wrapper

Maiatzaren 4ra arte bete ahal izango dira alde zaharreko trastelekuei buruzko galdetegiak
Atzo, apirilak 15, alde zaharreko bizilagunekin bilera egin zuten Nagore Alkorta alkateak eta Mikel Odriozola zinegotziak. Alde zaharra bizigarriago egiteko asmoz, trasteleku komunitarioak egiteko proiektua du esku artean udalak, etxeen
HAZeko izapide elektronikoak egiteko ekipoa igerilekuan egongo da aurrerantzean
Ordainagiriak edo isunak ordaintzeko, errolda agiria ateratzeko, idatziei sarbidea emateko eta beste hainbat tramite egiteko aukera ematen du herritarren arreta zerbitzuko izapideak egiteko ekipoak. Udaletxeko lehen solairuan egon da orain arte,
Zaparraie taldea, Azpeitiko Euskara Mahaiko kide berria
Norabide berean eta elkarlanean arituz, bakoitzak bere eginkizuna eta estiloa izango ditu: euskararen normalizazioa mahaiak, herritarren kontzientziazioa Zaparraiek. Azpeitiko Euskara Mahaiak 2024. urteko lehenengo bilera egin zuen atzo

Iaz sortutako Emakume Etxeen Sarea indartzeko asmoz, Artesturak lehiaketa jarri dute abian. Adierazpide artistiko ezberdinetako lanak aurkez daitezke eta irailaren 29a arte izango da lanak aurkezteko epea.

Lehiaketa honen helburua da emakumeen sormena eta produkzio artistiko feminista bultzatzea, ikusgarri egitea eta aintzat hartzea haien lanak, artea sortzen ari diren artista emakumeak ezagutzera emateko, artea lanbide izan edo ez izan. Erakusketa ibiltari bat egingo da, zeina Sareko Emakumeen Etxe guztietatik pasatuko den. Aurkezten diren lanen artean kalitate artistikorik handieneko lanak aukeratuko dira, eta aintzat hartuko dira Emakumeen Etxeen Sarearen filosofia eta helburuak ondoen agertzen dituztenak.

EAEko EMAKUMEEN ETXEEN SAREAren helburua da Emakumeen Etxeen proiektua indartzea, eta horretarako, printzipio komun batzuetatik abiatzen da: berezko espazio bat eskaintzea emakumeei, haien parte-hartze soziala eta politikoa bultzatzea politika publikoetan jardun dezaten, laguntza eta elkartasun sareak sortzea, eta haien ahalduntzea sustatzea, banakakoa nahiz kolektiboa.

Emakumeen Etxeak espazio feministak dira, parte hartzea bultzatzeko baliabideak dituztenak; topalekuak dira, leku pribilegiatu eta erreferenteak udalerrian, ahalduntze prozesuak eta programak dinamizatu eta bideratzeko balio dutenak.

Programatzen diren ekintzak emakumeen kontzientzia-hartzea lantzera bideratuta daude -emakumeak jabetu daitezen jendartean zer-nola bizi diren eta non kokatuta dauden-, eta jendarte berdinzalea lortzeko beharrezkoak diren aldaketak identifikatu eta jendartearen parte-hartzea eta mobilizazioa sustatzera. Prestakuntza eta sormen artistikoa horretarako tresna baliagarriak dira, eta horregatik ematen dira tailerrak eta sustatzen da artelanak produzitzea/egitea ikuspegi feminista batetik, baita artelan horiekin erakusketak egitea ere.

Emakumeen Etxeen Sarea 2016an sortu zen, batera lan egiteko, proiektua ikusgarri egiteko eta efektu traktore bat lortzeko, mugitzekoa, udalerrian bertan. Euskal Herriko Emakumeen Etxeen Sarearen kide dira: Arrasateko Emakume Txokoa, Azpeitiko Emakumeen Txokoa, Basaurin Marienea, Donostiako Emakumeen Etxea, Durangon Andragunea, Eibarren Andretxea, Ermuko Emakumeen Topalekua eta Ondarroan Etxelila Emakumin Topaleku.

2016an lehen proiektu bateratua egin genuen: Testurak izeneko bertso saioa, sareko kide diren udalerri guztietan programatu zena. Eta aurten, lehiaketa honen ondorioa, ARTESTURA FEMINISTAK erakusketa ibiltaria egingo da.

 

 

OINARRIAK:

1. PARTAIDETZA:

Euskal Autonomi Erkidegoan bizi diren 18 urtetik gorako emakumeek parte-hartu dezakete lehiaketan. Emakumeei zuzendutako lehiaketa da, estrategikotzat jotzen baita emakumeek egindako sormen eta produkzio artistikoa sustatzea.

Banaka edo taldean aurkeztu ahal izango dira lanak, eta partaide bakoitzak lan bakarra aurkeztu ahal izango du.

2. BALDINTZAK:

Lehiaketan aurkeztuko diren lanak jatorrizkoak izan beharko dute, aurrez argitaratu gabeak eta ezingo dira beste lan batzuen kopia izan, ez osorik ez zati batean.

Lanek ez dute sinadurarik ez egilearen izenik eramango agerian.

Proposamenek lehiaketaren helburuari erantzun behar diote, eta bereziki, emakume etxeen filosofia eta baloreak islatu behar dituzte.

3. EZAUGARRI TEKNIKOAK:

Adierazpen artistiko ezberdinak onartuko dira, ikus-entzunezkoak izan ezik: marrazkiak, margolanak, diseinu grafikoko lanak, eskulturak, zeramikak, argazkiak, komikiak eta abar.

Arte lan proposamenak neurri hauetara egokituko dira gehienez:

*bi dimentsiotako lanak: 146 cm X 114 cm
*Hiru dimentsiotako lanak: 50 cm X 50 cm X 50 cm

4. AURKEZPENA:

Lanarekin batera, gutun-azal itxi bat aurkeztuko da, bertan honako leloa idatziz:
“Emakumeen Etxeen Sarea – Artestura Feministak Lehiaketa”.

Gutun-azalaren kanpoaldean ez da egilearen izenik aipatuko; atzealdean, goitizena eta -nahi izanez gero- lanaren izenburua baino ez dira azalduko.

Gutun-azalaren barnean, gehienez, 10 lerroko azalpen bat erantsiko da. Azalpen hori euskara hutsean edo elebidunez entregatuko da.

Gutun-azal berean, baina itxita egongo den gutun-azal batean sartuta, egilearen datuak sartuko dira (izen-abizenak, helbidea, herria, harremanetarako telefono zenbakia eta helbide elektronikoa), eta NAren fotokopia. Gutun-azal horren kanpoaldean egilearen goitizena edota lanaren izenburua besterik ez da azalduko.

Lan guztiak behar bezala babestuta aurkeztu beharko dira. Lanak bidaltzeko eta jasotzeko gastuak eta, horrela badagokio, garraioaren aseguruaren gastuak, partaide bakoitzak hartuko ditu bere gain. Antolakuntzak ez du bere gain hartuko lanek garraioan jasan dezaketen galera edo kalteen erantzukizunik.

Lana taldean aurkezten bada, egile-ordezkari baten datuak bakarrik emango dira, bere NAren kopia erantsiz.

Partaideek lehiaketa honetan parte hartzeko emandako datu pertsonalak Datu Pertsonalak Babesteko Abenduaren 13ko 15/1999 Legean xedatutakoarekin bat etorriz jasoko dira eta tratatuko dira.

Lanak sareko edozein herritako udal erregistroan aurkeztu ahal izango dira, jendaurreko ordutegian, ondorengo helbideetan:

Lanak Administrazio Prozedura Erkidearen 39/2015 urriaren 1eko Legearen 16.4 artikuluan aurreikusten diren lekuetan ere aurkeztu ahal izango dira.

Lanak aurkezteko epea 2017ko irailaren 29an bukatuko da, arestian aipatutako aurkezte-leku bakoitzaren arreta ordutegiaren barruan. Posta ziurtatu bidez bidalitakoak ere egun-ordu horretara arte onartuko dira.

5. BALORAZIO IRIZPIDEAK:

Ondorengo irizpideak hartuko dira kontutan lanak saritzeko momentuan:

Lan proposamenak, Emakumeen Etxeen nortasuna eta baloreak adierazi, komunikatu eta transmititzeko duen balio edo ahalmena. Gehienez 20 puntu.
Feminismoaren aldarrikapenekin bat egitea. Gehienez 20 puntu.
Lan proposamenaren originaltasuna eta berrikuntza. Gehienez 10 puntu.

Guztira: 50 puntu

Epaimahaiak askatasun osoz jardungo du, aurrez aipatutako irizpideen arabera, lanak saritzeko garaian.

6. EPAIMAHAIA:

Epaimahaiaren osaera ondokoa izango da: hiru berdintasun teknikari, bi arte aditu, eta emakumeen mugimendua eta mugimendu feministako bi ordezkari.

Epaimahaiak, lanak aurkezteko epea bukatzen denetik 30 eguneko epean ezagutu araziko du bere erabakia.

7. SARIAK:

400€ko 8 sari, eta 200€ko 8 aipamen berezi emango dira.

Udalerri bakoitzak sari eta aipamen berezi bana kudeatuko ditu. Aipamen bereziari dagokionez, sareko udalerriren batean erroldatuta egotea lehenetsiko da.

Saria ordaintzean, dagozkion kenkariak (PFEZ) aplikatuko zaizkio.

Epaimahaiak huts deklaratu dezake lehiaketa, edota sariren bat eman barik utzi.

8. ERAKUSKETA

Aurretik aipatu bezala, Emakumeen Etxeen Sareak erakusketa ibiltaria antolatuko du aukeratutako lanekin.

9. JABETZA

Saridun lanen jabetza, eta ondorioz, berori erabiltzeko eskubideak honako lehiaketa suspertzen duten udalena izango da.

Lehiaketara aurkeztutako parte hartzaileek baimena ematen diote lehiaketa suspertzen duten Udalei, erakusketak osatzeko, lana sariduna izan ala ez.

Parte-hartzaileek, gainera, baimena ematen dute lanak erabiltzeko erakusketa ibiltarian zein aurkezpen materialak sortzeko eta hedatzeko, eta hala badagokio, lanak inprimatzeko moduko formatura egokitzeko. Dena den, lanen bat erabiltzekotan, antolakuntzak dagokion egile(ar)ekin kontaktatuko du.

Saridunak izan ez diren lanak berreskuratzeko aukera izango dute egileek, erakusketak amaitu eta gero.

Lehiaketan parte-hartzeak oinarri hauek onartzea dakar. Oinarri-arau hauen interpretazioan zalantzaren bat sortzen bada, Epaimahaiak eta antolatzaileek erabakiko dute.