wrapper

Gizarte zerbitzuak sub

Azpeitiko Udalak herritarren formakuntza ahalbidetzeko bekak aurkeztu ditu gaur. Aurreko astean, udazkeneko formazio eskaintza aurkeztea aurreratu zen beka sistema ere egun gutxiren buruan jarriko zutela abian, eta gaur aurkeztu dute. "Aurreko astean esan genuen eta gaur berriro azpimarratu nahi dugu: formazioa ezinbeztekotzat jotzen dugu langabeziari aurre egiteko, eta bide horretan, herritarrentzat dirua formakuntzarako arazo ez izateko jarri ditugu abian beka hauek", azaldu du Estitxu Elduaien zinegotziak. Hala, aurreko urteetan gaur eta gaztetxoentzako beka sistemari helduen formaziorako linea gaineratu dio Udalak.

Elduaienek azpimarratu duenez, Azpeitiko zein eskualdeko langabeen perfil nagusia titulaziorik gabeena da. "Askok, nahiz eta urteak lan berean egin, ez dute titulaziorik, eta arazo bihurtzen zaie langabezian, eta horiek titulazioa atera ahal izateko dirua aitzakia ez da izango", adierazi du.

Hala, profesionaltasun agiria ateratzeko ikastaroak eta Lanbide Heziketako zikloak egiteko matrikula, garraioa eta ikas materiala erosteko laguntzak emango ditu Udalak beken bidez. "Formakuntza modu horietaz gain beste kasu bereziren bat bada, Udalak aztertuko du, eta gizarte ikuspegitik garrantzitsutzat jotzen badu emango zaie laguntza", adierazi du Elduaienek. Horretaz aparte, Udalak eskaintzen duen formakuntza ikastaroak egiteko ere emango ditu bekak.