wrapper

Oharrak

Besteak beste, Zelai Luzen zuhaitza landatu eta senidetze hitzarmena berrituko dute bi herrietako ordezkariek. Ondoren, bazkaria izango da Azoka Plazan. Bazkarira joan nahi dutenek bihar arteko epea dute izena emateko udaletxeko Kultura saileko bulegoan edota 943 15 70 68 telefono zenbakira deituta. 


Aurten 31 urte dira Azpeitiak eta Hazparnek lehenengoz senidetze hitzarmena sinatu zutela. Eta larunbatean hitzarmen hori berrituko dute, Azpeitian ospatuko duten senidetze jaian. Egun guztirako egitaraua antolatu dute: aurrena, hazparnetarrei ongietorria egin eta hamaiketakoa egingo dute; gero, kalejira egingo dute Udal Musika Bandak eta bi herrietako ttuntturroek; eta, jarraian, bi herrietako udal ordezkariek zuhaitz bat landatuko dute Zelai Luzen. Horren ostean, bi herrietako alkateek senidetze hitzarmena berrituko dute udaletxean egingo duten ekitaldian, eta, ondoren, bazkal aurretik, Hazparneko eta Azpeitiko pilotariek bi partida jokatuko dituzte Frontoi Txikin. Bazkaria Azoka Plazan izango da, eta bazkalondoa Piano bat bertsotan hirukoaren doinuek alaituko dute.

Bazkarira joan nahi dutenek bihar arteko epea dute izena emateko, udaletxeko Kultura saileko bulegora joanda edota 943 15 70 68 zenbakira deituta. Helduek 25 euro ordaindu beharko dute bazkarirako txartela, eta 12 urtetik beherako umeek, 10 euro. 

Menua Azoka Plazako Elikaguneko kideek osatu dute, “zero kilometro” produktuekin. Honako hau izango da helduentzako menua: mahai gainekoak, salmorejoa kantauriko hegaluzearekin, Nafarroako zainzuri freskoak, Basatxerri masailak ardo saltsan, Azpeitiko ardi gaztak Errezilgo sagar dultzearekin, esne gozoa garaiko fruituekin, kafea eta patxarana. Honako hau, berriz, umeentzako menua: makarroiak tomatearekin eta txorizoarekin, albondigak barazki saltsan eta esne gozoa garaiko fruituekin.

Iazko irailean Hazparnen egin zuten senidetzearen 30. urteurrena ospatzeko jaia. Ordukoan, bi herrietako 200dik gora lagunek parte hartu zuten, eta oso egun polita izan zela izan zela ziurtatu zuten Azpeitiko udal ordezkariek. Horregatik, herritarrei larunbateko jaian parte hartzera dei egin diete, hazparnetarrekin harremanak egiteko aukera aproposa izango delako.

Egitaraua

10:45 Ongi etorria hazparnetarrei, Sanagustin aretoan. Hamaiketakoa egongo da.

11:00 Kalejira, Azpeitiko Musika Bandarekin eta bi herrietako ttuntturroekin.

11:30 Hazparnekoek emandako zuhaitza landatuko dute Zelai Luzen.

12:00 Senidetze hitzarmena berrituko dute udaletxean egingo duten ekitaldian.

12:30 Bi herrietako pilotariek bi partida jokatuko dituzte Frontoi Txikin. Garai berean, kantu-jira ibiliko da herriko kaleetan zehar, plazatik abiatuta.

14:30 Bazkaria Azoka Plazan.

16:00 Kantu eta musika emandaldia Azoka Plazan. Piano bat bertsotan hirukoa ariko da.

19:00 Hazparnera itzulera.

Jakinarazten dizugu webguneak berezko zein beste batzuen cookieak dituela, eta horien bidez zerbitzu hobea eskaini nahi dizugu, eta nabigazio-esperientzia hobetu nahi dugu. Webgunetik nabigatzen jarraitzen baduzu, horrek esan nahi du onartzen duzula aipatutako helburuekin cookieak erabiltzea Informazio gehiagorako Cookien politika.

Webgune honetako Cookien politika onartzen dut

EU Cookie Directive Plugin Information