wrapper

Oharrak

Memoria historikoa lantzerakoan, errazagoa egiten da 36ko gerraren ondorioez hitz egitea, 80 edo 90. hamarkadaz hitz egitea baino. Izan ere, memoria edo historia ere gertaeretatik 100 urtera izandatzen da horrela, fakultateetan irakasten dutenez. Hala ere, Azpeitiko Udalak eta Aranzadik elkarlanean 'Azpeitia 1960-2017. Motibazio politikoz urratu diren giza eskubideak eta beste sufrimendu batzuk, Azpeitian eta azpeitiarrei gertatuak' liburua aurkeztu da, 200 baino herritar gehiagoren aurrean. Udalarena izenean, Frankismo garaitik gaur arteko alkate guztiek (Luxiano Lazkano, Joxe Mari Bastida, Julian Eizmendi, Iñaki Errazkin eta Eneko Etxeberria) sinatutako adierazpena irakurri dute. Aurkezpenean izan dira Paco Etxeberria eta Jon Mirena Landa EHUko irakasle eta katedraduna ere. 

Egia, justizia eta erreparazioa aldarrikatzeko, Aranzadi eta Udala azken urteetan osatzen ari diren ibilbidearen baitan, pauso bat gehiago ematera ausartu dira eta atzora arte edota gaur oraindik ere urratzen diren giza eskubideak ikertu eta plazaratu dituzte gaur aurkeztutako liburuan. Iragana aztertzeko zorroztasuna behar da, eta horretarako Udalak konfiantza osoa jarri du Aranzadirengan, irizpide zientifiko eta neutraletan oinarrituta azterketa egiteko.

Paco Etxeberria EHUko Lege eta auzitegi Medikuntzako irakasleak eta Jon Mirena Landa EHUko Giza eskubideen eta Botere Publikoen katedradunaren hitzaurreak ditu liburuak, eta gaur ekitaldian izan dira liburuan erabili den metodologiaren garrantzia azpimarratzeko asmoz. Landak biolentziaren bilaeraz hitz egin du: "Duela 500-700 urte biolentzia iraultzarekin lotzen zen, ez hemen, Europa osoan. Gaur, berriz, terrorismoarekin edo salbuespen egoera eta neurriekin lotzen dugu", azpimarratu du. Giza eskubide urraketak ikertzerako garaian Berdintasun eta zatiezintasun printzipioak ere aipatu ditu: "Giza eskubide guztiak berdin tratatu eta ikertu behar dira. Merezi duten bezala, serio. Eta ikertzen hasita, guztiak ikertu behar dira, justizia ariketa zintzoa egiteko.  Indarkeria kasuen aurrean bakoitzak bereari gehiago begiratzeko joera eta joku politikoan sartzeak duen eraginaren berri ere eman du. 

Etxeberriak egindako lana balioan jarri nahi izan du: "Azpeitiko Udala memoriaren arloan egiten ari den lana ikaragarria da, eta liburu hau ere irekitako bidean urrats garrantzitsua izango dela ziur nago. Gaur hemen zaudeten batzuk ezagutzen zaituztet, eta badakit biktimei asko kostatzen zaiela gertatutakoaz hitz egitea. Liburuan, gertatutakoa biltzeko lan handia egin da". Neutraltasunaren kontra ere egin du: "Ez gara neutralak, objetiboak eta inpartzialak bai, baina neutralak ezin gara izan giza eskubide urraketen aurrean". 

Gertuko iraganaren ikerketa egiten ikasten ari direla ere gaineratu nahi izan du: "Denok ari gara ikasten nola ikertu duela urte gutxi gertatutakoa. Hau lehena izan da, eta ziur nago beste udalek ere jarraituko dutela hemen urratutako bidea". 

Alkateen adierazpena

Aurkezpenean presente izan dira Frankismo garaitik gaur egun arte alkate izan direnak ere. Luxiano Lazkano, Joxe Mari Bastida, Julian Eizmendi, Iñaki Errazkin eta Eneko Etxeberriak adierazpen bat adostu eta irakurri dute. denen izenean, Eizmendi, Errazki eta Etxeberriak irakurri dute adierazpena. 

" Begirada kritikoa izan behar dugu gure etorkizuna eraikitzeko. Hala ere, ez da egia osoa jaso oraingoz, ezinezkoa izan delako. Eskubide gehiagoren urraketak gertatu dira, eta horiek oraindik ere ikertuak izan behar dute. Bide horretan lanean jarraitzeko gure konpromisoa aldarrikatzen dugu", adieraziz hasi da Julian Eizmendi alkate ohia. 

"Azpeitia indarkeria handia jasan duen herria da. Indarkeria horren ondorioak larriak izan dira, eta, oraindik ere, askok eta askok, ez dute merezi duten aitormena eta babesa jaso. Izen-abizenak dituzten herritarrak dira, eta, guztiei, edozein izanda ere jasan duten indarkeria mota, gure aitortza egitea nahiko genieke.
Guzti-guztiek merezi dute instituzioen/udalaren babesa jasotzea. Guretzat giza-eskubideen urraketa jasan duen herritar orok merezi du aitortza eta minaren aurrean, elkartasuna.

Batzuen ustez, urte asko, gehiegi, pasatu dira giza eskubide urraketa batzuk gertatu zirenetik, eta bere horretan uztea hobe dela diote. Baina hori ezinezkoa da herri hau oinarri sendoen gainean eraiki nahi badugu. Derrigorrezkoa da isiltasunarekin apurtzea. Egia nagusitzea ezinbestekoa da, berriro ez dadin gertatu eta beldurrak ez diezagun irabazi", jarraitu du Iñaki Errazkin alkate ohiak. 

"Ez da Azpeitiko Udalaren ardura osoa, baina nahiago dugu zuoi, giza eskubide urraketan jasan dituzuenoi begietara begiratzea, eta beste aldera ez begiratzea. Horregatik Azpeitiko alkate eta alkate ohiok benetako aitortza egitea nahi dizuegu guztioi. Biktima guztiengana eskaintzen gara, zabaltasunean, banaka eta kolektiboki beharrezkoak dituzuen babesa gugan bila dezazuen. Badakigu urraketa jasan dituzuen askok eta askok ez duzuela beharrezko babes instituzionala jaso eta askok ez duzuela inongo justiziarik izan. Gu guztion ateak irekiak izango dituzue, edozein dela ere mina, beharrezkoak dituzuen kezkak partekatu eta gertutasunetik eta egiatik hitz egin eta elkarrizketarako", esanez bukatu du Eneko Etxeberria gaur egungo alkateak

 

Giza eskubideen urraketak, datutan

250 urraketa ezberdin identifikatu dira,  177 lagunek jasandakoak. Kopuru horretatik, 140 lagun identifikatuta daude. 250 kasuetatik, 54 urraketa, 1960-1975 artean gertatu ziren, 63 1976-1982 artean, 127 kasu 1983-2017 artean, eta 6 kasuren data zehaztu gabe dago. Urraketak, 6 ataletan bildu dira. 

1) Bizitzarako eskubidea urratzea: 11 kasu dokumentatu  eta beste bi herritar ofizialki enfrentamentu batean hil ziren.

2.) Osotasun fisiko, psikiko eta moralaren urraketak: 109 kasu dokumentatu, horietatik 97  tortura salaketak dira. Horiez gain, 3 atentatu eta/edo eraso fisiko daude, azpeitiar enpresaburuen 2 bahiketa, 5 bortxaz atxikitze eta bi zauritu atentatu baten ondorioz.

3.) Pertsonei egindako mehatxu larriak: 20 kasu identifikatuei, Azpeitian 25 lagunek eskolta eraman dutela gaineratu behar zaizkie.

4. )Estortsio ekonomikoa: 7 kasu

5.) Motibo politikoz ondasun materialei egindako atentatuak: Ondasun partikularraren kontra eginiko 28 atentatu; horietatik bederatzi PSEko kideei, zortzi EAJkoei, zazpi ertzainei eta hiru ezker abertzalekoei. Era berean, enpresen, alderdi politikoen eta erakundeen ondasun materialen kontrako 71 atentatu kasu zehaztu dira..

6.) Motibo politikoz eragin diren beste urraketa eta sufrimendu batzuk: Hemen epaituak, exiliatuak, deportatu edo deserriratuak eta dispertsio politikaren ondorioak jasan dituzten presoak daude 

 

Urraketak jasan dituztenen ahotsa

Mertxe Urtuzaga Otaegi, Angel Otaegi zenaren iloba eta Manoli Uranga PSE-EEko zinegotzi izandakoak pauso bat aurrera egin, eta gaur, beren bizipenak azaltzera ausartu dira. "Ez da erraza gertatu denaz, sufirmenduaz eta giza eskubideen urraketez lehen pertsonan hitz egitea. Baina gaur, beste zenbaitetan bezala sufrimendua lehen pertsonan bizi izan dugunok pauso bat aurrera emateko unea dela uste dugu. Lehen ere elkartu izan gara, Udalak abian jarritako herritarren bizikidetza foroan, eta hitz egin izan dugu gertatutakoaz elkarri begietara begira. Gertatutakoa onartuz eta iritziak errespetatuz edo konpartituz", hasi da Mertxe Urtuzaga.

"Garai desberdinean, egoera oso desberdinean eta min erabat ezberdinak jasan ditugu, baina guztion eskubideak izan dira urratuak. Denok berdin sentituko genuen inpotentzia, amorrua eta ezin egona. Eta berdin egingo zuten malkoek begietatik beherako bidea", gaineratu du Alaitz Aguadok Manoli Uranga ama alboan zuela. 

Urtuzagak, Angel hil zutenean frankismoaren azkenak zirela gogoratu du, "baina hil zutenetik 43 urtera, oraindik hilketaren arduradunak identifikatu eta justizia egitetik urrun" daudela adierazi du. 

"Urte luze hauetan, sentitu gara bakarrik eta sentitu gara babestuta. Etorkizunera begiratu eta ikusi dugu argia eta iluna. Eta azken urteotan, beste biktimekin elkartu eta sentitu dugu enpatia eta konpartitu dugu mina", gaineratu du. 

Manoli Uranga Segurola PSE-EEko kide eta zinegotzi izan zen  8 urtez: "Urte horietan, jasan nituen mehatxuak eta etxearen edo autoaren kontrako erasoak, eta bizkartzaina izan dut bidelagun  10 urtean. Horrek markatu du gure familia", azaldu du. 

Hala ere, mezu baikorra emanez bukatu nahi izan du: "iragana da gertatutakoa, memorian gorde beharreko iragana, berriro horrelakorik gerta ez dadin. Biktimak gara, gure herriaren historiaren iraganaren biktima. Baina etorkizuna dugu irabazteko, elkarbizitzak guztion aldetik esfortzu txiki bat eskatzen du gutxienez, gaur bezala elkarri begietara begiratzea da lehen egitekoa". 

Bukaeran, elkar besarkatu eta gain hartu die emozioak. 

 

Ikusi ekitaldiko argazkiak hemen. 

Jakinarazten dizugu webguneak berezko zein beste batzuen cookieak dituela, eta horien bidez zerbitzu hobea eskaini nahi dizugu, eta nabigazio-esperientzia hobetu nahi dugu. Webgunetik nabigatzen jarraitzen baduzu, horrek esan nahi du onartzen duzula aipatutako helburuekin cookieak erabiltzea Informazio gehiagorako Cookien politika.

Webgune honetako Cookien politika onartzen dut

EU Cookie Directive Plugin Information