wrapper

Maiatzaren 4ra arte bete ahal izango dira alde zaharreko trastelekuei buruzko galdetegiak
Atzo, apirilak 15, alde zaharreko bizilagunekin bilera egin zuten Nagore Alkorta alkateak eta Mikel Odriozola zinegotziak. Alde zaharra bizigarriago egiteko asmoz, trasteleku komunitarioak egiteko proiektua du esku artean udalak, etxeen
HAZeko izapide elektronikoak egiteko ekipoa igerilekuan egongo da aurrerantzean
Ordainagiriak edo isunak ordaintzeko, errolda agiria ateratzeko, idatziei sarbidea emateko eta beste hainbat tramite egiteko aukera ematen du herritarren arreta zerbitzuko izapideak egiteko ekipoak. Udaletxeko lehen solairuan egon da orain arte,
Zaparraie taldea, Azpeitiko Euskara Mahaiko kide berria
Norabide berean eta elkarlanean arituz, bakoitzak bere eginkizuna eta estiloa izango ditu: euskararen normalizazioa mahaiak, herritarren kontzientziazioa Zaparraiek. Azpeitiko Euskara Mahaiak 2024. urteko lehenengo bilera egin zuen atzo

Duela hiru urte Baigera jubilatuen elkartea eta udala elkarlanean hasi ziren 65 urtetik gorako herritarren egoera ezagutzeko eta haien bizi baldintzak hobetzeko helburuarekin. Iaz 80 urtetik gorakoen egoera aztertu zuen udalak, eta aurten 75 eta 80 urte artekoena aztertu du.

Azterketa horretatik ateratako ondorioak gaur eguerdian aurkeztu dituzte, udaletxean egindako agerraldian. Han izan dira Estitxu Elduaien eta Ainhoa Beristain zinegotziak, Leire Etxezarreta eta Uxue Zaldua ikertzaileak eta Baigerako ordezkariak.  

Elduaienek azaldu du azterketa horiekin udalak bi gauza lortu nahi dituela: batetik, 65 urtetik gorako herritarrak zer egoeratan bizi diren jakitea; eta bestetik, haiek udaleko Gizarte Zerbitzuetara hurbiltzea, eskura izan ditzaketen baliabide eta laguntzen berri izateko. Horretarako, aurren-aurrena, laguntza guztien inguruko informazioa biltzen zuen eskuorri bana bidali zien udalak 65 urtetik gorako herritar guztiei, eta, horren ostean, haien egoera aztertzeari ekin zion, baina adin tarteka bereizitako multzoetan. Iaz 80 eta 85 urte arteko herritarren egoera aztertu zuen, 337 lagunekin zuzenean hitz eginda. Proiektuaren arrakasta ikusita, aurten gauza bera egin du, baina 75 eta 80 urte arteko herritarrekin. Aurtengoan, gainera, proiektuari bakardade objektiboaren eta subjektiboaren azterketa ere erantsi dizkiotela adierazi du Elduaienek.

Etxezarreta eta Zaldua arduratu dira ikerketa lanaz. Abiapuntu gisa, iazko errolda datuak hartu dituzte. Horien arabera, 75 eta 80 urte arteko 651 lagun daude herrian. Azterketatik kanpo utzi dituzte 2000. urteaz geroztik Gizarte Zerbitzuekin harremana izan duten 165 herritarrak, udalak haien berri baduelako. Horrenbestez, 486 herritarren egoera aztertzera bideratu dute lana. Azkenean, 308 adineko elkarrizketatzea lortu dute, gainerako 178 lagunek, hainbat arrazoigatik, ez dutelako azterketan parte hartu nahi izan. Dena dela, nahi izan ez duten horietatik gehienekin hitz egitea lortu dute, ezezkoa jasotzeko izan bada ere. Beraz, egiazki, 47 izan dira ezagutu ez dituzten herritarrak.

Ikertzaileek azaldu dutenez, elkarrizketen %80 adinekoen etxebizitzetan egin dituzte eta gainontzeko gehienak udaletxeko Gizarte Zerbitzuetan, adinekoek eurek edo haien familiek hala nahiago izan dutelako. Elkarrizketen %84 euskaraz egin dituzte eta %16 gaztelaniaz, eta elkarrizketatuen %51 emakumeak izan dira eta %49 gizonak. Ziurtatu dute aztertu duten herritarren multzoa orekatua izan dela adinari eta generoari dagokienean, alegia, 75 urtetik 80ra adin guztietako emakume eta gizonekin egon direla modu orekatuan.   

Hona hemen 308 elkarrizketa egin ostean atera dituzten ondorio nagusiak:

Gizarte Zerbitzuekiko ezagutza

Elkarrizketatuetatik gehienek ez dute harremanik izan Gizarte Zerbitzuekin. Giza eskubideen eta babes sistemen inguruan duten ezagutza mailaz galdetzean, %15ek soilik erantzun dute nahikoa ezagutza dutela. Zalduaren hitzetan, "datu horrek proiektuaren baliagarritasuna baieztatzen du, adinekoen ezezagutzari aurre egiteko erreminta delako".

Egoera ekonomikoa

Azterketan parte hartu dutenen %74ak esan dute erraz iristen direla hilabete amaierara, %19k zailtasunak badituztela, %5ek nahiko larri ibiltzen direla eta %2k ez direla iristen. Oinarrizko beharrizanak asebeteta izan arren, aisialdiko eta instalazioak edo konponketak eragindako gastuak ordaintzeko zailtasunak izan dira elkarrizketatuek gehien errepikatu dituztenak. Ikertzaileek azpimarratu dute emakume alargunak direla okerren daudenak, pentsio eskasak dituztelako.

Etxebizitzaren ezaugarriak

Elkarrizketatutako herritarrak, oro har, egoera onean deuden etxebizitzetan bizi dira, baina haietako askok, %58,4k, oztopo arkitektonikoak dituzte. Ikertzaileen esanetan, egokitutako komunik eta oherik eza, irrisgarritasuna oztopatzen duten koxkak eta igogailu falta dira oztoporik ohikoenak.

Osasun egoera

Elkarrizketatuen %64k osasun egoera maila ona dutela baieztatu dute, %27k hala moduzkoa dutela eta gainerako %9k eskasa. %74k bere burua aktibotzat daukate, eta oinez ibiltzea da gehienek egiten duten jarduera. Gaixotasunen artean, fisikoak dira ohikoenak: min fisikoak, gaixotasun kardiobaskularrak, endekapenezko artikulazio gaixotasunak etabar. Ikertzaileen esanetan, normalena da adinean aurrera egin ahala osasun arazo horiek ere okerrera egitea.

Harreman sozialak

Zalduak eta Etxezarretak nabarmendu dute aztertu dituzten adinekoek oro har "oso harreman estua" dutela euren familiekin. Horrek azaltzen du adinekoen %74ren zaintza familiek berengain hartzea. Familiaz kanpoko sare sozialari dagokionean, berriz, gizonezkoek joera handiagoa dute etxetik kanpoko jardueretarako, "eta emakumeek euren rolak egokitu dien etxeko garbiketen eta zaintzaren arduraren albokalteak pairatzen dituzte zahartzaroan". Edonola ere, nabarmendu dute jarduera ludikoetarako gizonezkoek baino joera handiagoa dutela.

Bakardadea

Bakardade objektiboari dagokionean, elkarrizketatuetatik 48, bakarrik bizi dira. Haietatik %20k onartu dute bakardade subjektiboa edo tristura sentitzen dutela; alargunak direlako edota bestelako galera fisikoren bat izan dutelako.

Ikertzaileek balorazio ona egin dute azterlanaren inguruan, "batez ere ustekabe handirik hartu ez dugulako". Eskerrak eman diezkiete elkarrizketatu dituzten adinekoei eta haien familiei, "oso harrena ona" egin dietelako, eta pozik agertu dira badakitelako azterketan parte hartu dutenetako batzuk dagoeneko udaleko Gizarte Zerbitzuetara joan direla informazio bila. Patxi Altzibar Baigerako kideak eskerrak eman dizkio udalari adinekoen egoera ezagutzeko ahalegina egiteagatik, eta lanean jarraitzeko eskatu dio, "65 urtera bitarte oraindik badagoelako zer aztertua". Elduaienek ziurtatu du udalak horretan jarraitzeko asmoa duela, "eta azterketak egiten ez ezik, baita azterketa horiek azaleratzen dituzten arazoei irtenbidea ematen ere". Hala, aurreratu du, pare bat aste barru adinekoei zuzendutako diru laguntza lerro bat aurkeztuko duela udalak. "Eta konpromisoa hartzen dugu aztertzeko nola murriztu ditzakegun ikertzaileek aipatu dituzten arazo arkitektoniko horiek ere".