wrapper

Apirilaren 18an amaituko da 2024ko sorkuntza beketara proiektuak aurkezteko epea
Azpeitiko Udalak 2017an onartu zituen aurrenekoz kultur sorkuntza bekak, eta urtez urte egitasmoa sendotzen joan da. Aurten ere 20.000 euro jarriko ditu artistek beren proiektuak sor ditzaten. Bi modalitate egongo dira: 12.000 euro bideratuko ditu
Zaparraie taldea, Azpeitiko Euskara Mahaiko kide berria
Norabide berean eta elkarlanean arituz, bakoitzak bere eginkizuna eta estiloa izango ditu: euskararen normalizazioa mahaiak, herritarren kontzientziazioa Zaparraiek. Azpeitiko Euskara Mahaiak 2024. urteko lehenengo bilera egin zuen atzo
Dagoeneko eman daiteke izena Elizkaleko adinekoentzako etxe tutelatuetan
Adinekoentzako etxe tutelatuak aurkeztu ditu Azpeitiko Udalak. Hamabi etxe dira, eta modu independentean baina, aldi berean, behar duten laguntza guztiarekin bizitzeko aukera emango diete adinekoi. Izena emateko edo informazio gehiago jasotzeko,

AzpeitiaOroimena

Hondakinak gaika jasotzeko sistema berria emaitza onak ematen ari da, eta horren frogarik argiena martxoko bilketa datuak dira. Iazko martxoan, hondakinen erdia baino gutxiago jaso zuten bereizita; aurtengo martxoan, berriz, %70etik gora jaso dute. Datuok "pozgarritzat" jo ditu Aitor Bereziartua Urola Erdiko Mankomunitateko lehendakariak, eta herritarrei eskerrak eman diezkie "erakutsitako jarreragatik eta izandako pazientziagatik".

Mankomunitateak duela hilabete inguru kaleratu zituen martxoko behin-behineko datuak, eta gaur jakinarazi ditu behin betikoak. Orduan aurreratutakoa berretsi dute emaitzek, alegia, hondakinak gaika jasotzeko herrian ezarri duten sistema berria emaitza onak ematen ari dela. Martxoa izan da txipdun sistema ezarrita egon den lehen hilabetea, eta, hilabete horretan, hondakinen %70,57 gaika bereizita jaso dute; iazko martxoan, %48,79 jaso zuten. Ondorioz, errefus kopurua ere nabarmen murriztu da: aurtengo martxoan, hondakinen %29,42 jaso dute ontzi grisetatik; iaz, %51,21 jaso zuten.

Mankomunitateak kaleratu dituen datuen arabera, iazko irailaz geroztik, hilabetez hilabete handitu da gaika sailkatuta jaso duten hondakinen tasa; eta, kontrara, txikitu, jaso duten errefusaren tasa. "Iazko urrian hasi ginen herritarrak kontzientziatzeko kanpainarekin eta denbora gutxian urrats handiak egin ditugu", adierazi du Bereziartuak. "Hondakinen %70 gaika sailkatuta jasotzea jarri genuen helburutzat, eta sistema ezarri eta hilabetera helburua lortu dugu".

Iazko martxoan 254.787 kilogramo errefus jaso zituen Urola Erdiko Mankomunitateak; aurtengo martxoan, %47 gutxiago, 135.140 kilogramo, hain zuzen. Beste era batera esanda, iazko martxoan, biztanleko 17,34 kilogramo errefus jaso zituen, eta aurtengoan, 9,2 kilogramo jaso ditu. Aldiz, jasotako hondakin organikoen kopurua %150 hazi da: iazko martxoan 46.000 kilogramo izan ziren eta aurtengoan 116.030 kilogramo izan dira.

Hilabetean 19.000 euro aurreztu ditu udalak

Hondakinen gaia normalean ingurumenaren ikuspegitik jorratzen den arren, ekonomian duen eragina ere kontuan hartzeko modukoa dela adierazi du Bereziartuak. Haren esanetan, bereizita jasotzeak ondorengo tratatze gastuak murrizten ditu eta udalari eta herritarrei dirua aurreztea ahalbidetzen die. Mankomunitateak egin dituen gutxi gorabeherako kalkuluen arabera, Azpeitiko Udalak, aurtengo martxoan, iazkoan baino 19.000 euro gutxiago gastatu ditu hondakinak biltzeko eta tratatzeko orduan. “Ez dago zehatz kalkulatzerik, gai bakoitzaren tratatze gastuak urtez urte aldatu egiten direlako, baina hori diote gutxi gorabeherako kalkuluek”.

Hondakinak gaika biltzeko sistema berria oraindik ez dago erabat ezarrita. Bereziartuak azaldu du landa guneetan etxolen sarrailak txip bidez irekitzeko moduan jartzea falta zaiela eta industriari dagokionean ere oraindik gune batzuetara iritsi gabe daudela. “Herrian ere egokitze fasean gaude. Oraindik herritarrek egindako zenbait eskaera aztertzen ari gara eta, aldi berean, ahaleginak egiten ari gara egiaztatzeko herritarrek hondakinak egoki sailkatzen dituztela”. Herritarrei eskerrak eman dizkie “orain arte erakutsitako jarreragatik eta izan duten pazientziagatik”. Zalantzaren bat edota arazoren bat izanez gero, mankomunitatera jotzeko ere eskatu die.