wrapper

Oharrak

Pilotaren inguruan ibiltzen diren eragile guztiekin adostuta, Azpeitiko Udalak Izarraitz frontoia berritu eta egokitzea erabaki du. Aste honetan bertan hasiko dituzte obrak. 

Azken urteotan gero eta handiagoa da pilotarako afizioa gurean. Urtez urte haur zein heldu, emakume zein gizon ugari ikus daitezke herriko forntoietan eskuz zein erremintan pilotan jokatzen. Afizioa handitze horrek, ordea, Frontoi Txikia txiki utzi du, eta duela zenbait hilabete Ilunpe Pilota Elkarteko kideak Udalera jo zuten frontoia txiki geratu dela eta baliabide gehiago edo berrien beharra azaltzera: "Txiki gelditu zaie Frontoi Txikia ilunpekoei, gero eta gehiago baitira herriko pilota harrobiko kideak. Hala, herrian pilotan aritzen diren beste eragileekin ere hitz egin eta alternatiba desberdinak aztertu ostean, Izarraitz Frontoia erabiltzeko berrikuntza eta egokitzapenak egitea erabaki dugu", azaldu du Esti Elduaien Kirol zinegotziak. Gaur egun, Izarraitz Pilotalekua erremontistek eta Emakume Pilotariko kidek ere erabiltzen dute.

Frontoi berezia da Izarraitz: "Erremintarekin jokatzeko egindako frontoia da, neurri bereziak ditu oso, eta pilotan jokatzeko ohiko araudiko neurriak baino handiagoak ditu", gaineratu du Josu Labaka zinegotziak. Frontoia neurrira jarri eta lurrari tratamentu berezia ematea izango dira eginbehar nagusiak: "Frontoiak izandako erabileragatik lurra nahiko egoera txarrean dago, hori dela eta zeregin nagusietako bat lurrari beharrezkoa duen tratamentua eman eta lurra egoki uztea izango da.  Horretaz gain, behin frontoia beharrezko neurrietara egokituta, kontrakantxako lurra berritu eta ezker paretean zein frontisean pintaketa lanak egingo dira. 

Frontoia eraberrituta, azpiegitura publiko horren erabilera handitu nahi da: "Herri erdi erdian dugun eraikina da. Frontoi ederra da, baina orain artean izan dituen berezitasunengatik ez du erabilera handia izan. Orain egingo diren obrekin, eraikina bera balioan jarri eta frontoiaren erabilera handitzea da helburua", azpimarratu du Elduaienek. 

Jakinarazten dizugu webguneak berezko zein beste batzuen cookieak dituela, eta horien bidez zerbitzu hobea eskaini nahi dizugu, eta nabigazio-esperientzia hobetu nahi dugu. Webgunetik nabigatzen jarraitzen baduzu, horrek esan nahi du onartzen duzula aipatutako helburuekin cookieak erabiltzea Informazio gehiagorako Cookien politika.

Webgune honetako Cookien politika onartzen dut

EU Cookie Directive Plugin Information