wrapper

Gizarte zerbitzuak sub

Martxoaren 25a, festa eguna izango da Azpeitian. Izan ere, gaur eguerdian aurkeztu dute Udalak, Baigera elkarteak eta Loadinn ikasle elkarteak antolatutako jubilatuentzako festa.

Jubilatuen topagunea izango da egun horretan Azpeitia, eta egun osoan, Gipuzkoa osotik etorritako 300 lagunetik gora etortzea aurreikusten dute. Estitxu Elduaien Gizarte Zerbitzuetako Batzordeburuaren hitzetan " jubilatuen topaketa" izango da: "Egun osoan zehar izango dira jubilatuak Azpeitian, eta egun osorako egitaraua prestatu dugu eragileok, elkarlanean". Azpeitiko Udalak, bere turismo bulegoaren bidez, bisitariei Azpeitia ezagutarazteko bisita gidatuak prestatzen lagundu du goizerako. Baina egun osoan izango dute zer egina. "Festa giroa ekartzeaz gain jende asko etorriko da gurera, kalera, eta horrek ere eragina izango du gure taberna eta komertzioetan", adierazi du. Horretaz gain, jubilatuak sektore garrantzitsua direla ere azpimarratu nahi izan du: "Jubilatuak bizitza oso aktiboa egiten dute, aisirako eta bizitzeko aukera paregabea dute, eta bide horretan guretzat ere oso giza talde garrantsitsua da".

Loadinn Mondragon Unibertsitateko ikasle elkarteak antolatzen du festa hau. Uxue Barrenetxea ordezkariak azaldu duenez 4. aldia izango da antolatzen dela: "Toki aproposa da Azpeitia. Pertsona guztientzako irisgarria da eta egin diguten harrera ikusita, ziur egun ederra izango dugula".

Egitarau oparoa prestatu dute: Goizean Loiolako Santutegia bisitatuko dute, horren ostean, Azpeitiko almendra eta bertako eraikin historikoak ezagutzeko bisita gidatua egingo dute. Eguerdi aldera Kantu jirakoekin poteoa egin ostean, Izarraitz frontoian egingo dute bazkaria. Bazkalosterako, Bingo, dantzaldi eta karaokea dituzte prestatuta.

Izen ematea, 15a arte

Egun guztiko ekimenean parte hartu nahi duten azpeitiarrek 26 euro ordaindu beharko dute.Loiolako santutegia bisitan parte hartu nahi ez dutenek, berriz, 23 euro. Azpeitiarrak ez diren jubilatuentzat prezioa 33 eurokoa izango da. Parte hartu nahi dutenek Azpeitiko Turismo Bulegoan eta Baigera elkartean eman beharko dute izena, martxoaren 15a baino lehen.