wrapper

Hirigintza ingurumena sub

Udal baten zereginik garrantzitsuena etxebizitzen inguruko politikak zehaztu eta abiatzea da, Josu Labaka zinegotziak gaurko prentsaurrean azaldu bezala, "gaur hartutako erabakiek biharko Azpeitia marraztea baldintzatzen" dutelako.

Azpeitiko Udalak etxebizitza politika zehazte bidean, hainbat erabaki hartu eta neurriak abian jarri ditu azken urteotan; etxe hutsen gaineko errekargoa edo etxebizitzen alokairurako laguntzak, kasu. Alokairurako laguntzena, beharrezko baliabidea izan dela azpimarratu du: "Gero eta pertsona gehiago dira laguntza hori eskatzen dutenak. Hasieran gazteentzako bakarrik bazen ere, beharra duten beste zenbait kolektibori zabaltzen joan gara, eta iaz 84 herritarrek jaso zuten laguntza hori". Alokairurako laguntzen erdiak Alde Zaharreko bizilagunek jaso dituzte, eta hori zonalde hori biziberritzeko planaren baitako neurria da.


Udalak, hala ere, beste pauso bat eman nahi izan du, eta iazko urrian hasita 700 herritarrengana jo du etxebizitzaren inguruko nahiak, beharrak eta iritziak jasotzeko: "Etxebizitza politikan aurrera egiteko ezinbestekotzat genuen herritarren iritziak, beharrak eta nahiak jasotzea, eta datu objetiboak biltzea, eta horixe izan eman dugun pausoa. Oraingo errealitatea ezagutzeaz gain, aurrera begirako prospektiba ere landu dugu", adierazi du. Inkesta horien baitan lanketa egin eta erabakiak hartzea dagokiola Udalari ere aurreratu du: "Inkestak eskuan, ari gara lanketa egiten. Askotan, beste interes batzuen arabera hartu dira erabakiak, baina guk herritarren interesen araberakoa erabakiak hartuko ditugu". Eta herritarren interes, behar eta iritzien berri emateko bilera antolatu du Udalak martxoaren 22an, datorren asteazkenerako, 19:00etan pleno aretoan. Bertan izango dira ikerketaren lanketan parte hartu duten teknikoak.

 

Bi ikerketa: datu objetiboak eta herritarren iritziak


Aitor Bereziartua zinegotziak azaldu du etxebizitza beharraren analisia egiteko bi ikerketak nola egin diren: "Bi ikerketa berezitu egin ditugu. Bata datu objetiboena; bestean herritarren nahi eta beharren berri izateko 700 inkesta egin ditugu". Herritarrei egin beharreko inkestaren metodologiari dagokionez, telefono bidez deitu da zori sistematiko bidez hautatutako 708 etxetara deitu da. Kontaktu nagusiari egin zaio elkarrizketa hasieran, eta etxebizitza beharra duen norbait bizi bada, hari ere egin zaio: "Bi inkesta desberdin egin dira, bata orokorra, eta etxebizitza premia dutenei bideratutakoa bestea", zehaztu du Bereziartuak.


Bigarren ikerketari dagokionez, Udalak dituen datuen kontraste eta nahastea egin da. Hori ikerketa erabat teknikoa izan da. Hainbat datu objetibo gurutzatu eta ikertuz egin da azterketa.

Ikerketak azaltzeko batzarra, martxoaren 22an, 19:00etan


708 azpeitiarrek hartu dute inkestan parte. Leire Goenaga zinegotziak azaldu duenez: "Parte hartzeko gogoa nabaritu da, beharrak azaltzeko, iritzia emateko.... Eta orain datu hotz horien atzean dagoen azalpen osoa eman nahi diegu herritarrei". Horretarako, inkesta egin duten teknikoak izango diren bilera irekia antolatu da datorren asteazkenerako, martxoak 22, 19:00etan pleno aretoan.

Analisiaren zertzeladak


Herritarren iritziak garrantzia berezia dute egindako ikerketetan, eta Goenagak ikerketako datuetako zenbait eman ditu: "Azpeitiarrek argi utzi digute etxebizitza eskubidea garrantzitsua dela beraientzat. Ikerketaren arabera, herritarren gehiengoarentzat oso garrantzitsua da etxebizitza egokia eta duina izatea". Eta herritar ia gehienen ustea da gazte asko edo dezente direla etxebizitza eskuratu nahi eta ezin dutenak.


Arlo honetan Udalak jokatu beharko lukeen paperaz galdetuta, berriz, %90etik gorak erantzun du Udalak ahal duen guztia egin behar duela herritarrei etxebizitza eskubidea bermatzeko. "Udalaren orain arteko bidearekin bat egiten dutela herritarrek ere ikusi dugu" azpimarratu du Goenagak. Izan ere, herritarrei etxebizitza eskuratzeko gehien lagundu behar diren kolektiboez galdetuta gehienegoak baliabide gutxi dituztenak lagundu behar direla azaldu dute, %60ak gazteak eta ondoren bananduta dauden eta seme-alabaka bere kargu dituztenak aipatu dituzte.


Azpeitiaren etorkizuna marrazterakoan ere ikerketek datu interesgarriak utzi dituzte. Gaur egun 18 eta 34 urte bitarteko 2.500 gazte inguru daude erroldatuta. Baina urtez urte gazte kopurua handitzen ari da, joaten diren gazteak baino gehiago direlako datozenak. Hala, gaur egun, herriko gazteen %65a bertan jaiotakoa da, beste herri eta eskualdeekin alderatuta altua. Bide horretan, hamar urteko prospektiban, gazte kopurua handitzea aurreikusten da.

 

2017 - Azpeitiko Udala.
ElkarMediak garaturiko webgunea