wrapper

Oharrak

Datorren igandean, Azpeitian ospatuko dute Gipuzkoako Pilota Egunaren bigarren edizioa. Goizerako, haurrentzako eta gazteentzako ekintzak prestatu dituzte; eguerdian, bazkaira egingo dute Azoka Plazan; eta arratsaldean, profesionalen pilota partidak izango dira. Aurretik, 16:30etan, Izarraitz pilotaleku berritua inauguratuko dute, herriko pilotariei omenaldia eginda.

Gipuzkoako II. Pilota Eguna Azpeitian izango da, datorren igandean. Gaur eguerdian azaldu dituzte egunaren nondik norakoak, Izarraitz frontoian egin duten agerraldian. Han izan dira Xabier Tolosa pilotaria, Andoni Lertxundi Gipuzkoako Pilota Federazioko lehendakaria, Estitxu Elduaien Azpeitiko Udaleko Kirol batzordeburua eta Eneko Etxeberria Azpeitiko alkatea. Hain zuzen, igandeko protagonistetako bat Izarraitz pilotalekua bera izango da, Udalak berritu egin duelako eta orduan inauguratuko dutelako.

Lertxundik azaldu du ez dela kasualitatea Gipuzkoako II. Pilota Eguna Azpeitian ospatzea. Haren hitzetan, azken urteetan pilotak Azpeitian indarra hartu du "Ikasberri eta Ilunpe taldeei, pilotariei eta pilotari gaztetxoen gurasoei esker, eta udalak ere pilotaren aldeko apustu garbia egin du". Gainera, udalaren jarrera nabarmendu du, igandeko jaia antolatzeko orduan "erraztasunak" eman dituelako.

Eneko Etxeberria alkateak eskerrak eman dizkio federazioari Pilota Eguna herrian ospatzeko proposamena egiteagatik, eta Lertxundiren hitzak berretsi ditu, Azpeitiak pilotaren aldeko apustu garbia egin duela ziurtatuta. Esan du herriko elkarteak lan handia egiten ari direla eta udala haiei laguntzen ari dela. Izarraitz pilotalekua berritzeko erabakia ere horrexegatik hartu zuen udalak, herriko elkarteek eskatu ziotelako. Elduaienek azaldu du, erremintaz jokatzeko frontoia zena, eskuz jokatzeko neurrietara egokitu dutela, "kantxa txikitu, kontrakantxa handitu eta frontisa jaitxita". Lurrari tratamendu berezia eman diote, pareta beltzez margotu dute eta 11 koadro margotu dituzte, haiek ere eskuz jokatzeko neurrietara egokituta. "Herriko pilotariekin hitz egin ondoren erabaki dugu horrela egitea. Erremontistak ere ados daude, eskuz jokatzeko moduan jarrita frontoiari erabilera handiagoa emango zailako. Azpeitiko Erremonte Txapelketa jokatzen denean koadroen neurriak egokitzekotan gelditu gara". 

Tolosak, bere aldetik, iaz Donostian egin zuten Pilota Egunaz jardun du. Adierazi du "oso egun polita" izan zela parte hartu zuten guztientzat. "Umeek oso ondo pasatu zuten, pilotari profesionalekin pilotan aritzeko aukera izan zutelako; eta pilotariontzat ere oso egun ederra izan zen, giro bikaina sortu zelako". Horiek horrela, pilotazale guztiei igandean Azpeitira etortzeko dei egin die Tolosak, eta gauza bera egin dute Etxeberriak eta Lertxundik ere.  

 

Egitaraua:

-10:00etan hasita: 6 eta 14 urte bitarteko haurrek hainbat pilota modalitatetan aritzeko aukera izango dute Izarraitz pilotalekuan, pilotari profesionalekin batera. Crohn gaixotasuna duten pertsonen aldeko elkartasun ekintza ere egingo dute.

-14:00etan hasita: bazkaria izango da Azoka Plazan.

-16:30etan: udal ordezkariak Azoka Plazatik Izarraitz frontoira joango dira, Udal Musika Bandak lagunduta, eta han pilotaleku berritua inauguratuko dute, herriko pilotariak omenduz. Hain zuzen ere, Azpeitiko bi pilota elkarteetako kideak, emakume pilotariak eta erremontistak omenduko dituzte.

-17:00etan: profesionalen pilota partidak hasiko dira. Lehendabizi, Retegi II.ak eta Martijak Victorren eta Imazen aurka jokatuko dute; jarraian, Buruz Buruko Txapelketako hirugarren postua erabakitzeko partidan, Elezkano eta Ezkurdia lehiatuko dira.

Bazkaritarako sarrerak federaziora deituta eskura daitezke (943 47 14 63). Arratsaldeko pilota partidak ikusteko sarrerak, berriz, gaur jarriko dituzte salgai Frontoi Txikiko bulegoan, 18:00etatik 20:00etara; Korrale tabernan ere erosi ahal izango dira ostiralera arte; eta bestela igandean bertan, Izarraitz pilotalekuko lehiatilan. Kantxako sarrerek 30 euro balio dute; goikoek, 15 euro; eta haurrek 10 euro pagatu beharko dute frontoira sartzeko. 

Jakinarazten dizugu webguneak berezko zein beste batzuen cookieak dituela, eta horien bidez zerbitzu hobea eskaini nahi dizugu, eta nabigazio-esperientzia hobetu nahi dugu. Webgunetik nabigatzen jarraitzen baduzu, horrek esan nahi du onartzen duzula aipatutako helburuekin cookieak erabiltzea Informazio gehiagorako Cookien politika.

Webgune honetako Cookien politika onartzen dut

EU Cookie Directive Plugin Information