Aurten bigarrenez, Urola Erdiko zientzia eta teknologia azoka ospatu da gaur eguerdian, Azpeitiko azoka plazan eta eskualdeko ikastetxeek ikasturtean zehar landu dituzten proiektuak aurkezteko aukera izan dute.Eneko Etxeberria Azpeitiko alkateak zientzia eta teknologiaren alde udalek egiten duten apustu sendoa azpimarratu nahi izan du: "Etorkizunean bi gauza jakin beharko dituzue, bata hizkuntzak dira, eta bestea zientziaren eta teknologiaren munduaren ezagutza da. Udalek zein ikastetxeek proiektu honetan sinesten dugu hasieratik, proiektu honek mundua ezagutu eta etorkizuna irabazteko aukerak sortzen baitizkigu".
Ikasturte osoan, taldeka banatuta proiektu desberdinak landu ditu ikastetxe bakoitzak, eta ikasle bakoitzak abilezia desberdinak lantzeko aukera izan du. Hala, gaztetxoek beren proiektuen garapena helburu, Euskal Herriko ikerlari ezberdinekin harremanak izateko aukera izan dute.
PROIEKTUGINTZA ZIENTZIA ETA TEKNOLOGIA IRAKASGAIETAN
Aurten, bigarren urtez jarraian, eskualdeko gaztetxoen artean zientzia eta teknologia gaitasunak sustatzeko proiektua garatu da. Ekimenak orain bizpahiru urte identifikatutako beharrei erantzuna ematea du helburu. Hain zuzen ere, eragile-sarean, ikastetxe, udal nahiz enpresek hauteman dute eskualdean zientzia- eta teknologia-gaitasunak lantzeko beharra, eta, testuinguru horretan, ezinbestekotzat jo izan dute hezkuntzan zientzia eta teknologia gaitasunak sustatzea.
Iaz landu zen ekimenarekin alderatuta zenbait berrikuntza ekarri ditu aurtengo edizioak eta bi fase nagusitan egituratu da. Batetik, DBH eta Batxiler mailan zientzia eta teknologia alorrei lotutako irakasgaiak eskaintzen dituzten irakasleei, bi goizeko prestakuntza mintegia eskaini zaie. Bertan, proiektuen gidaritzarako oinarri metodologikoak ezagutzeaz gain esperientzia nahiz proiektu ezberdinak ezagutzeko aukera izan dute.
Bigarren fasean, berriz, ikastetxeetako irakasleek mintegian jasotako jakintzak aplikatu eta ikasleekin proiektu ezberdinak garatu dituzte. Oro har, eskualdeko 8-10 irakasle eta 200 gaztetxo inguru aritu dira proiektu ezberdinen lanketan.
Gaurko azokan berrizm ikasturtean zehar eskualdeko ikastetxeek landu dituzten proiektuak aurkeztu eta erakutsi dituzte ikasleek. Alor ezberdinetako 6 proiektu ezberdin ikusi ahal izan dira: Basoen dibertsitatea (biologia), Kristalografia (Geologia), Erreakzio kimikoak (Kimika), Ibaien ekologia (Biologia), Prototipogintza (Teknologia) eta Metodo zientifikoa (Matematika tailerra).
AZOKA IRUDITAN