wrapper

2016/04/04

Azpeitiko udal etxebizitza tasatuak eta prezio itunduko etxebizitza libreak arautzeko udal ordenantza

Azpeitiko Udal Batzarrak, 2014ko martxoaren 11an egindako bilkuran, 2007ko apirilaren 19an onartu zen Azpeitiko Udal Etxebizitza Tasatuak arautuko dituen Udal-agintaraua aldatzeko espedienteari hasierako onarpena ematea onartu zuen.

Udal-agintarauaren hirugarren aldaketa honen bidez prezio itunduko etxebizitza libreak (PIEL) arautuko dira, Azpeitiko udalerrian etxebizitza bultzatzeko sustapen neurri gisa.

Haserako onarpenari buruzko akordioa eta jendaurreko 30 eguneko informazio epealdia Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean 2014ko martxoaren 24an argitaratu zen, eta denbora honetan ez da erreklamazio edo oharpenik izan. Hori dela eta, orain artean behin behineko zen akordioa behin betikoa bihurtuko da.

Toki jaurbidearen oinarrien apirilaren 2ko 7/1985 legearen 70.2 artikuluak xedatzen duenaren arabera, onartutako Ordenantzaren testu osoa argitaratzen da.

Administrazio-bidean behin betikoa den akordio honen aurka administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri ahal izango da Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiaren Administrazioarekiko Auzietako Salaren aurrean, iragarkia Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den hurrengo egunetik hasi eta bi hilabeteko epean.

AZPEITIKO UDAL ETXEBIZITZA TASATUAK ETA PREZIO ITUNDUKO ETXEBIZITZA LIBREAK ARAUTZEKO UDAL ORDENANTZA

HITZAURREA

Azpeitiko Udal Etxebizitza Tasatua arautzen duen Ordenantzaren bidez, 2007ko apirilaren 19an Azpeitiko Udal Batzarrak egindako bilkuran onartua eta geroago 2007ko apirilaren 26an eta 2011ko otsailaren 3an aldaketak izan dituenak, Azpeitiko udalerrirako Udal Etxebizitza Tasatuen (UET) herri babeseko erregimena ezarri zen, ekainaren 30eko Euskal Herriko Lurzoru eta Hirigintzari buruzko 2/2006 Legearen arabera.

Orain, Ordenantzaren aldaketa berri honi esker, Prezio Itunduko Etxebizitza Libreak (PIEL) arautu nahi dira, Azpeitiko udalerrian etxebizitza bultzatzeko sustapen neurri gisa.

Prezio Itunduko Etxebizitza Librea, definizioz, erabilera iraunkor berezirik ez duen etxebizitza librea da, baina, sustatzailearekin hitzartzen den salneurri murriztuaren kontraprestazio gisa, badu onuradunekin adostutako murrizketa bat ere, hain zuzen jabetza-eskubideari dagozkion eskumenak murriztuta izango baititu hirutik hamar urteko epean (deialdia bakoitzak zehaztuko du epe hori).

Etxebizitza hauek eskuratuko dituztenek, hirutik hamar urteko epea (deialdia bakoitzak zehaztuko du epe hori) igaro ondoren, etxebizitzaren jabe moduan higiezinaren gaineko eskumen guztiak izango dituzte; eta etxebizitza gerora erosteko eskubidearekin alokatzaile moduan sartzen direnek, berriz, eskubide hori gauzatzeko ahalmena izango dute.

Etxebizitza kategoria berri honekin, Azpeitiko herritarrei etxebizitza libre bat eskuratzeko aukera ematen zaie, Udalbatzak zehaztuko duen gehieneko salneurrian, bere kabuz edo sustatzailearekin hitzartuz, gainerako etxebizitza libreekin alderatuta salneurri murriztuagoa lortuz.

Ordenantza honen helburua Prezio Itunduko Etxebizitza Libreen eta haiekin batera datozen osagarrien (trastelekuen eta garajeen) araubide juridikoa zehaztea da, etxebizitzen lehenengo eskualdatze da, eta horrez gain, hirutik hamar urteko epean (deialdia bakoitzak zehaztuko du epe hori) egin daitezkeen eskualdatzeen baldintzak zehaztea eta etxebizitzak eskuratzeko lehentasun-irizpideak ezartzea da.

Bere aldetik, gaur eguneko Ordenantza bi titulutan banatuko da. Lehenengo tituluan Etxebizitza Tasatuen gaur eguneko araudia jasoko da; eta Bigarren Tituluan, berriz, Prezio Itunduko Etxebizitza Libreak (PIEL) izeneko tipologia berri honen araudia ezarriko da.

1. TITULUA
UDAL ETXEBIZITZA TASATUEN ARAUDIA
1. artikulua.- Helburua.

Udal Ordenantza honen helburua da Azpeitiko herrian egingo diren Udal Etxebizitza Tasatuen (UET) herri babeseko araubidea zehaztea da.

Azpeitiko herriko Udal Etxebizitza Tasatuen (UET) herri babeseko araubidea, Euskal Herriko Lurzoruaren eta Hirigintzaren gaineko ekainaren 30eko 2/2006 Legean helburu horietarako zehaztua dagoena garatuz ezarri da.

2. artikulua.- Udal Etxebizitza Tasatuaren kontzeptua.

Azpeitiko udalerrian Udal Etxebizitza Tasatuen (UET) izaera izango dute, haien salmenta edo alokairu prezioa mugatuta dutelako eta Ordenantza honetan zehaztutako gainerako baldintza guztiak betetzen dituztelako, Udalak halakotzat izendatzen dituen etxebizitzak.

Udal Etxebizitza Tasatuaren (UET) izaera, etxebizitza bakoitzari lotutako garaje eta trastetegiek ere izango dute.

UETek haien jabe edo maizterren ohiko bizitoki iraunkor izan behar dute eta ezingo dira, inolaz ere, beste pertsona batzuei laga, hutsik utzi edota bigarren etxebizitza moduan erabili, ez eta etxebizitzatarako erabilera ez den beste edozein erabilera eman.

UETak hirigintza antolamenduan erabilera horretarako berariaz kalifikatutako lurretan eraiki ahal izango dira, bai eta prezio mugarik ez duten etxebizitzatarako beste hainbat lurretan ere.

Lurzoru mota berean etxebizitza kalifikatuak eta etxebizitza libreak elkarrekin izatea onartuko da.

3. artikulua.- Etxebizitza motak.

Azpeitiko Udal Etxebizitza Tasatuak bi eratakoak izan daitezke:
- Araubide Orokorreko Udal Etxebiziza Tasatuak (AOUET).
- Araubide Bereziko Udal Etxebizitza Tasatuak (ABUET).

Babes Ofizialeko Etxebizitza Tasatuen ordez Araubide Bereziko Udal Etxebizitza Tasatuak (ABUET) egin ahal izango dira, Euskal Herriko Lurzoruaren eta Hirigintzaren gaineko 2/2006 Legea, ekainaren 30ekoan, jasotako gutxieneko estandarrak betetzearen ondorioetarako.

4. artikulua.- Azpeitiko Udal Etxebizitza Tasatuen baldintza orokorrak.

Hirigintza-garapenaren ondorioz sortuko diren Azpeitiko Udal Etxebizitza Tasatuak indarrean den legeriak une bakoitzean zehaztuko dituen gehieneko azalera-neurrietara mugatuko dira.

UETek, beren garaje eta trastetegiekin batera, Erkidegoko Administrazioaren Babes Ofizialeko Etxebizitza Tasatuentzat (BOET) zehaztuko diren baldintzak bete beharko dituzte, arlo teknikoari eta diseinuari dagokionez, eta, horiek zehazten ez diren bitartean, Araubide Orokorreko BOEentzat eskatuko direnak.

5. artikulua.- Araubide Orokorreko Udal Etxebizitza Tasatuetarako baldintza espezifikoak.

UET guztientzat izaera orokorrez zehaztutako baldintzez gain, Araubide Orokorreko UETek (AOUET) ondorengo baldintzak bete beharko dituzte:

1.- AOUETek ezingo dute, inolaz ere, 210.000 €ko salneurria gainditu herri-sustapeneko AOUETak direnean, ez eta 228.000 €ak ere sustapen pribatuko AOUETak direnean. Salneurri horiek urtero eguneratuko dira, Euskadiko Autonomia Erkidegoan BOEak saltzeko gehienezko salneurriei ezarriko zaien prezio aldaketa ezarrita.

2.- Alokairurako etxebizitzetan, berriz, AOUETen urteroko errenta haien gehieneko salmenta-prezioaren %2a izango da, gehienez.

3.- AOUETen onuradunen gehieneko sarrera haztatuak, ponderatuak, ezingo dira izan Araubide Orokorreko BOEak eskuratzeko indarrean diren gehieneko dirusarrerekiko 1,5 indizea baino handiagoak (49.500 €). Kide bat baino gehiagoko familia unitatez osatutako onuradunak baldin badira, berriz, BOEentzat une bakoitzean indarrean diren haztatze, ponderazio koefizienteak ezarriko dira.

4.- AOUETen onuradunen gutxieneko diru-sarrera haztatuak, ponderatuak, Araubide Bereziko Udal Etxebizitza Tasatuak (ABUET) eskuratzeko ezarritako dirusarrerak izango dira (gaur egun, 12.000 €).

5.- Landa Inguruneetan (Matxinbenta, Nuarbe, Aratz-erreka, Oñatz) sortuko diren Araubide Orokorreko Udal Etxebizitza Tasatuek ezingo dute 150 m²(t) erabilgarri baino gehiagoko azalera izan, eta ez da derrigorrezko izango garajea eta trastetegia izatea. Halaber, eremu horietan egingo diren etxebizitzen zozketetan bi salbuespen onartuko zaizkio Ordenantza honen araubide orokorrari:

- 9.000 eurotik gorako gutxieneko diru-sarrera haztatuak dituzten onuradunak ere onartuko dira.
- Zozketara aterako diren etxebizitzak kokatuak dauden landa-ingurunean erroldatuak dauden onuradunak ere onartuko dira, eremu horrek Azpeitiko udalerriaren mugak gainditzen dituenean. Horrelakoetan, onuradunari eskatuko zaio Ordenantza honen 9. artikuluan Azpeitirako zehaztuak dauden epeen parekoetan erroldatua egotea zozketara aterako diren etxebizitzak kokatuak dauden landa-ingurune horietan.

6. artikulua.- Araubide Bereziko Udal Etxebizitza Tasatuen baldintza zehatzak.

UET guztientzat jarritako betebeharrez gain, Araubide Bereziko UETek (ABUET) ondorengo baldintzak ere bete beharko dituzte:

1.- ABUETak saltzeko gehieneko prezioa, haiekin batera datozen garaje eta trastetegiak barne direla, BOETentzat Erkidegoan zehaztuta dauden araubideetan ezarria dagoena izango da. Edonola ere, ezingo dute gainditu 1,7ko indizea, udal kalifikazioa lortu duten unean Araubide Orokorreko BOEentzat indarrean den gehieneko prezioarekiko.

2.- Alokairuan jarriko diren etxeentzat, ABUETen urteko errenta haien salmentako gehieneko prezioaren %2a izango da, gehienez.

3. ABUETen onuradunen gehieneko diru-sarrera haztatuek ezingo dute izan Araubide Orokorreko BOEak eskuratzeko indarrean diren gehieneko diru-sarrerekiko 1,3 indizea baino handiagoak. Kide bat baino gehiagoko familia unitatez osatutako onuradunak baldin badira, berriz, une bakoitzean BOEentzat indarrean diren haztatze, ponderazio koefizienteak ezarriko dira.

4. ABUETen onuradunen gutxieneko diru-sarrera haztatuak, ponderatuak, ezingo dira izan etxebizitza sozialak (Araubide Bereziko BOEak) eskuratzeko ezarritako gehieneko diru-sarrerak baino txikiagoak.

5. Araubide Bereziko UETek aparkaleku plaza bat eta trastetegia izango dituzte haiei lotuta, eta horien neurriek ezingo dute izan, hurrenez hurren, 30 m²(t) eta 10 m²(t) erabilgarri baino handiagoak, eta haiek etxebizitzari lotuak daudela Jabetza Erregistroan jasoa geratu beharko du.

7. artikulua.- Udal Etxebizitza Tasatua Sustatzeko eta Lagapena egiteko erak.

Azpeitiko UETak, edozein delarik ere haien mota, Udalak sustatu ahal izango ditu, bai bere Enpresa Erakunde Publikoaren (Azpeitia Lantzen, S.A.) bidez, bai eta haiek eraikitzeko Udalak eskubidea emango dien enpresa publiko edo pribatuek, bai beste Herri Administrazio batzuek edota horien sozietate bideratzaileek, edota bai kooperatiba edo enpresa pribatuek euren jabetzako lurretan.

Udalak berak – Azpeitia Lantzen, S.A. Enpresa Erakunde Publikoaren bidez– edota enpresa publiko edo pribatuek –Udalak etxeak eraikitzeko eskubidea ematen dienean– sustatuko dituzten UETen lagapena bai errentan edo jabetzan, bai lurrazal-jabego sisteman egin ahal izango da. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak edota beste Administrazio batzuek edota haien erakunde bideratzaileek, edota kooperatiba edo enpresa pribatuek beren jabetzako lurretan susta ditzaketen UETak ere errentan, jabetza osoan edota lurrazal-jabegoan eman ahal izango dira.

8. artikulua.- Udal Etxebizitza Tasatuen onuradunek etxebizitza beharra izatearen baldintza.

UETen onuradun guztiek –alegia, bizikidetza unitatea osatzen duten kide guztiek– baldintza bat bete beharko dute: beste etxebizitzarik ez izatea ez jabetza osoan edo lurrazal-jabegoan, ez biziarteko gozamen eskubide errealean, eta hori guztia etxebizitza beharra zehazten duen erkidegoko araubidean jasotako neurrietan eta salbuespenekin, edota haiek duten etxebizitzak ez dituenean etxebizitza batek gutxienez izan behar dituen baldintzak betetzen.

9. artikulua.- Herrian bizi edota lanean aritzearen betebeharrak.

UET baten onuradun izateko, gainera, eskatuko da bizikidetza unitatea osatzen duten kideetakoren batek, gutxienez, ondorengo baldintzetakoren bat behintzat betetzea:

- Azpeitian erroldatua egotea azkenengo bost urteotatik gutxienez 3 urtean.
- Azpeitian lanean jardutea azkenengo 10 urteotan.
- Herrian erroldatua egon izana azkenengo 15 urteotatik gutxienez 5 urtean.

Alokairuan jarriko diren UETei dagokienez, ohiko bizileku izan eta Azpeitian erroldatua egotearen baldintza urtebete baino gehiagokoa izango da eskaria egin aurre-aurreko epean.

10. artikulua.- Kalifikazioa.

Hala Araubide Orokorreko Udal Etxebizitza Tasatuaren izaera, nola Araubide Berezikoarena Udalbatza Osoak hartutako erabaki bidez emango da, dagokion Batzorde Txostengilearen proposamenez.

Hirigintza Planeamenduan helburu horietarako berariaz kalifikatutako lurretan sustatuko diren etxebizitzen Behin-behineko Kalifikazioa eraikitzeko baimenarekin batera eman beharko da, eta eraikitzeko baimen hori ez da emango Kalifikazio hori eskatzen ez bada edota ez bazaie ematen.

Behin-behineko Kalifikazio agirian zehaztuko da etxebizitza bakoitzaren salmentarako gehieneko prezioa –hari atxikitako garaje eta trastetegia barne direla, balegokio–.

Lehenengo Erabilerako hirigintza baimena lortzeko ezinbesteko baldintza izango da aurrez edo aldi berean Araubide Orokorreko edo Araubide Bereziko UETaren Behin Betiko Kalifikazioa lortzea, sustatzaileak hala eskatuta, eta frogatu egin beharko da etxebizitza horiek Behin-behineko Kalifikazioaren zehaztapenen arabera egin direla.

Hirigintza Planeamenduan berariaz erabilera horretarako kalifikatuak ez dauden lurretan sustatuko diren etxebizitzak edozein unetan kalifikatu ahal izango dira UET moduan eta, kalifikazio hori lortutakoan, haiei dagokien araubide juridiko bera ezarriko zaie. Horrelakoetan, ez da kalifikazioa emateko oztopo izango Erkidegoko Administrazioak Babes Ofizialeko Etxebizitza Tasatuentzat (BOET), edo halakorik ezean Araubide Orokorreko BOEentzat, ezarrita dituen betebehar tekniko eta diseinuzkoak ez betetzea.

11. artikulua.- Udal Etxebizitza Tasatu kalifikazioa jasotzearen ondorioak.

Legearen arabera, kalifikazio hori jasotako UETek, haiei lotutako garaje eta trastetegiekin batera, babestutako etxebizitzaren kalifikazio iraunkorra izango dute. Horren ondorioz, Ordenantza honetan ezarritako gehienezko eskualdaketa-prezioari lotuak egongo dira beti, eta haiek lehentasunez erosteko eta atzera eskuratzeko eskubidea izango du, lehenik, Udalak edota Administrazio iharduleak, eta, beti ere, era subsidiarioan, Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak.

UETetan bizien arteko (inter vivos) bigarren edo ondorengo edozein eskualdatzeren gehieneko salneurria etxebizitza erosteko prezioari egindako eguneratzeari legokiokeena izango da, Araubide Orokorreko BOEen salmentarako gehieneko salneurriak erosketaren eta salmentaren artean izan duen aldaketa ezarrita.

Etxebizitzak lurrazal jabegoan ematen direnetan, bigarren eskualdatzean edo ondorengoetan kobratu ahal izango den gehieneko salneurria hasieran hura eskuratzeko ordaindu zen prezioa izango da, KPIaren igoera ezarrita eguneratua, baina honako murrizketa eginda:

- Ehuneko 0,5 urteko, lehenengo 30 urteetan.
- Ehuneko 1 urteko, ondorengo 20 urteetan.
- Ehuneko 2,6 urteko, azken urteetan.

Eraikin horretan egindako hobekuntza eta mantentze-lanek handitu egingo dute etxebizitza besterentzearen prezioa, beti ere Udal Administrazioak lan horiek onartu izan balitu helburu horietarako, horien balorazioa eta depreziazioa zehaztuta.

12. artikulua.- Lehentasunez erosi eta atzera eskuratzea.

UETen titularrek, edozein izanik ere haien araubidea, Udalari, Administrazio iharduleari eta Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrari –lehentasunez erosi eta atzera eskuratzeko eskubidearen titular subsidiario den aldetik– jakinarazi beharko dizkiete etxebizitza besterentzeko erabakia, haren prezioa eta ordainketa modua eta egin nahi den eskualdatzea egiteko funtsezko diren gainerako baldintzak, bai eta helbidea ere, jakinarazpenetarako, lehentasunez erosteko eskubidea erabili ahal izateko. Eskubide hori erabili ahal izateko bi hilabeteko epea izango da, jakinarazpena Udalaren, Administrazio ihardulearen edota Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren Erregistroan sartutako egunaren biharamonetik hasita.

Aurreko paragrafo horretan adierazitako epea igaro egingo balitz lehentasunez eskuratzeko eskubidea erabiltzeko berariazko erabakiaren adierazpenik egin gabe, egin nahi den besterentze hori askatasun osoz egin ahal izango da.

Artikulu honetan eskatzen den jakinarazpena ez balitz egin, edota jakinarazpen horretan ez balitz adierazi legearen arabera derrigorrezko den edukietakoren bat, edota eskualdaketagatik ordaindutako prezioa dagokion Administrazioari adierazitakoa baino baldintza eskasagoetan egin balitz, honek atzera eskuratzeko eskubidea erabili ahal izango du besterentzearen ezagutza osoa izan lukeen egunaren biharamonetik hasi eta bi hilabeteko epean.

13. artikulua.- Kontratuak ikus-onestea.

UETen lagapen-kontratu guztiak, hala jabetza osoan nola lurrazalekoan edota alokairuan egindakoak, Udal Administrazioak ikus-onetsi beharko ditu eta ez dute Jabetza Erregistroan sartzerik izango ikus-onespen hori ez badute.

14. artikulua.- Erregistroan sartzea.

Etxebizitzak UET moduan behin betiko kalifikatu izanaren berri –bertan jasota zein den haien araubidea eta etxebizitzen gehieneko prezioa, haiei lotutako garaje eta trastetegiekin batera– dagokion Jabetza Erregistroari jakinaraziko dio Udalak, eragindako ondasunetan jasoa gera dadin eta horrekin publizitate erregistrala eman diezaion horretarako komenigarri den eran, hala lehentasunez erosi eta atzera eskuratzeko eskubideari, Udalaren edo Administrazio ihardulearen alde, eta edonola ere Autonomia Erkidegoaren Administrazio Orokorraren, alde era subsidiarioan, nola Agintarau honetan ezarritako gehieneko besterentze prezioari etengabe lotuta egotearen mugei.

Era berean, Lehentasunez Erosi eta Atzera Eskuratzeko Eskubideen Erregistro Berezi bat sortuko da Udalean, eta han inskribatuko da kalifikazioa, kontratuetan zehaztutako baldintzak betetzen diren ala ez kontrolatu eta jarraipena egiteko.

15. artikulua.- Udal Etxebizitza Tasatuak esleitzeko prozedura.

UETak esleitzeko prozedura, hala udal sustapenetan nola sustapen pribatuetan egindakoak izan, zozketarena izango da. Zozketa hori ondorengo artikuluan adieraziko den Udal Erregistroan sartuak dauden eskatzaileen artean egingo da, beti ere eskatzaile horiek Agintarau honetan eta deialdi bakoitzerako Azpeitia Lantzen S.A. etxebizitzarako Herri Erakundeak, beti ere publikotasun, gardentasun, lehia aske eta diskriminaziorik eza bermatuz ezarri eta onartuko diren Oinarriak betetzen badituzte. Zozketa, edonola ere, deialdi publiko bidez egin beharko da, eta horretarako Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratuko dira hura egiteko Oinarriak, eta Notarioaren eta Udalbatzaren Idazkariaren, edota horien ordez fede-emaile publikoaren izaera lukeen langilearen aurrean egin beharko da. Prozedura hori bera erabili ahal izango da Udalarekin egindako hitzarmen bidez hala erabakiko litzatekeen sustapenetan.

Esleipena egiteko prozedura, Udala bera ez den sustatzaile publikoen kasuan, horiek beroiek zehaztuko dutena izango da, baina beti ere publikotasun, gardentasun, lehia aske eta diskriminaziorik ezaren oinarriak betez.

UETak esleitzeko egingo diren zozketetarako Oinarrietan etxebizitza kopuru bat jarri ahal izango da, behar bereziak edota etxebizitza eskuratzeko zailtasunak dituen gizarte talderen batean sartuak dauden pertsonentzat gordetzeko.

Salbuespen gisa, sustapen bakoitzetik etxebizitza kopuru bat bereiztea erabaki daiteke, Udalak izan ditzakeen gizarte-beharrizanei erantzuteko, alokairu tutelatuaren bidez edo prekarioan egindako lagapenaren bidez, eta hori guztia beste etxebizitza bat emateko eskubidearen kalterik gabe, helburu horretarako etxebizitzak ez baitira zozketan sartuko.

Apartamentu motako UET bat lortu duen onuradun baten bizikidetza-unitateak familia ugariaren legezko neurria lortzen badu, eta ondorioz etxebizitza handiago baten beharrean baldin bada, bere etxebizitzaren ordez –hori jabetzan, lurrazal-jabegoan edo alokairuan hartua izan– araubide bereko beste bat hartu ahal izango du trukean, sustapen berri bakoitzean multzo horretarako gordeak dauden etxebizitzetatik. Jabetzakoa edo lurrazal-jabegopekoa balitz, esleipena lortu duenak UET berriaren eta aurrekoaren prezioen arteko aldea ordaindu egin beharko du, Ordenantza honetako 11. artikuluan ezarritako zehaztapenen arabera eguneratua. Familia ugarien taldearentzat gordetako etxebizitza kopurua baino familia eskatzaile gehiago balego, zozketa egingo da haien artean.

16. artikulua.- Udal Etxebizitza Tasatuen eskatzaileen zerrendak.

Udalak, Azpeitia Lantzen S.A. Etxebizitzarako Entitate Publikoaren bidez eskatzaileen zerrendak egingo ditu UETen zozketa egingo dela aurreikusia duenean. Zerrenda horiek zozketa bakoitzerako bakarrik izango dira.

17. artikulua.- Etxebizitza horretan bizi beharra.

Kontratuetan, hala salerosketakoetan nola errentan jartzekoetan, baldintza-klausula bat jarriko da, eta bertan jasoko da etxebizitzaren esleipena lortu duenak etxebizitza hori okupatu eta bertan erroldatuko den hitza ematen duela, sinadura egin ondorengo 6 hilabeteetan, gehienez ere. Baldintza hau ez balitz beteko, kontratua etentzat emango da, eta etxebizitzaren jabetza edo onuradun izaera galdu egingo du.

Horrez gain, aipatutako dokumentuetan jasoko da maizterrek eta erosleek udal administrazioaren edota administrazio ihardulearen ikuskatze zerbitzuei lagundu egin beharko dietela, hala eskatzen zaien unean, eta etxebizitza horretan bizi direnaren betebeharra betetzen duten egiaztatzeko eskatuko zaizkien agiri eta dokumentuak eman beharko dizkiete zerbitzu horiei.

18. artikulua.- Okupatu gabeko etxebizitzen desjabetza.

UETen onuradun orok bere ohiko bizilekua, era iraunkorrean, esleitutako etxebizitza horretan izatearen betebeharra ez balu beteko, Udalak indarrean den legerian aitortzen zaion derrigorrezko desjabetza eskubidea erabili ahal izango du.

Bizilekua etxebizitza horretan izatearen betebeharra betetzen dela egiaztatzeko Udal administrazioak edota administrazio iharduleak jarriko dituen ikuskatze zerbitzuei laguntza eman beharra ez balitz behin eta berriro beteko, jarrera hori bizilekua etxebizitza horretan izatearen derrigortasuna ez betetzearen pareko jarreratzat hartuko da, eta egoera horietan Udalak indarrean den legerian aitortzen zaion derrigorrezko desjabetza eskubidea erabili ahal izango du.

2. TITULUA
PREZIO ITUNDUKO ETXEBIZITZA LIBREAK

19. artikulua.- Ezarpen eremuaren helburua.

Toki Jaurbidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legeak, bere 25.2 a) artikuluan jasotakoa garatuz, Azpeitiko Prezio Itunduko Etxebizitza Libreen araudibe juridikoa zehaztea da helburua.

Azpeitiko "Prezio Itunduko Etxebizitza Libreak", etxebizitza libreen eta tasatuen arteko kategoria bat osatzen dute, saltzeko gehieneko prezioa sustatzailearekin itunduta izanik.

20. artikulua.- Prezio Itunduko Etxebizitza Librearen kontzeptua.

Azpeitiko udalerrian Prezio Itunduko Etxebizitza Libretzat (PIEL) joko dira, gehieneko salmenta-prezioa izateagatik (eraikitako 120 metro kontagarriraino, gehienez ere) eta Ordenantza honetan jasotako gainerako baldintzak betetzeagatik, Udalak halakotzat jotako etxebizitzak.

Prezio Itunduko Etxebizitza Librearen (PIEL) izaera etxebizitza bakoitzari lotutako garaje eta trastetegiek ere izango dute.

Etxebizitza tipologia honen barruan sartu ahal izango dira:
a) Izaera bereko elementuz osatutako bizileku-eraikin multzo baten zati izango diren etxebizitzak, hurrengo kasu hauetako edozeinetan:
1. Bizitegi-lurzoru libreetan sustatzen direnak, Udalaren eta sustatzailearen artean adostasuna edo hitzarmena medio.
2. Udalaren titulartasuneko lurzoruetan sustatuko diren etxebizitzak eta Udalak, edo kasuan kasu, haien kudeaketaren arduradun den udal-sozietateak hala ezartzen dutenean.

Izaera bereko elementuz osatutako bizileku-eraikin multzo berean, eta etxepe berean, etxebizitza libreak, prezio itunduko etxebizitza libreak nahiz udal etxebizitza tasatua babesteko araubideari atxikita dauden etxebizitzak egon ahal izango dira.

21. artikulua.- Azpeitiko Prezio Itunduko Etxebizitza Libreen ezaugarri orokorrak.

1. Azpeitiko Prezio Itunduko Etxebizitza Libreek ezingo dute 90 m²ko azalera erabilgarria baino handiagoa izan; kide ugariko familia edo bizikidetza-unitateentzako berariaz jarritako etxebizitzak izan ezik, eta horrelakoetan ezingo dute 120 m²ko azalera erabilgarria baino handiagoa izan, eta gehienez ere sustapen bakoitzean etxebizitzen ehuneko bost izango dira.

2. Gehigarriek (aparkatzeko plaza eta trastetegia) ezingo dute, hurrenez hurren, 30 m² eta 10 m²ko azalera erabilgarria baino handiagoa izan.

3. Prezio Itunduko Etxebizitza Libreek, heuren garaje eta tretetegiekin, Azpeitio hirigintza-plangintzako araudian jasotzen diren baldintza teknikoak eta diseinu-baldintzak bete beharko dituzte, bai eta Autonomia Erkidegoko Administrazioaren Babes Ofizialeko Etxebizitza Tasatuen betekizunak ere, eta/edo, horiek ezarriak ez leudekeen bitartean, Erregimen Orokorreko Babes Ofizialeko Etxebizitzei eskagarri zaizkien baldintzak.

22. artikulua.- Prezio Itunduko Etxebizitza Libreen betekizunak.

Ordenantza honetan ezarritako betekizun orokorrez gain, Prezio Itunduko Etxebizitza Libreek honako baldintza hauek ere bete beharko dituzte:

1. Prezio Itunduko Etxebizitza Libreen gehieneko salmenta prezioak ezingo du sustapen publikoko Erregimen Orokorreko Udal Etxebizitza Tasatuen gehieneko prezioa gainditu.

2. Alokairuaren kasuan, PIELen urteko errenta etxebizitza horien salmenta-prezioaren %3aren baliokidea izango da gehienez, eta urtero eguneratu ahal izango da KPIren arabera.

Araubide Orokorreko Udal Etxebizitza Tasatuen (AOUET) onuradunen gehieneko diru-sarrera haztatuak, babes ofizialeko etxebizitzei dagokion araudi autonomikoaren arabera kalkulatuak, ezingo dira Araubide Orokorreko Udal Etxebizitza Tasatuak (AOUET) eskuratzeko eskatzen diren diru-sarreren baino handiagoak izan.

3. Prezio Itunduko Etxebizitza Libreen (PIEL) onuradunen gutxieneko sarrera haztatuak ezingo dira etxebizitza sozialak eskuratu ahal izateko ezarri diren gehieneko sarrerak baino txikiagoak izan.

4. Artikulu honetan ezarritako sarrerak, amaitutako azken zerga-ekitaldikoak izango dira.

23. artikulua.- Prezio Itunduko Etxebizitza Libreen onuradunen etxebizitza beharra.

Kasu guztietan lehentasuna izango dute Prezio Itunduko Etxebizitza Libreen onuradun izateko, elkarbizitza-unitateko kide guztiak hartuz onuraduntzat, beste etxebizitza bat ez izatearen betekizuna betetzen dutenek, hala jabetzan (osoan edo azalera-eskubidean), nola biziartean hartaz gozatzeko gauza-eskubidean, eta hori etxebizitza-beharra definitzen duen autonomia erkidegoko araudian ezarritako baldintzak eta salbuespenak kontuan hartuta, edota duten etxebizitzak udalerriaren Eraikitzeko Udal Ordenantzako etxebizitzen gutxieneko programaren baldintzak betetzen ez dituztenean. Etxebizitza kopurua eskatzaile kopurua baino haundiago denean, jabetzan edota gainontzeko kasuetan dauden eskatzaileak bigarren zozketa baten hartuko dute parte

Etxebizitza kopurua eskatzaile kopurua baino haundiagoa bada (deialdian zehaztutako talde guztietan), beste etxebizitza bat ez izateko betekizuna egiaztatzea ez da beharrezkoa izango.

24. artikulua.- Onuradunen betekizunak.

Ordenantza honetako 9. artikuluan zehaztua datorrena bete beharko da.

25. artikulua.- Prezio Itunduko Etxebizitza Libreen sustapena: erakunde sustatzaileak.

Prezio Itunduko Etxebizitza Libreak, edozein motatakoak izanik ere, edozein pertsona fisiko edo juridikok, publiko edo pribatuk, sustatu ahal izango ditu, bakarka edo taldean eraikuntza-lanak erabaki, bultzatu, programatu eta finantzatzen dituenak bere baliabideekin edo besteenekin, berarentzat izateko edo hirugarrenei edozein tituluren bidez gero besterentzeko, emateko edo lagatzeko. Sustatzaile publikotzat joko dira Administrazio Publikoa eta haien erakunde instrumentalak.

26. artikulula.- Prezio Itunduko Etxebizitza Libreak eskuratzeko araubidea.

Etxebizitzen sustatzaileek etxebizitza horiek erosteko araubidepean eskaini ahal izango dituzte, edo/eta alokairu araubidepean, erosteko aukerarekin.

Prezio Itunduko Etxebizitza Libreen sustapenetan, gerora erosteko aukerarekin alokatzen badira, erosteko aukera hori lehenengo hiru urteetan gauzatu ahal izango da.

Erosteko aukera hori gauzatzen ez bada, etxebizitzak alokairu araubidean jarraituko du kontratuaren bost urteko indarraldia igarotzen den arte.

Etxebizitzaren gehieneko salmenta prezioa Prezio Itunduko Etxebizitza Libreak alokairu kontratua sinatzen den unean duen prezioa izango da, autonomia erkidegoan babestutako etxebizitzen gehieneko prezioek jasandako gora-beheren arabera eguneratua, eta zenbateko horretatik alokairuan izan den aldian ordaindutako diru-kopuruaren %50a kenduko da.

27. artikulua.- Kontratuaren bisatua.

Sustatzaileak kontratuaren ale bat eskuratzaile edo maizterrari eman beharko dio, Azpeitiko Udalak behar bezala bisatua; titulu hauei ezingo zaie Jabetza Erregistroan sarrera eman Udalaren oniritzi hori izan ezean.

Azpeitiko Udalak aurrez honako betekizun hauek betetzen direla egiaztatu ondoren, oniritzia emango die kontratuei:

A) Lehen eskualdatzean:
1. Plangintzan etxebizitza libreak egiteko utzitako lursailetan eraikitzen diren etxebizitzak badira.
2. Sustatzaile izaera dutenek eskualdatzen badituzte.
3. Sustatzaileak pertsona fisiko bati egiten dion etxebizitzaren lehen eskualdatzea bada, 23. eta 24. artikuluetan ezarritako baldintzak betez.
4. Sustatzailearekin adostutako prezioa ez bada titulu honetan ezarritakoa baino handiagoa.

B) Bigarren eta hurrengo eskualdaketetan, hamar urteko epean lehen eskualdatzetik hasita:
- Sustatzaileak pertsona fisiko bati egiten badio etxebizitzaren eskualdatzea, 23. eta 24. artikuluetan ezarritako baldintzak betetzea.
- Eskualdatzean adostutako prezioa ez bada titulu honetan ezarritakoa baino handiagoa.
- Ordenantza honetan jasotako kontratu-ezerezteari buruzko klausulak, baita alderdiek elkarrekin adostutakoak ere.

28. artikulua.- Esleipen prozedura.

Prezio Itunduko Etxebizitza Libreen (PIEL) esleipen prozedura, hurrengo artikuluan aipatzen diren Udal Erregistroan sartuak dauden eskatzaileen artean egingo den zozketa bidez izango da, beti ere eskatzaile horiek Ordenantza honetan nahiz deialdi bakoitzerako onartzen diren Oinarrietan jasotako baldintzak betetzen badituzte. Oinarri hauek Azpeitiko Udalak ezarriko ditu beti ere publikotasun, gardentasun, lehia aske eta diskriminaziorik eza bermatuz.

Edonola ere, zozketa deialdi publiko bidez egingo da eta horretarako Oinarriak Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratuko dira, eta Udalbatzaren Idazkariaren, edo honen ordez fede-emaile publiko izaera lukeen langilearen aurrean egingo da.

Salbuespen gisa, sustapen bakoitzetik etxebizitza kopuru bat bereiztea erabaki daiteke, Udalak izan ditzazkeen gizarte-beharrei erantzuteko, alokairu tutelatuaren bidez edo prekarioan egindako lagapenaren bidez, baina ez, aldiz, birkokatze eskubide kontzeptu bezala.

29. artikulua.- Eskuratze-ahalmenen erabilera.

Etxebizitzak eta horien gehigarriak (garaje eta trastetegiak) Ordenantza honetan jasotako irizpideei lotetsita geldituko dira, bai prezioari, bai betekizunei dagokienez, bai eta lehen edo/eta hurrengo eskualdatzeetan, hiru eta hamar urteko epean (deialdi bakoitzak ezarriko du epea).

Gehigarriak etxebizitzei lotetsita daude: etxebizitza erosteak gehigarri horiek ere erostea dakar berekin, eta ezingo dira etxebizitzatik aparte eskualdatu.

Hiru eta hamar urteko epe horretan etxebizitzak ezingo dira eskualdatu kostubidez edo «mortis causa» izaerapean edo alokairuan laga, behin-behinean edo bestelako inolako tituluren bidez, baldin aurretik Azpeitiko Udalak ez badu berariazko baimenik ematen. Horrela, Azpeitiko Udalak (edo haren izenean jardungo duen erakunde instrumentalak, aldez aurretik hala aginduta; edo bestelako erakunde juridikoek zuzenbidean baliozko diren bideen bidez) lehentasunez eskuratzeko eskubidea izango du (lehentasunez erosi eta atzera eskuratzeko eskubidea), araudi zibilean ezarritakoaren arabera, eskualdatzaileari etxebizitza eta gehigarrien hasierako salerosketa prezioa ordainduz, beti ere prezio hau dagokion urteko KPIrekin eguneratuz.

Baldintza hau ez betetzeak, kontratua deuseztea ekarriko du, eta ondorioz urratzaileak etxebizitzaren jabetza edo haren onuradun-izaera galduko du.

30. artikulua.- Lehentasunez eskuratzeko eskubideak.

Prezio Itunduko Etxebizitza Libreen (PIEL) titularrek, etxebizitza besterentzeko erabakiaren berri Udalari eman beharko diote, prezioaren eta ordaintzeko moduen, eta eskualdatzearen gainerako oinarrizko baldintzen berri emanez, bai eta jakinarazpenak helarazteko helbidea ere, Udalak lehentasunez erosteko eskubidea gauzatu ahal izan dezan. Azpeitiko Udalak, jakinarazpena Udaleko erregistroan sartu eta hurrengo egunetik hasita bi hilabeteko epean gauzatu ahal izango du eskubide hori.

Aurreko paragrafoan adierazitako epea igarotzean ez bada jaso lehentasunez eskuratzeko eskubidea gauzatzearen gaineko berariazko ebazpenaren jakinarazpenik, etxebizitza askatasun osoz besterendu ahal izango da.

Artikulu honetan eskatzen den jakinarazpena ez balitz egingo, edo jakinarazpenean legez nahitaezkotzat jotako edukiren bat adieraziko ez balitz, eta eskualdatzeagatik ordaindutako prezioa txikiagoa balitz edo baldintzak Azpeitiko Udalari jakinarazitakoak baino okerragoak balira, Udalak atzera eskuratzeko eskubidea gauzatu ahal izango du, eskualdatzearen berri izan duen egunaren biharamunetik hasi eta bi hilabeteko epean.

Azpeitiko Udalak lehentasunez erosteko eskubideak hiru eta hamar urteko (deialdi bakoitzak zehaztuko du epe hori) epea izango du, lehenengo eskualdatzearen egunetik zenbatzen hasita.

31. artikulua.- Prezio Itunduko Etxebizitza Libreen eskatzaileen zerrenda.

Udalak, bere kabuz edo Azpeitia Lantzen, S.A. baltzu publikoaren bitartez, Prezio Itunduko Etxebizitza Libreen zozketa egitea aurreikusten duenean, eskatzaileen zerrendak egingo ditu, zozketa bakoitzerako izango direnak.

32. artikulua.- Zuzeneko esleipena.

Azpeitiko Udalak ez balitu etxebizitza hauek esleituko, bere kabuz edo Azpeitia Lantzen, S.A. baltzu publikoaren bitartez, merkaturatzeko prest jartzen diren unetik hasi –hain zuzen ere, obrak hasteko lizentzia eman den eguna izango da hori– eta 15 hilabeteko epean, sustatzaile pribatuak izango dira etxebizitza horiek zuzenean esleituko dituztenak; publikoak izanik, Zuzenbidean baliozko den edozein formula bitartez eskualdatuko edo erabilera emango diote.

XEDAPEN GEHIGARRIA

Desjabetza edo berdinbanaketa prozesuetan balorazioa egin ahal izateko, urbanizatutako lurzoruaren kostuaren gehieneko eraginak ezingo du UETen salmentako gehieneko prezioaren % 30a baino handiagoa izan. Beste daturik izan ezean, zenbateko berekotzat joko dira urbanizatu gabeko lurraren balioa eta etxebizitza horien urbanizazio kostua.

AZKEN XEDAPENA-AURRENEKOA.

Udal etxebizitza Tasatuen Ordenantza honetako I. Tituluan aurreikusia ez dagoen guztirako, eta horrek ondoren izan ditzakeen garapenen edukiaren kalterik gabe, Babes Publikoko Etxebizitzen arloan indarrean den Erkidegoko araudia ezarriko da.

Prezio Itunduko Etxebizitza Libreen (PIEL) Ordenantza honetako II. Tituluan aurreikusia ez dagoen guztirako, eta horrek ondoren izan ditzakeen garapenen edukiaren kalterik gabe, araudi zibila ezarriko da.

AZKEN XEDAPENA-BIGARRENA.

Agintarau hau indarrean jarriko da bere behin betiko onarpena eta haren testua Gipuzkoako Lurralde Historikoko Aldizkari Ofizialean argitaratutako egunaren biharamonean, eta bere eragina hirigintza antolamenduko plan guztietara zabalduko da, aurrez tramitatu edo onartuak izan arren, Etxebizitza Tasatuentzako erreserben aurreikuspena jarria balute.

 

Iragarkia

 

2017 - Azpeitiko Udala.
ElkarMediak garaturiko webgunea