wrapper

Oharrak

Gaur goizean, Loiolan aurkeztu dituzte Azpeitiko Udalaren ekimenez egingo den planaren nondik nolakoak. Loiolaren eta Azpeitiaren izena, izana, ondarea, baloreak balorean jarri eta turismo jasangarriaren bidez ezagutaraztea da helburua. Horretarako, orain arteko erakunde eta eragileen elkarlana abiapuntutzat hartuta ekintza plan bat osatu nahi da, mugetatik harago, nazioartean, Europan zein munduan Loiola helmuga turistiko gisa erakusleihoan jartzeko. 

Azpeitiko Udalaren ekimenez eta Eusko Jaurlaritza, Gipuzkoako Foru Aldundia, Jesusen Lagundia eta Iraurgi Berritzenekin elkarlanean ekintza plan "anbiziotsua" egingo du Deustuko Unibertsitateak Loiolak duen erakargarritasuna aprobetxatuz, Loiolaren izena eta izana nazioartean ezagutaraztea eta Loiolara eta ingurura bisitariak erakartzea lortu nahi da. Ordezkari guztiek adierazi dute "pauso kualitatibo garrantzitsua" izango dela ekintza plana. 

Orain artean Inaziotar Bidearen baitan sortutako elkarlana izango da planaren oinarria. Aurrera begirako helburuak finkatu, horien inguruan hausnartu eta plan batean pausoak eta egitekoak zehaztea da helburua: "Loiola ezaguna da munduan, eta hori aprobetxatuta, guztiok norabide berean lan egin nahi dugu eta horregatik osatuko dugu plan hau", azaldu du Eneko Etxeberria Azpeitiko alkateak. Jakitun da Loiolaren "dimentsioa Azpeitiaz gaindikoa" dela: "Plan honek horregatik integratzen ditu Iraurgi Berritzenen Bidez eskualdea, Gipuzkoako beste herriak Aldundiaren bidez eta erkidegokoak Eusko Jaurlaritza eta Basquetourren bidez. Eta guretzako ezinbestekoa da ibilbide honetan eta Loiola ezagutarazteko Jesusen Lagundiaren elkarlana", adierazi du.

Gipuzkoako Foru Aldundiak Loiolak bisitariak erakartzeko duen ahalmenean betidanik sinestu izan duela azpimarratu nahi izan du Maite Cruzado Turismo zuzendariak: "Beti egin izan dugu apustu Loiola indartzeko. Pozgarria da guretzat horrenbeste eragile elkarlanean norabide berean lanean ikustea". Harkaitz Millan Basquetourreko zuzendariak ere elkarlana balioan jarri eta bultzatu nahi den turismo jasangarriaren aldeko apustu sendoa dutela adierazi du: "Egun berezia da gaurkoa, lehen ere eragile guztiok elkartu izan gara hainbat lan egiteko, baina orain ofizialki jende aurrean guztiok agertzeak garrantzia handia du guretzat", azaldu du. Bide horretan Inaziotar bidea eta Loiola balioan jartzen jarraitzeko apustu sendoa dutela ere azpimarratu nahi izan du. 

Jesusen Lagundiaren ordezkari gisa Ina Etxartek "modu artisau batean" jasotako Loiolako bisitarien erregistroaren datu batzuk eman ditu: Loiolara Inaziotar bidearen erregistroa 520 lagunek eskatu zuten eta San Inazioren etxean 27.400 bisitari inguru izan ziren iaz, maiatzetik ekainera: "Baina askoz ere bisitari gehiago etortzen direla badakigu. Basilika zein ingurua ezagutzera ere jende ugari etortzen baita". Jesusen Lagundiak data bat du buruan: 2021. urtean. "Urte horretan zauritu zuten San Inazio Iruñean, eta data horrek garrantzia berezia du. San Inazioren bizimodua erabat aldatu baitzen". Data hori gogorazteko dagoeneko lanean hasi direla aurreratu du, Erromarekin elkarlanean. 

Ekintza Planaren helburuak

Deustuko Unibertsitateak egingo du ekintza plana eta aurkezpenean izan da Jose Mari Guibert erretorea Marina Abad irakaslearekin batera. Guibertek Loiola naioartean ezaguna dela azpimarratu du hainbat anekdotaren bidez: "Loiolaren inguruan baloreak landu eta ezagutarazi behar ditugu: erlijioaz gain giza baloreak, ondarea, natura, jasangarritasuna, elkarlana, hezkuntza... asko dago ezagutarazteko, eta modu trasbertsal eta integratzaile batean lan egin behar dugu. Asmo anbiziotsua da benetan". Uztailean Deustuko unibertsitateen biltzar bat Bilbon eta Loiolan egingo dutela ere aipatu du. 

Ekintza planaren oinarriak hiru izango dira: 

  • Loiola baliabide berezi bihurtzen duten balioak ezagutzera eman, indartu, babestu eta bermatuko dituen ekintza plam bat identifikatzea
  • Prozesu inklusibo eta parte hartzailea izatea
  • Jasangarritasune ta turismo arduratsu baten ildatik plana definitzea

Eta prozesu honen baitan lortu nahi dena honakoa da: 

  • Gizarte justizia balioak sustatuta, garapen turistiko jasangarri eta etikoa bermatuko duen gobernantza organo eta funtzionamendu eredu bat ezartzea
  • Ekintza matrize bat eratzea
  • Planaren gauzatzia bermatuko duten proiektuak identifikatzea
  • Ekintzen lehentasunak ezartzea

Jakinarazten dizugu webguneak berezko zein beste batzuen cookieak dituela, eta horien bidez zerbitzu hobea eskaini nahi dizugu, eta nabigazio-esperientzia hobetu nahi dugu. Webgunetik nabigatzen jarraitzen baduzu, horrek esan nahi du onartzen duzula aipatutako helburuekin cookieak erabiltzea Informazio gehiagorako Cookien politika.

Webgune honetako Cookien politika onartzen dut

EU Cookie Directive Plugin Information