wrapper

Maiatzaren 4ra arte bete ahal izango dira alde zaharreko trastelekuei buruzko galdetegiak
Atzo, apirilak 15, alde zaharreko bizilagunekin bilera egin zuten Nagore Alkorta alkateak eta Mikel Odriozola zinegotziak. Alde zaharra bizigarriago egiteko asmoz, trasteleku komunitarioak egiteko proiektua du esku artean udalak, etxeen
HAZeko izapide elektronikoak egiteko ekipoa igerilekuan egongo da aurrerantzean
Ordainagiriak edo isunak ordaintzeko, errolda agiria ateratzeko, idatziei sarbidea emateko eta beste hainbat tramite egiteko aukera ematen du herritarren arreta zerbitzuko izapideak egiteko ekipoak. Udaletxeko lehen solairuan egon da orain arte,
Zaparraie taldea, Azpeitiko Euskara Mahaiko kide berria
Norabide berean eta elkarlanean arituz, bakoitzak bere eginkizuna eta estiloa izango ditu: euskararen normalizazioa mahaiak, herritarren kontzientziazioa Zaparraiek. Azpeitiko Euskara Mahaiak 2024. urteko lehenengo bilera egin zuen atzo

Azpeitiko Udalak 19.300.000 euro inguruko aurrekontua izango du Udal Gobernuaren proposamenaren arabera. Kopuru horretatik 2.500.000 euro inbertsiotara bideratuko ditu. Aurrekontuak egiterako orduan azken urteotako irizpideak eta lehentasunak izan ditu, eta herritarren artean eginiko zenbait azterketaren emaitzak ikusita ongizatean eta eskubideetan eragiteko aurrekontuak osatu ditu. Pauso guztiak, Azpeitia 2015 plan estrategikoaren baitan ezarritako norabidean urratsak egiteko.


Orokorrean, sail guztiek igoera izan dute. Igoera nagusiena Gizarte Zerbitzuek eta Ekonomia eta formazio sailak izango dute. Gizarte Zerbitzuetan % 70 igoera proposatzen da: “Igoera ikaragarria da hori, baina orain artean Gipuzkoako Foru Aldundiarengan zegoen eguneko zentroaren kostua Udalak hartu du orain, eta horrek eragiten du igoera nabarmena. Hori kontabilizatu gabe ere, ordea, %14'5 eko igoera proposatu dugu”, adierazu du Leire Goenaga Osagun Batzordeburuak. Ekonomia eta Formazio sailari dagokionez, Sustapen Ekonomikorako laguntzak ematen jarraituko du Udalak eta ekonomia suspertzen segitzeko duen konpromisoaz gain, lanpostuen kalitatean eragitea da apustu nagusia. Formazio eskaintza indartuko duela ere aurreratu du: “Formazio zentroa izango dugu 2018an, Basazabalen. UEU eta Deustuko Unibertsitateekin dugun elkarlanari eutsiko diogu. Emaitza onak jasotzen ari gara, eta lanean jarraituko dugu. Baina eskaintza zabaltzeko bidean hitzarmen berriak egingo ditugu epe motzean “.
Eneko Etxeberria alkatearen arabera, “herriko erronkei aurre egiteko” aurrekontu proposamena aurkeztu dute: “Azpiegiturei dagokionez, ditugun eta aurreikusita genituen pausoak ematen segitzen dugu. Babes sozialean pauso berri bat aurrera emango dugu 3. adinean larrien pasatzen ari direnentzat ireki nahi dugun diru laguntza linea berriarekin. Azpeitian Udal laguntzen bidez ireki dugun babes sozialerako neurrietan sakontzen jarraitzen dugu, eta uste dugu laguntza hori ere ezinbesteko bihurtuko dela”, adierazi du.


Horretaz gain, Esklabetako eraikinaren alde batean eraikiko diren alokairurako etxebizitzekin hasitako ibilbideari jarraitzeko aurrekontuak izango direla ere zehaztu du: “Etxebizitza politika berri bat egiten ari gara pixkanaka, pausoak eman ditugu, eta datozen hilabeteotan urrats garrantzitsuak emango ditugu herritarren etxebizitza eskubidea bermatzeko. Gure asmoa datozen 8-10 urteetarako plana osatzea da 2018an”.


“Aurtengoan ere obra handiak abordatuko ditugu. Hor daude Soreasuko sormen gunearen egokitzeko proiektua, Basazabal bukatzea eta Urrestillarako bidegorria. Udal azpiegiturei dagokionez, horiek izango dira garrantzitsuenak. Eta, hala ere, hirigintzako aurrekontua %11n jaitsiko dugu”, adierazi du Goenagak.

Diru-laguntza linea berria, adinekoen beharrei erantzuteko
2017an, 80 urtetik gorakoen egoeraren berri izateko azterketa egin zuen Udalak, eta 2018an, 65 urtetik gorakoen artean egingo da ikerketa. Lehen azterketaren emaitzak ikusita, adineko pertsonen artean behar gehien dutenei zuzenduriko diru-laguntza línea berri bat jartzea aurreikusten du Udalak: “80 urtetik gorakoen artean eginiko ikerketak, batez ere emakumeek pentsio txikiak izaten dituztela berretsi dugu, eta etxeko ekonomia asko okertzen da alargunen kasuan, adibidez. 65 urtetik 80 urte bitarteko ikerketa datozen hilabeteotan egingo dugu eta emaitza guztiak aztertuta zehaztuko ditugu laguntza honen oinarriak", azaldu du Estitxu Elduaien Gizarte Zerbitzuetako zinegotziak.