wrapper

Oharrak

Ekainaren 18an hasiko dituzte lanak, eta herriko futbol taldeek aurre denboraldia hasterako prest izango da zelai berritua. Batetik, obra zibila egingo dute, putzurik sortu ez dadin; eta bestetik, belar berria jarriko dute. Udalak 356.422,95 euro inbertituko ditu lan horietan.

Estitxu Elduaien zinegotziak eman du berritze lanen berri, Eli Lasa Lagun Onak Futbol Taldeko batzordekidearekin, Dani Garcia Ikasberri Kirol Elkarteko kirol arduradunarekin eta Mikel Rodriguez Azpeitia Cup elkarteko lehendakariarekin batera egindako agerraldian. Elduaienek azaldu du, 13 urte eta erdiotan eman zaion erabileraren ondorioz, zelaia aldatzeko premian dagoela, eta bide batez, ura drenatzeko dituen arazoak ere konpondu egingo dituztela. “Zelai honek erabilera oso handia eta bizia du, hemendik pasatzen zaretenean argi ikusiko duzuen bezala. Astean zehar, Lagun Onak eta Ikasberri elkarteetako hainbat taldek entrenatzen dute, eta eskola kiroleko saioak ere egiten dira. Asteburuetan, berriz, partiduak jokatzen dituzte”. Erabilerari buruzko datu batzuk eman ditu Elduaienek: “Astean zehar, astelehenetik ostiralera, batez beste, egunean 100 lagun inguruk erabiltzen dute zelai hau, eta asteburuero 6 edo7 partidu jokatzen dira. Horrez gain, Azpeitia Cup txapelketako partidak ere hartzen ditu txapelketaren kanporatze faseetan”. Horiek horrela, zehaztu du, herrian erabilera handienetakoa duen kirol instalazioa berritzera doala Udala, “herriko futbol talde, eskola kirol eta bestelako eragileei behar bezalako azpiegiturak eskaintzen jarraitzeko helburuarekin”.

Berritze lanak udan egingo dituzte, erabiltzaileei ahalik eta traba gutxien egiteko: Azpeitia Cup ekainaren 17an bukatuko da, eta hurrengo egunean bertan hasiko dituzte lanak, uztailaren 20rako amaituta edukitzeko. “Helburua da, datorren denboraldia hasterako zelaia berrituta eta erabiltzeko prest edukitzea”.

Lanak, bi fasetan

Zelaia berritzeko lanak bi fasetan egingo dituzte, eta 356.422,95 € ko aurrekontua izango dute. Elduaienek azaldu duenez, “aurrena, obra zibila egingo da, zelai honetan sortzen diren putzuen arazoak konpontzeko. Horretarako, lehenengo, belarra kenduko da; eta gero, obra horiek egin”. Bigarren fasean, belar berria jarriko dute. “Belarra aukeratzerakoan, herriko taldeen iritzia kontuan izango dugu: zelai ezberdinak ikusi eta probatzera joango den talde teknikoa osatuko dugu, eta talde horretan Lagun Onakeko eta Ikasberriko partaide bana egongo dira, euren iritzia emateko, futbolean aditu direlako”.

Hiru elkarteetako ordezkariek eskerrak eman dizkiote Udalari, zelaia berritzeko erabakia hartzeagatik. Onartu dute Udalarentzat inbertsio handia dela, baina baita eurentzat behar-beharrezkoa ere.

Jakinarazten dizugu webguneak berezko zein beste batzuen cookieak dituela, eta horien bidez zerbitzu hobea eskaini nahi dizugu, eta nabigazio-esperientzia hobetu nahi dugu. Webgunetik nabigatzen jarraitzen baduzu, horrek esan nahi du onartzen duzula aipatutako helburuekin cookieak erabiltzea Informazio gehiagorako Cookien politika.

Webgune honetako Cookien politika onartzen dut

EU Cookie Directive Plugin Information