetzeko prozedura bat eratu beharko du Udalak, erreklamazioa aurkeztu duten pertsonek erantzuna jasotzeko duten eskubidea bermatzeko, edonola ere.


17. artikulua. Elkartzeko eskubidea.
1. Azpeitiko pertsona eta elkarte guztiek dute Udalaren lokal, ekipamendu eta espazio publikoak erabiltzeko eskubidea, elkartzeko duten eskubidea gauzatzeko; baldintza bakarrak espazioaren ezaugarriek eta udal ordenantzek jarritakoak izango dira.

2. Espezifikoki, erabilera horietarako ekipamenduak jarriko ditu Udalak, behar bezala prestatuta. Ekipamendu horien erabilera zehaztu egin beharko da, elkarteek eta herritarrek erabiltzeko eta horietara iristeko aukerarik zabalena emateko eran.


18. artikulua.- Partaidetza eskubidearen sustapen eraginkorra.
1. Udalak kapitulu honetan arautzen diren partaidetza eskubideak modu eraginkorrean gauzatzea sustatuko du, hori bere osotasunean gauzatzeko oztopo guztiak kenduz.
2. Legeek zehaztutako esparruaren baitan, Udalak bultzatu egingo du gizarte-interlokuziorako egoerarik okerrenean dauden pertsona eta taldeen elkartegintza, eta etorkinen partaidetza sustatuko du.


II. KAPITULUA.
UDAL ANTOLAMENDUA
Lehenengo sekzioa.- Informazio, Arreta eta Komunikazio sistemak.


19. artikulua.- Herri-mailako komunikazioa.
1.- Herritarrentzako intereseko proiektu eta jarduerak, jendaurreko informazio epeak eta jardueren agenda jakinaraziko ditu Udalak, argitalpen idatzi, internet eta gizarte-sareen bidez.

2. Udalak herrian karteldegi, iragarki-ohol, banderatxo eta antzekoak jartzeko guneen sorrera bultzatuko du, jarduera hori arautzen duten udal agintarauen arabera aukera eman dezaten udalerriko gizarte-eragileek egingo dituzten herri-intereseko jarduerak iragartzeko.

20. artikulua. Udalaren web gunea.
1. Udal web gunea (www.azpeitia.net) bultzatuko du Udalak eta han eman ahal izango da interes orokorreko jardueren berri, bai gobernu organoen eta Udalaren Osoko bilkurena, bai eta herriko elkarte-sarearen berri eta herriarentzat garantzitsuenak diren jardueren agenda ere.

2. Webgune horrek ahalik eta zehaztasun handienarekin emango du udalerriarentzat garrantzizkoak diren proiektuen berri. Halaber, kontsultak eta administrazio-izapideketak egin ahal izango dira, bere garaian erabakiko diren prozeduren bidez. Webgune horretan herri-intereseko gaiez eta antzekoez eztabaidatzeko foroak eta ideiak, iritziak eta iradokizunak aurkezteko gune bat bultzatuko da.

3. Baliabide teknologikoen erabilera orokortzen den neurrian, Udalak bere presentzia garatuko du, modu progresiboan, gizarte-sareetan.
4. Udalak, halaber, sinadura elektronikoaren erabilera bultzatuko du, hura garatuko duten lege eta erregelamenduen arabera, Herri Administrazioen gaurkotzeko eta herritarrengana progresiboki eta etengabe hurbiltzeko prozesuaren baitan.

21. artikulua.- Administrazio-prozeduretan epeak luzatzea.
Administrazio-espedienteetara iristea errazteko, eta informazio eta proposamen eskubidea modu eraginkorrean erabili ahal izateko, administrazio-prozedurak arautzen dituzten arauetan ezarritako epeak luzatu ahal izango dira, garrantzi handiko egoeretan, prozedura horretan eskumena duen organoak hartutako erabakiaren bidez.
Bigarren sekzioa.- Elkarte eta herritarren taldeen partaidetza.


22. artikulua.- Elkarteen eskubidea informazioa jasotzeko.

Araudi honen 5. artikuluan aitortzen den udal informazioa jasotzeko eskubide orokorraren kalterik gabe, udalerriko elkarte eta taldeek, gainera, honako eskubide hauek izango dituzte:

a) Udalari jakinarazitako posta elektronikoko helbidean Azpeitiko Udalaren osoko bilkuren deialdiak jasotzekoa.
b) Udalak azaldu eta zabalduko dituen udal argitalpen eta informazio guztiak jasotzekoa bere elkartearen helbidean, beti ere elkartearentzat interesgarriak badira hark duen helburuaren arabera.
c) Bere jarduera eremuan sar daitezkeen udal ekimen eta proiektuen gaineko informazioa jasotzekoa.


III. KAPITULUA:
PARTE-HARTZEKO ORGANOAK
Lehenengo sekzioa. Herri-kontseilua.


23. artikulua.- Herri-kontseilua.
1. Azpeitia osoari eragiten dioten jarduerak aztertu eta koordinatzeko parte-hartze organoa da herri-kontseilua.
2. Horren funtzio nagusiak dira jarduera-plan orokorrak eztabaidatzea, kexa eta iradokizunak bideratzea, txostenak egitea, ikerketak sustatzea eta garapen ekonomiko, lokal, herriaren planifikazio estrategiko eta herri-proiektu handien garapenerako proposamenak egitea.

Jakinean izateko, besteren artean honako funtzioak adierazi nahi dira espezifikoki:


a) Alkateak, Udalbatza Osoak edota parte-hartzeko edozein udal kontseiluk eskatutako gaien gaineko txostena egitea.
b) Udal jarduerarako planaren, ordenantzen eta izaera orokorreko beste zenbait xedapenen berri izan eta eztabaidatzea.
c) 6. artikuluan zehaztutako tramitazioa beteko dituzten izaera orokorreko xedapenak onartzea proposatzea.
d) Udal gobernuari aholku ematea udal-kudeaketako eta politikako gidalerro handien gainean.
e) Udal aurrekontuaren eta haren exekuzioaren emaitzen berri izatea.
f) Herri-mailako edo maila txikiagoko entzute-aldi publikoak egitea proposatzea.
g) Partaidetza prozesuak egitea bultzatzea, gai zehatzetan.

h) Herri-kontsulta edo erreferendumak egitea proposatzea, edota herritarren kontseiluak deitzea.
i) Herriarentzat interesekoak diren gaien gaineko ikerketak egitea proposatzea, eta haien emaitzen gaineko eztabaida bultzatzea.
j) Auzoetako batzarrak koordinatzea.


24. artikulua.- Osaketa.
1. Alkatea, edota horrek eskuordetza emango dion pertsona, izango da buru.
2. Herri-kontseiluaren kide dira:
Askatasun osoz bileretara agertu nahi duten 16 urtetik gorako Azpeitiko herritar guztiak.
Eta, batik bat, herriko erakunde sozial, sindikal, profesional eta enpresarial esanguratsuenen ordezkari diren pertsonak.


25. artikulua.- Funtzionatzeko modua.
1. Herri-kontseilua gutxienez urtean behin elkartuko da, eta Alkateak edota udalbatza osoak horretarako deia egiten duen guztian.
2. Kontseiluak berak aurreikusi ahal izango du Batzorde iraunkor bat sortzea, eta haren osaketa eta zereginak zehaztuko ditu, bai eta herriko zerbitzu publikoetako arduradunak elkartuko dituzten lan-talde eta batzorde teknikoak sortzea ere, bai horiek udal eskumenekoak izan, bai beste administrazio batzuen eskumenekoak.
24. artikulua. Sektore kontseiluak (Arloetako foroak).
1. Sektore kontseiluak edo Arloetako foroak informazio, kontsulta, kontrol eta proposamenak egiteko organoak dira, eta Udalaren jarduera-sektore edo eremu bakoitzaren kudeaketan parte hartzeko aukera ematen diete herritarrei. Beraz, partaidetzarako gaikako organoak dira.

2. Udalaren jarduera sektore edo eremu bakoitzerako sektore kontseilu bat eratu ahal izango da, Udalak osoko bilkuran hartutako erabakiaren bidez, alkateak, edota elkarteen udal erregistroan inskribatuta dauden eta jarduera nagusia sektore horretan burutzen duten elkarteen %10ak proposatuta, edota legezko obligazioz.

3. Sektore kontseiluen eskumenekoak izango dira honako hauek:
a) Udalaren jarduera eremu bakoitzaren kudeaketak eragindako pertsona edo elkarteek, edo interesdunek partaidetza zuzena izan dezaten sustatzea; horretarako informaziorako, sustapenerako eta jarraipenerako beharrezko diren bitartekoak ezarriko dituzte Udalaren jardueren inguruan.
b) Kontseiluaren xede den esparruan jarduten diren elkarteen arteko elkartegintza, lankidetza eta koordinazioa sustatzea, publikoak nahiz pribatuak izan erakunde horiek.
c) Kontseiluaren jarduera esparruan burutzen dituen jarduerei gaineko aholkuak ematea Udalari:
c.1) Udalak aurkeztutako gaiak eztabaidatuz eta baloratuz, bereziki urteko programen informazio, jarraipen eta ebaluazioa; eta

c.2) proposamenak eginez.
d) Kontseiluarentzat interesgarriak diren gaien gaineko informazioa jasotzea Udalarengandik, eskaera arrazoitua egin ondoren.
e) Sektorearekin zerikusia duten azterlan, txosten eta jarduerak egin daitezen sustatzea.
f) Pertsonen eskubideak defendatzea xede duten udal politika eta jarduera integralak ezar daitezen sustatzea.
25. artikulua.- Osaketa eta funtzionatzeko modua.
1. Sektore kontseiluek, gutxienez, honako kide hauek izango dituzte:
a) Presidentea: Arlo edo sektore bakoitzaren ardura duen zinegotzia.
b) Kontseiluaren kide izango dira:
- Talde politiko bakoitzaren ordezkari bat.
- Sektorearekin zerikusia edo dagokion gaietan interes berezia duten herritarren elkarte, talde eta erakundeen ordezkariak.
- Bere kasa, Kontseiluaren gaiaz interesa agertu duten herritarrak.
c) Beste erakunde publiko batzuetako ordezkariak, egoki denean.
d) Idazkaritza: Udal langile bat, hitzik eta botorik gabe.
2. Edonola ere, Sektoreko kontseiluek honako funtzionamendu-arau orokorrak beteko dituzte:
a) Sektoreko kontseiluak gutxienez hiru hilabetez behin elkartuko dira, eta kontseilu buruak edota kideen herenak (1/3) eskatzen duten guztian.
b) Sektoreko Kontseilu bakoitzean sektore horretarako urteko jarduera-plana aurkeztu beharko du Udalak.
c) Sektoreko Kontseiluen balorazio eta proposamenak dagokion Batzorde Informatiboari jakinaraziko zaizkio.

3.- Udalak Sektoreko Kontseiluen eskura jarriko du udal webgunea, haien bilera-deiei ahalik eta zabalpenik handiena emateko.


26. artikulua. Auzo batzarrak//Lurralde kontseiluak.
1. Auzo batzarrak informazio, kontsulta, kontrol eta proposamenak egiteko organoak dira eta udalerria osatzen duten auzoen kudeaketan parte hartzeko aukera ematen diete herritarrei. Beraz, lurralde izaerako partaidetza organoak dira.

2. Auzo batzarrak eratu ahal izango dituzte Azpeitiko herri-gunetik aparte dauden entitate eta izaera propioak dituzten auzo-errealitate edo populazio-guneek.
3. Alkateak edota dagokion lurralde-eremuaren udal-erroldan erroldatuta dauden hamasei urtetik gorako bizilagunen %3k eskatuta eratuko dira organo hauek, beharrezko direnean.
4. Auzo-batzarren eskumenekoak izango dira gai hauek:
a) Udalak auzo bakoitzean burutzen duen kudeaketan auzo horretan bizi direnek eta lurralde esparru horretan jarduten diren elkarteek partaidetza zuzena izan dezaten sustatzea; horretarako udal-jardueren informazio, sustapen eta jarraipenerako beharrezko bitartekoak ezarriko dituzte.
b) Auzoko erakundeen arteko eta erakunde horien eta bizilagunen arteko lankidetza sustatzea.
c) Udalak Batzarraren lurralde esparruan burutuko dituen jarduera eta inbertsioei gaineko erabakiak hartzeko prozesuan partaidetza, honako jarduera hauen bidez:
c.1) Udalak burutzen dituen jarduera eta inbertsio planetako elementuak eztabaidatu eta baloratuz, Batzarraren lurralde esparruari eragiten diotenean;
c.2) Gutxienez urtean behin, udal zerbitzuen funtzionamenduaren eta lurraldearen beharren berri emanez Udalari, lehentasunak ezarri eta adierazita, Udalaren jarduera planetan sartzeko, ahal izango balira; eta
c.3) proposamenak eginez.
d) Batzarrarentzat interesgarriak diren gaien gaineko informazioa jasotzea Udalarengandik, eskaera arrazoitua egin ondoren.


27. artikulua.- Osaketa eta funtzionatzeko modua.
1. Alkatea edo honek eskuordetuko duen zinegotzia eta auzo-alkatea izango dira buru. Auzo-alkatea hurrengo artikuluan arautuko den herritarren artean demokratikoki aukeratutako pertsona da.
2. Auzo batzarretako kide izango dira, norbanako izaeraz, bere gogoa agertzen duten 16 urtetik gorako herritar guztiak, Auzo batzarraren lurralde-eremuan bizi direnak.

3. Urtero, Lurralde kontseiluak epealdi horretan egin diren jardueren gaineko txostena eztabaidatu eta onartuko du, eta hobetzeko ekimenak proposatuko ditu. Txosten hori Herriko Batzarrean aurkeztuko da.
4. Udalak Auzo batzarren esku jarriko ditu bere komunikazio-baliabideak, eta batik bat webgunea.
5. Auzo batzarrek honako arau orokorrak beteko dituzte funtzionatzerakoan:

a) Batzarraren elkartze-egunak iragarriko dira, auzotarrek eskabideak eta proposamenak aurkeztu ahal izan ditzaten.
b) Bilera guztien aktak bidaliko zaizkie haietan esku hartu duten pertsona guztiei, eta Batzarraren lurralde-eremuan diharduten erakunde guztiei.
c) Udalak Auzo batzarrei haien lurralde-eremuan egin nahi dituen jarduera garrantzitsuenen berri eman beharko die.
d) Auzo batzarren proposamen eta balorazioak dagokien Batzorde Informatiboari jakinaraziko zaizkie.


28. artikulua.- Auzo alkatea.
1.- Azpeitiko herri-gunetik aparte dauden entitate eta nortasun propioko auzo-errealitate edota populazio-guneek auzo-alkatea aukeratu ahal izango dute hango biztanleen artean.
2.- Figura hori udalaren kudeaketa deszentralizaturako organo bat da.
3.- Auzo-alkatea aukeratzeko prozedura honako hau izango da:
a) Hautagaitzak Auzo Batzarrean aurkeztuko dira. Auzoko biztanlea eta 16 urtetik gorakoa izan beharko du.
b) Isilpeko bozketa egingo da, aurkeztutako hautagaien artean aukeratzeko.
c) Karguaren iraupena hiru urtekoa izango da.
d) Auzo Batzarrak edozein unetan bota ahal izango du atzera egindako hautaketa, bozka kopuru handiagoa lortuko duen beste hautagai bat aukeratuta.
4.- Auzo-alkatearen eskumen izango dira:
a) Auzotarrekin bitartekaritza egitea, Udalari aurkezteko auzotarren eskariak aurkezteko, eta auzotarrei jakinaraztea Udalak zabaldu nahi dituen jardueren gaineko informazioa, Auzoari eragiten diona.

b) Ordezkariak ezagutza zuzenez eta ez hirugarren batzuen bidez ezagutzen dituen inguruabarrei bakarrik dagozkien txostenak egitea. Txosten horiek doanekoak izango dira, Udal Agintarauetan besterik esaten ez bada.
c) Alkatearen ordezkari pertsonal izanik auzoan, Alkate-Udalburuak edota eskumena duen zinegotziak hari emateko egoki jotako beste edozein jarduera edo zeregin espezifiko edo zehatz. Hori ez da izango, ordea, eskuduntza edo eskumenak eskuordetzea.

 


XEDAPEN GEHIGARRIAK
AURRENA.
 Udalak partaidetza plan bat egitea sustatuko du, udal antolamendua hobetzeko eta herritarren ekimenekiko irekiagoa egiteko, eta elkartegintza-sarea egituratu eta finkatzeko, bai eta bere herria hobetzeko zereginean esku hartzeko herritarrek duten interesa ere hobetzeko.
BIGARRENA. Partaidetza horretan lagunduko duten eredu, esperientzia edo sistema berriak azaltzen badira, Herri Batzordearen proposamenez, alkateak txertatu ahal izango ditu, ez badute araudi honen aldaketa sortzen. Araudia aldatzea eragiten badute, Udalbatzaren osoko bilkurak onartu beharko ditu.

2017 - Azpeitiko Udala.
ElkarMediak garaturiko webgunea

Jakinarazten dizugu webguneak berezko zein beste batzuen cookieak dituela, eta horien bidez zerbitzu hobea eskaini nahi dizugu, eta nabigazio-esperientzia hobetu nahi dugu. Webgunetik nabigatzen jarraitzen baduzu, horrek esan nahi du onartzen duzula aipatutako helburuekin cookieak erabiltzea Informazio gehiagorako Cookien politika.

Webgune honetako Cookien politika onartzen dut

EU Cookie Directive Plugin Information