Gipuzkoan dagoen jauregi urbano zibil bakarra da Enparan Kalean dagoen Basazabal. Kanpotik ederra da, oso. Baina barruan du benetako xarma. Urte luzez, itxita izan da, eta duela urtebete ingurutik Udala eraberritzeko proiektua eta baliabideak lortzen aritu da. Eneko Etxeberria alkateak, hitzarmen hau sinatzearen garrantzia azpimarratu nahi izan du: "Iragana etorkizunari begira jartzen dugu hitzarmen honekin. Ondarea bera berreskuratu, balioan jarri eta erabilera ematea da gure helburu". Horixe bera azpimarratu nahi izan du Denis Itxaso Kultura, Turismo, Gazteria eta kiroletako diputatuak: "Guretzat garrantzitsua izan da benetan, Azpeitiko Udalak eraikina eraberritzeko asmoa izateaz gain, proiektu zehatz bat duelako buruan. Eraikina eraberritu eta erabilgarri jartzea da helburua, eta hori gure irizpidearekin erabat lotuta dago".
Turismoa eta formazioa
Basazabal eraikina faseka eraberritzen ari dira. Duela urtebete inguru teilatua eraberritu zitzaion, eta orain barrua eraberritzeko lanak hasi dira. Lan horiek ere faseka egingo dira. Lanak bukatzean (2018ko lehen erdialderako irekitzea da helburua) lehen bi solairuak turismora bideratuko dira. Gaur egun Sindikatu Zaharrean kokatzen den turismo bulegoa lekuz aldatuko da, eta interpretazio zentru bat egitea ere aurreikusten da bertan. Goiko beste bi solairuetan, berriz, formazio zentrua sortzea aurreikusten du Udalak.