wrapper

Oharrak

Lurraldea eta Hizkuntza. Arnasguneen prebentziotik garapenera” jardunaldia antolatu dute elkarlanean Gipuzkoako Foru Aldundiak, Kontseiluak, UEMAK, Gaindegiak, Azpeitiko Udalak eta UEUk. Laugarren edizioa den honetan lurgune euskaldunen eta arnasguneen garapen iraunkorra bermatzeko oinarriak proposatuko dira. Topaketa urriaren 10ean egingo da Azpeitian eta matrikula egiteko epea zabalik dago: www.ueu.eus atarian.

Eneko Etxeberriak, Azpeitiko alkateak jardunaldi honek bere udalak lantzen dituen bi lan ildo lotzen dituela azaldu du, hizkuntza eta formazioa: "Apustu sendo bat egin dugu herria unibertsitatearekin lotzeko, eta aitortza bezala bizi dugu jardunaldia Azpeitian egitea. Azpeitia herri euskalduna da oso, baina gure ardura da horrela izaten jarraitzeko neurriak hartzea, eta ziur ikastaro honek lagungarri zaigun giltza edo pistaren bat emango digula. Elkarlanean osatutako ikastaro hau, euskaraz, gurean izatea pauso garrantzitsua da guretzat. Formazio eskaintza gero eta zabalagoa eskaintzen dugu guk unibertsitateekin elkarlanean, eta topaketa hau hori osatzera etorriko da gurera”.

Josu Labakak, UEMAko lehendakariak eta Azpeitiko Udalaren Euskara zinegotziak udalerri euskaldunentzat jardunaldi honek bereziki duen garrantzia aipatu du: “Guretzat benetan garrantzitsua eta pozgarria da gai honen inguruan honelako elkarlana sentitzea, euskalgintzaren, unibertsitatearen eta erakunde publikoen artean. Izan ere, aurtengo jardunaldia, udalerri euskaldunentzat, giltzarria ez ezik mugarria ere bada: urrats handi bat egitera goaz aurrera. Ez baikara udalerri euskaldunen babesaz eta zaintzaz ariko, garapenaz baizik. Lurraldea eta Hizkuntza jardunaldiek, azken urteotako ibilbidean, ondorio garrantzitsuak azaleratu dizkigute: hizkuntza politika ez da euskara sailetik soilik egiten. Beste sailetako erabaki askok egundoko eragina dute hizkuntzan eta, beraz, horiek guztiak aintzat hartzea ezinbestekoa da udalerri euskaldunen izaerari eusteko eta garapenaz hitz egiteko. Azken batean, udalerri euskaldunak benetan garatzea da arnasguneen izaerari eusteko bide bakarra, eta horrek ildo berriak zabaltzea eta alor ugaritan ekitea eskatzen du. Guretzat, beraz, lehentasuna da horiek nabarmentzea eta lanerako ildoak zehaztea. Horretara dator jardunaldi hau”.

Aurkezpenean Garbiñe Mendizabalek, Gipuzkoako Foru Aldundiko Hizkuntza Berdintasuneko zuzendariak; Paul Bilbaok, Kontseiluko idazkari nagusiak; Josu Labakak, UEMAko lehendakariak; Imanol Esnaolak, Gaindegiako koordinatzaileak; Eneko Etxeberriak, Azpeitiko alkateak eta Ane Sarasuak, UEUko Idazkari Nagusiak parte hartu dute.

 

Kontsultatu ikastaroaren informazio guztia. 

Jakinarazten dizugu webguneak berezko zein beste batzuen cookieak dituela, eta horien bidez zerbitzu hobea eskaini nahi dizugu, eta nabigazio-esperientzia hobetu nahi dugu. Webgunetik nabigatzen jarraitzen baduzu, horrek esan nahi du onartzen duzula aipatutako helburuekin cookieak erabiltzea Informazio gehiagorako Cookien politika.

Webgune honetako Cookien politika onartzen dut

EU Cookie Directive Plugin Information