wrapper

Oharrak

Albiste Nabarmenduak

  • Euskal Antzerki Topaketetako kartel lehiaketa abian da
    Euskal Antzerki Topaketetako kartel lehiaketa abian da
    Azpeitiko Udalak gure herrian urtero egin ohi diren Euskadiko Euskal Antzerki Topaketak direla eta, edizio bakoi­tzerako kartel lehiaketa antolatu ohi du. Lanak aurkezteko epea, maiatzaren 2tik 31ra bitartean aurkeztu beharko dira Udalaren Kultur Sailean. Horretaz gain, Antzerki Topaketetean beren obra eskaini nahi duten taldeek apirilaren 28rako aurkeztu behar dute proiektua.  Read more...
  • Balore komunetan oinarritutako Herri Hezitzaile filosofiaren baitako jardunaldia egingo da maiatzaren 6an
    Balore komunetan oinarritutako Herri Hezitzaile filosofiaren baitako jardunaldia egingo da maiatzaren 6an
    Azpeitian badira Herri Hezitzaile filosofiarekin bat egiten duten hamaika proiektu, eta horiek ezagutarazi eta Azpeitian balore komunetatik abiatuta Herri Hezitzaile proiektua abian jarri eta elkarlanean garatzen hasteko abiapuntua jarri nahi da maiatzaren 6ko jardunaldiekin. Izen ematea debalde bada ere, maiatzaren 4ra arte Esta dirección de correo electrónico está siendo protegida contra los robots de spam. Necesita tener JavaScript habilitado para poder verlo. helbidera idatzi edo 943 15 71 60 telefonora deitu behar dute parte hartu nahi dutenek.  Read more...
  • Egin errenta aitorpena euskaraz
    Egin errenta aitorpena euskaraz
    2016ko errenta aitorpena egiteko kanpaina ate joka ari da Araban, Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroan, eta Azpeitiko Udalak Udalerri Euskaldunen Mankomunitatearekin elkarlanean, errenta aitorpena euskaraz egiteko kanpaina jarri du abian, aurten ere. Gipuzkoako Foru Aldundiaren datuen arabera, iaz Azpeitian 7.541 errenta aitorpen egin ziren, eta 3.027 egin ziren euskaraz, %40a pasatxo. Read more...

Euskera Sub ES

Azpeitiko egoera soziolinguistikoa

Azpeitiko Euskara Patronatuak Eusko Jaurlaritzaren Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren laguntza eta elkarlanarekin Azpeitiko egoera soziolinguistikoa goitik behera aztertu du. Azpeitian dagoen euskara gaitasuna, euskararen bilakaera eta euskararen erabilera dira aztertu dituen esparruak. Azpeitiko Mapa Soziolinguistikoa tresna garrantzitsua izango da Azpeitian hizkuntza politikari buruz hartu beharreko neurriak erabakitzeko.


Azpeitia Urola Kosta eskualdean dago, Urola ibaiaren arroan, Gipuzkoako erdialdean. Azkoitia, Deba, Zestoa, Errezil, Beizama, Beasain, Ezkio-Itxaso eta Zumarragarekin egiten du muga. Azalera 69,4 km2-koa du.

Azkoitia, Azpeitia eta Zarautz dira eskualdeko udalerririk jendetsuenak; hiru udalerri horietan bizi dira eskualdeko biztanleen bi herenak (%67,83).

Biztanleriaren banaketa eta bilakaera
Azpeitiko populazioa haziz joan da, poliki-poliki, azken hamarkadetan, 1975ean 12.209 izatetik, 2001ean 13.708 izatera igaroz. Egun, beraz, biztanleen dentsitatea 198,6 biztanle km2-koa da. 13.708 biztanle horietatik %85 baino gehiago hirigunean bizi dira.

Biztanleon banaketa, biztanle gutxien duen auzotik gehien duenera, honakoa da:

Paulo VI.ak 1.690 biztanle;
Harzubiak 1.714;
Landa eremuak 1.925;
Sanjuandegik 3.563, eta
Alde Zaharrak 4.035.

 mapa azpeitia01

 Auzootatik, Paulo VI. eta Alde zaharrak biztanleen hazkundea nozitu dute 1991 urtetik hona. Harzubiak, Landa-eremuak eta Sanjuandegik biztanle gutxiago dituzte egun 1991an baino.

Gainontzeko biztanleak zazpi gunetan banatuta daude: Nuarbe, Odria, Eizagirre, Aratz-erreka, Oñatz, Elosiaga, Urrestilla, Izarraitz, eta Loiola, txikienetik populatuenera zerrendatuta.

mapa azpeitia02

 

Adinari erreparatuz gero, Gipuzkoako nahiz eskualdeko 20 urtez beherako biztanleen proportzioak gainditzen ditu Azpeitiak. Izan ere, Urola-Kostak baino 1,5 puntu eta Gipuzkoak baino ia 4 puntu gehiago dira hemen (%21,3). Nolanahi ere, oro har Euskal Herri osoan gertatzen ari den bezalaxe, jaiotze-tasa oso txikia da eta gazteen proportzioa gero eta txikiagoa Azpeitiko biztanle guztiekiko.

 mapa azpeitia03

 

20 eta 64 urte artekoen proportzioa antzekoa da hiruretan, %64 ingurukoa. Azkenik, herrialdearena nahiz eskualdearena baino txikiagoa du 65 urtez gorakoen proportzioa (populazioaren %14,6).

Biztanleriaren jatorria

2001eko Zentsuko datuen arabera, EAEko biztanleen %27 EAEtik kanpo jaiotakoak dira; Gipuzkoan %23 dira, eta horietatik herenak Gaztela-Leonen dute sorlekua, ia bostetik batek Extremaduran, eta hamarretik batek Espainiatik kanpo. Azpeitiari dagokionez, EAEtik kanpo jaiotako gehienak (%41,4) Extremaduratik etorritakoak dira eta %18,0 gatela-Leonetik. Espainiatik kanpo etorritakoak %16 dira.

mapa azpeitia04

 

 Urtean-urtean, haziz doa Azpeitira bertaratzen diren atzerritarren kopurua, aldiz, urrituz doa Azpeititik alde egiten dutenena. Badirudi antzeko bilakaera izango dela datozen urteetan ere. 

mapa azpeitia05

 

Hizkuntza-gaitasuna
2001eko Zentsuko datuen arabera, Azpeitiko hamar lagunetik ia bederatzi (%88,6) elebidunak dira, %4,3 elebidun hartzaileak (ondo hitz egin ez arren ondo ulertzeko gaitasuna dutenak) eta %7,1 erdaldun elebakarrak, hau da, euskaraz batere ez ulertu eta hitz egiten ez dutenak.

EAEko (%32 elebidun) eta Gipuzkoako (%52 elebidun) batez bestekoen oso gainetik dago Azpeitia, Urola-Kostako herri gehienak bezala (Zumaia eta Zarautz dira elebidunen proportzioa %80tik beherakoa duten bakarrak). Azken hamar urteotan, zertxobait gora egin du elebidunen eta elebidun hartzaileen proportzioak, eta beste horrenbeste behera erdaldun elebakarren ehunekoak.

Auzoei erreparatuta, Sanjuandegik du euskaldunen portzentajerik txikiena (%82). Bertako hamar lagunetik bat (%9) erdaldun elebakarra da. Hala ere, elebidunen proportzioak behera egin du Alde zaharrean eta Landa-eremuan, eta gora Sanjuandegi eta Paulo VI.aren ingurunean, 1991ko datuekin alderatuta

 

mapa azpeitia06

Hizkuntza-gaitasuna adinaren arabera
Azpeitian ere, elebidunen portzentajeak gora egiten du adinak behera egin ahala. Edonola ere, euskaldunak %80tik gora dira adin-talde guztietan eta 25 urtez beherakoen artean, %90etik gora. Azken 15 urteotan, oro har gertatu den bezala, hazkunderik handiena gazteen artean eman da. Elebidun hartzaileak oso gutxi dira oro har, eta are gutxiago gazteenen eta zaharrenen artean. 20 urte baino gutxiago dituztenen artean, erdaldun elebakarrak %2 baino gutxiago dira.

Biztanleria taldetan banatuz gero:

5 urtetik 24 urte artekoak: adin-talde honetako erdaldun elebakarren proportzioa oso txikia da; hogei urtetik beherako azpeitiar ia guztiak elebidunak dira; elebidun hartzaileen proportzio txiki bat ere bada.
25 urtetik 44 urte artekoak eta 45 urtetik 64 urte artekoak : adin-talde horietan, elebidunak %85 inguru dira. Elebidun hartzaileen eta erdaldun elebakarren proportzioak gainerako taldeetan baino zertxobait handiagoak diren arren, txikiak izaten jarraitzen dute (%6tik %9ra bitartekoak). Talderik jendetsuenak dira bestalde.
65 urtez gorakoak: elebidunak %87 dira. Elebidun hartzaileak oso gutxi dira (%1), aldiz, erdaldun elebakarrak beste taldeetan baino dezente gehiago (%12).

mapa azpeitia07

Hizkuntza-bilakaeraren indizea (BILA)
Euskarak izan dituen galerak eta irabaziak ezagutzeko balio digu indizeak; alegia, euskarak zenbat hiztun galdu eta zenbat irabazi dituen, baita euskal hiztunek bizitza osoan zehar euskara gorde ote duten jakiteko ere. Horretarako, lehen-hizkuntza eta hizkuntza-gaitasuna gurutzatu dira. Gurutzaketa horrek 7 hiztun-mota1 zehazteko aukera ematen du.

Azpeitian, bost urtetik gorako biztanleen artean, euskaldun zaharrak gehiengo zabala dira, %81,6. Erdaldun zaharrak, ordea, %7,0 dira.

Azpeitiko biztanleen %4,9 euskaldun berri irabazi dira. Horiexek dira, hain zuzen, Azpeitian euskarak izan dituen irabaziak. Aldi berean, %3,9 partzialki euskaldun berriak dira. Galerak oso txikiak izan dira. Izan ere, partzialki eta guztiz erdaldunduak %1 baino gutxiago dira.

 

mapa azpeitia08

 

Hizkuntza-bilakaeraren (BILA) indizea adinaren arabera
Adin-talde guztietan hiztun gehienak euskaldun zaharrak dira. Erdaldun zaharren proportziorik handienak helduek dituzte, baina nabarmen egiten du behera gazteen artean.

Euskaldun berrien eta jatorrizko elebidunen proportzioek, berriz, gora egiten du adinak behera egiten duen neurrian, eta hazkunde hori nabarmenagoa da 24 urtetik beherakoen artean.

Jatorrizko elebidunen proportziorik handiena 10 eta 14 urte bitartekoen taldeak du.

Erdaldun zaharrak, berez, oso gutxi dira adin-talde guztietan, bereziki 24 urte baino gutxiago dituztenen artean.

 mapa_azpeitia09.png

 

Euskararen irabaziak eta galerak
Euskaldun berriek euskara ez den beste hizkuntza bat jaso dute etxean eta gerora euskara ondo ikasi dute. Talde hori, beraz, euskarara etorritako hiztunek osatzen dute. Euskarak izan dituen irabaziak, hain zuzen. Baina badira beste bi talde, partzialki eta erabat erdaldundutakoak, etxean euskara jaso arren, zati baten ala guztiz galdu dutenak. Bi talde horietako hiztunak euskarak izan dituen galerak dira.

Azpeitian irabaziak galerak baino askoz handiagoak dira. Irabazirik handienak 30 urtetik beherako gazteen artean daude, beraz eskola bidez lortu dira nagusiki.

Galerak, aldiz, %1 baino txikiagoak dira eta horietako gehienak ez dute euskara guztiz galdu. Gazteenen artean, gainera, partez gertatutako galera horietako gehienak irabazi bihurtuko dira datozen urteotan eskolari esker.

  mapa_azpeitia10.png

 

Etxeko hizkuntzaren erabilera (ERABIL indizea)
Etxean erabiltzen den hizkuntza ematen du aditzera ERABIL indizeak, BILA indizea etxean maizen erabiltzen den hizkuntzarekin (etxeko hizkuntzarekin) gurutzatuta lortzen den emaitza da. Hartara, BILA indizeko taldeek (euskaldun zaharrak, jatorrizko elebidunak, eta abar) etxean dituzten hizkuntzazko ohiturak ezagutzea ahalbidetzen du, hots, euskaraz aktiboak, bietan aktiboak (erdaraz eta euskaraz), ala euskaraz pasiboak diren.

Euskara da azpeitiar gehienen etxeko hizkuntza, eta erabilera-maila antzekoa da adin-talde guztietan (%70etik gora). Alderik nabarmentzekotan, 25 eta 44 urte bitartekoen artean egiten da euskara gutxien (%72,6k) eta gaztelania gehien (%15,4k).

 mapa_azpeitia11.png

 

 

Etxeko hizkuntza hiztun-talde motaren arabera (tipologia)
Euskaldun zaharrak populazioaren %82 dira eta hamarretik bederatzi aktiboak dira euskaraz, hau da, etxean euskara erabiltzen dute nagusiki. Gainera, %5ak euskara eta gaztelania, biak, erabiltzen ditu.

Jatorrizko elebidunen artean, gehienek (%85ek) hizkuntza biak erabiltzen dituzte. Euskaldun berriak artean; hamarretik bat baino ez da euskaraz aktiboak, aldiz, hamarretik zazpi euskaraz pasiboak dira.

 mapa_azpeitia12.png

 

Etxeko hizkuntza, euskaldunen dentsitatearen arabera
Hizkuntza bat ala beste erabiltzeko, berebiziko garrantzia du, erraztasunaz batera, hiztunen dentsitateak. Euskara etxeko ohiko hizkuntza izan dadin, beharrezkoa da etxeko guztiek euskaraz hitz egiten jakin dezaten. Nahikoa da familiako kide bakar batek euskaraz ez jakitea erabilerak oso behera egiteko

Etxeko euskaldunen dentsitatea oso handia da Azpeitian. Biztanleen hiru laurden euskaldunak %80 baino gehiago diren familietan bizi dira.

Etxeko euskaldunak %80 baino gehiago direnean, ia guztiek (%96k) euskaraz hitz egiten dute. Baina etxeko euskaldunen dentsitatea txikiagoa denean, erabilera asko jaisten da: %60 eta %80 artekoa denean, etxean euskara erabiltzen dutenak %46 dira, euskaraz nahiz gaztelaniaz dihardutenak %32 eta gaztelania hutsean %22.

Euskaldunen dentsitatea %60 baino txikiagoa denean, gehien jota hamarretik batek hitz egiten du nagusiki euskaraz eta bostetik batek euskaraz eta gaztelaniaz, bietan. Gainerako guztiek (%70etik gora) gaztelania hutsez dihardute.

mapa_azpeitia13.png

 

Hezkuntza

Irakaskuntza ez unibertsitarioko ikastetxeak
7 ikastetxe daude Azpeitian. Horietatik 5 pribatuak dira eta gainontzeko 2ak publikoak. Ikasleen %45 sare publikoan ari dira eta gainerakoak pribatuan.

D eredua ikastetxe guztietan eskaintzen da, La Milagrosan eta Iraurgin izan ezik. Bi ikastetxe horiek B eredukoak dira.

Irakaskuntza ez-unibertsitarioaren bilakaera, 1983-84/ 2003-04
Unibertsitatetik kanpoko hezkuntzako ikasteredukako matrikulazioari erreparatuta, ikus dezakegu D eredua erabat nagusi dela Azpeitian. Izan ere, ia %90ekoa izan da azken lauzpabost ikasturteotan.

B ereduko matrikulazio-tasak %10 gainditu du ozta-ozta 1996-87 ikasturteaz geroztik. Azkenik, 2000/01 ikasturtetik aurrera ez da inor matrikulatu A ereduan.

mapa_azpeitia14.png

 

Irakaskuntza ez unibertsitarioa irakasmailaren arabera
D eredua nagusi da (%80tik gora) derrigorrezko hezkuntzan (Haur Hezkuntza, Lehen Hezkuntzan eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan) eta erabat nagusi (%100) Batxilergoan eta Lanbide Heziketan.

D ereduan izena eman ez duten ikasleek B ereduan egin dute. Izan ere, Azpeitian ez dago A ereduan ikasten duen ikaslerik. Haur Hezkuntzan hamar ikasletik batek (%10,7k) B eredua aukeratu du; Lehen Hezkuntzan eta DBHn portzentajea zertxobait handiagoa da (%15,7 eta %13,4 hurrenez hurren).

 mapa_azpeitia16.png

 

ONDORIOAK

Azpeitia Euskal Herriko udalerri euskaldunenetakoa da. Izan ere, 10.000 biztanletik gorako udalerrien artean elebidunen proportziorik handiena berak du. Azpeitiko elebidunak %88, 6 dira, elebidun hartzaileak %4,3 eta erdaldun elebakarrak %7,1. Gainera, hizkuntza-gaitasunaren bilakaerari dagokionez, ez da gorabehera azpimarragarririk izan azken hamar urteotan.

Elebidunen portzentajerik handiena 20 urte baino gutxiago dituzten gazteen artean dago (%97,1). Erdaldun elebakarren portzentajerik esanguratsuena, aldiz, 65 urtez gorakoen artean dago (%12).

2001eko datuen arabera, elebidunen proportziorik handiena (%96,2) Landa-eremuan biltzen da eta txikiena (%81,8) Sanjuandegin. Halere, azken horrek izan du elebidunen hazkunderik handiena azken urteotan.

Azpeitiko elebidun gehienak euskaldun zaharrak dira (%82,23), hau da, etxean jaso dute euskara. Euskaldun zaharrak nagusi dira adin-talde guztietan, baina portzentajea zertxobait handiagoa da 60 urtetik gorakoen artean. Euskaldun berriak, aldiz, oso gutxi dira Azpeitian, eta direnak gazteak dira.

Azpeitiarrek euskara erabiltzen dute nagusiki etxean. Izan ere, gehienek etxeko kide guztiak edo ia guztiak euskaldunak dituzte eta, gainera, esan bezala, euskaldun zaharrak dira neurri handi batean. Beraz, euskara erabiltzeko baldintza objektibo nagusiak betetzen dituzte: euskaraz jarduteko erraztasuna dute eta elebidunen dentsitate nahikoa etxean.

 

GLOSARIOA

 

Migrazioak (Iturria: EUSTAT)

  • Immigrazioa: jatorria EAEtik kanpoko udalerri batean izanik, atzerria barne, helmuga EAEn duen migrazioa
  • Emigrazioa: jatorria EAEko udalerri batean izanik, helmuga EAEtik kanpo duen migrazioa da.
  • Barne-migrazioa (helburukoa): jatorria EAEko udalerri batean, eta helmuga EAEko beste udalerri batean duen migrazioa.
  • Barne-migrazioa (jatorrizkoa)*: jatorria EAEko udalerri batean, eta helmuga EAEko beste udalerri batean duen migrazioa.

Hizkuntza-gaitasuna (Iturria: HPS/ III. mapa soziolinguistikoa)

Hiztunak euskara zenbateraino menperatzen duen jakiteko, oinarrizko hizkuntza-trebetasunak (ulermena, mintzamena, irakurmena eta idazmena) gurutzatzen dituen tipologiak, honako hiztun motak zedarritu ditu:

  • Erdaldun elebakarrak: ez dute euskaraz batere hitz egiten, ezta ondo ulertzen ez irakurtzen.
  • Elebidun hartzaileak: euskaraz nekez hitz egin edo hitz egin ez arren ondo ulertu edo irakurtzen dute.
  • Elebidunak: euskaraz gutxienez ondo ulertu eta hitz egiten dute.
    • Elebitasun-mota: (Iturria: HPS/ III. mapa soziolinguistikoa)

      Hiztun elebidunen hizkuntza-gaitasun erlatiboaren arabera ere, honako hiztun motak antzeman daitezke:

      • Euskal elebidunak: euskaraz errazago hitz egiten dute erdaraz baino.
      • Elebidun orekatuak: erdaraz euskaraz bezain ongi aritzen dira.
      • Erdal elebidunak: erdaraz errazago hitz egiten dute euskaraz baino.

Hizkuntza-bilakaera (BILA indizea)/ transmisioa (Iturria: HPS/ III. mapa soziolinguistikoa)

Hiztunen hizkuntza-gaitasuna eta lehen hizkuntza gurutzatuta lortzen den tipologia honako hau da:

  • Euskaldun zaharrak: Ama-hizkuntza euskara izan eta euskaraz “ondo” ulertu eta hitz egiten dute.
  • Jatorrizko elebidunak: Ama-hizkuntza euskara eta erdara izanik euskaraz “ondo” ulertu eta hitz egiten dute.
  • Euskaldun berriak: Ama-hizkuntza, euskara ez den beste hizkuntza bat izan, eta euskaraz “ondo” ulertu eta hitz egiten dute.
  • Partzialki euskaldun berriak: Ama-hizkuntza euskara ez den beste hizkuntza bat izan eta euskaraz “nekez” hitz egin edo, hitz egiten ez badute ere, “ondo” ulertu eta irakurtzen dute.
  • Partzialki erdaldunduak: Ama-hizkuntza euskara edo euskara eta erdara izan eta euskaraz “nekez” hitz egin edo, hitz egiten ez badute ere, “ondo” ulertu eta irakurtzen dute.
  • Guztiz erdaldunduak: Ama-hizkuntza euskara edo euskara eta erdara izan arren, euskaraz ez dute hitz egiten ezta ondo ulertu edo irakurtzen ere.
  • Erdaldun zaharrak: Ama-hizkuntza euskara ez den beste hizkuntza bat dute eta euskaraz ez dute hitz egiten ez ulertzen ere.

Hizkuntzaren erabilera/ UEtxeko hizkuntzaren erabileraUren tipologia (ERABIL indizea) (Iturria: HPS/III. mapa soziolinguistikoa)

  • Etxeko hizkuntza: etxean maizen hitz egiten den hizkuntza.
  • Euskaraz aktiboak: etxeko ohiko hizkuntza euskara dutenak.
  • Euskaraz pasiboak: etxeko hizkuntza erdara dutenak.
  • Bietan aktiboak: etxeko hizkuntza euskara eta erdara dituzten pertsonak.

 

Hezkuntza ez unibertsitarioaren mailaketa (Iturria: Eusko Jaurlaritza, Hezkuntza Unibertsitate eta Ikerketa Saila)

  • HH (Haur Hezkuntza)
  • LMH (Lehen Hezkuntza)
  • DBH (Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza)
  • BAL (LOGSE Batxilergoa)
  • LH (Lanbide Heziketa)

 

 

2017 - Azpeitiko Udala.
ElkarMediak garaturiko webgunea

Jakinarazten dizugu webguneak berezko zein beste batzuen cookieak dituela, eta horien bidez zerbitzu hobea eskaini nahi dizugu, eta nabigazio-esperientzia hobetu nahi dugu. Webgunetik nabigatzen jarraitzen baduzu, horrek esan nahi du onartzen duzula aipatutako helburuekin cookieak erabiltzea Informazio gehiagorako Cookien politika.

Webgune honetako Cookien politika onartzen dut

EU Cookie Directive Plugin Information