wrapper

Oharrak

Udal udaleku irekiak ekainaren 25etik uztailaren 20ra izango dira, 3 eta 18 urte arteko haur, nerabe eta gazteentzat. Eskuprogramak aste honetan banatuko dituzte ikastetxeetan eta izen ematea datorren astean izango da. Aurten, lehenengoz, zaintza zerbitzua eskainiko dute 09:00etatik 10:00etara. 

Udako oporraldia gainean da, eta, urtero bezala, ekainerako eta uztailerako udaleku irekiak antolatuko ditu Azpeitiko Udalaren Gazteria Sailak. Eskuprogramak egunotan banatuko dituzte ikastetxeetan, eta izena emateko epea datorren astelehenean zabalduko dute. 

Adinaren arabera, haurrak sei taldetan banatuko dituzte, eta talde bakoitzak bere egitaraua izango du. Honako hauek dira taldeak: Udan Txiki (HH 3ko umeak); Udan Koxkor (HH 4 eta 5ekoak); Udan Jolas (LH 1 eta 2koak); Udan Mugi (LH 3 eta 4koak); Udan Alai (LH 5 eta 6koak); eta Udabentura (DBH eta Batxilergokoak). 

Udan Txiki, Udal Koxkor eta Udan Jolas taldeetako haur eta gaztetxekoek ekainaren 25tik uztailaren 20a bitartean izango dituzte udalekuak, bi txandatan: lehenengoa, ekainaren 25etik uztailaren 6ra; eta bigarrena, uztailaren 9tik 20ra. Oraindik egitaraua zehazteke dute, begiraleek ekainean landuko dutelako. Udan Txikin, lehen txanda bukatu eta gero, aukera emango dute bigarren txandan izena emateko; beste taldeetan, aurrez eman beharko da izena.  

Udan Mugi eta Udan Alai taldeetako gaztetxoek ere ekainaren 25etik uztailaren 20ra bitartean izango dituzte udalekuak, baina astebeteko lau txandatan. Aipatzekoa da, egitaraua osatu aurretik, udalekuen antolatzaileak adin tarte horretako gaztetxoekin bildu direla haien nahiak eta beharrak zeintzuk diren jakiteko.

Udabenturan, hilabete osorako eskaintza prestatu dute, baina, nerabeek aukera izango dute egun solteak hautatzeko eta bakarrik gustuko dituzten ekintzetan izena emateko. Antolatzaileek eta gazteek elkarlanean osatu dute egitaraua.

Antolatzaileek jakinarazi dute, azken urteetan egin dute moduan, aurten ere zenbait ekintza herriko hainbat eragilerekin elkarlanean gazuatuko dituztela.   

Berrikuntza nagusia: zaintza zerbitzua

Herriko udalekuetan ahalik eta ume gehienek parte har dezaten, gurasoei erraztasunak eman nahi dizkie Udalak. Horrela, aurten lehenengoz, zaintza zerbitzua eskainiko du. Zerbitzu hori egunero emango du, 09:00etatik 10:00etara, Sanjuandegiko Txiki Txoko Ludotekan, eta HH 3tik LH 6ra arteko umeei zuzenduta egongo da. 

Maiatzaren 25a izango da izena emateko azken eguna 

Datorren astelehenean (maiatzak 21) zabalduko dute udalekuetan izena emateko epea, eta azken eguna maiatzaren 25a izango da. Izen ematea Gazte Informazio Bulegoan egingo da eta aste horretan goizez zein arratsaldez irekita egongo da, 10:00etatik 13:00etara eta 17:00etatik 20:00etara.   

 

Jakinarazten dizugu webguneak berezko zein beste batzuen cookieak dituela, eta horien bidez zerbitzu hobea eskaini nahi dizugu, eta nabigazio-esperientzia hobetu nahi dugu. Webgunetik nabigatzen jarraitzen baduzu, horrek esan nahi du onartzen duzula aipatutako helburuekin cookieak erabiltzea Informazio gehiagorako Cookien politika.

Webgune honetako Cookien politika onartzen dut

EU Cookie Directive Plugin Information