wrapper

Oharrak

Gaur inauguratu da Azpeitiko Azoka plaza berria. 300 lagunetik gora izan dira inaugurazio ekitaldian, herriko zein eskualdeko baserritarrak, lehen sektoreko eragile ugari, eta Eusko Jaurlaritza eta Gipuzkoako Foru Aldundiko arduradunak ere bertan izan dira. Gaurko ekitaldiaren ostean, astehelenetik aurrera, ohiko baserritarren azokez gain, bertako produktuen habia izango den elikagunea ere irekita izango da astelehenetik larunbat eguerdira bitartean. 

Proiektua sinplea bezain anbizitsua da. Bertako produktuak balioan jarri, eta bertakoa saltzeko erakuslehio eroso eta dotorean eskaintzea. Hori bakarrik eta aldi berean hori guztia.

Proiektua, Udalak bultzatutako parte hartze prozesu baten emaitza da. Asko izan dira era batera edo bestera parte hartu dutenak, herriko zein herriz gaindiko eragileak. Horrelako proiektuentzat herriko zein sektoreko eragileen babesa ezinbestekoa da. Eta azoka plazako proiektuak zerbait badu, horixe izango da. "Eraikin hau berritzeari ekin genionean, bertan izango zen proiektua zen klabea, eta gaur denok ikus dezakezue gure herria gainditzen duen proiektua dagoela hemen. Horretarako ezinbestekoak izan zarete gaur hemen zaudeten herriko eragileak eta sektorea egunero ongi ezagutzen duzuenok. Ideiak hartu ditugu han eta hemen, eta ekarpen askorekin, gurera egokituta proiektu propioa egin dugu.  Eta ez da edozein eduki. Eduki hau, ekonomia bultzatzeaz gain, baserriaren aldarria delako. Eta baserria aldarrikatzea gure buruari sakon begiratzea delako. Konplejorik gabe. Euskaldunak izeneko Orixeren poema nazionala, gure identitateaz egin den poema sakona, baserriko bizitzaz da. Gure identitatea lurrari eta nekeari lotuta dagoelako. Gure hizkuntza bezala", Eneko Etxeberria, alkateak hitzartzean.

Azoka plaza beti izan da baserritarren azoka plaza, herriaren historian kanpotik eraldatzen joan den eraikin publikoa izan da. Izan du itxura bat edo bestea, baina mende askotan plaza eta azoka plaza izan dira inguruko baserritarren topagune. Eta hori ez da aldatuko: "Gure ahaleginak egiten ari gara Azpeitia etengabe aldatzen, egokitzen eta berritzeko, baina ez edozein eratara. Gauzak gurea dena ahaztu gabe egiten ari gara. Leku hau iraganari zor diogun errespetuz aldatu dugu. Hementxe, azoka plaza honetantxe, biltzen ziren gure aiton-amonak egunero, azoketan, festetan, gure amama ere egunero etortzen zen Loiolatik bere berdurak saltzera... Horregatik deitzen genion plaza berdura. Zaila egiten zait Azoka plaza deitzea oraindik ere. Hauxe izan zen Azpeitiko gizartearen eta ekonomiaren motore eta gune komunitarioa. Azoka plaza berritzerakoan, oinarri horietara itzuli nahi izan dugu. Gure oinarrira, herriaren sustraietara. Lurrera. Landa eremura. Baserrira. Eta pertsonak elkarrekin aurkitzera", zehaztu du. 

Bide horretan Azpeitiaren eraldaketan "sinesten" duela azpimarratu nahi zain du eta aureko agintaldian plaza eraldatzeko erabakia hartu zela gogoratu du. Azken urteotan, harriz harri ikusi dute plazako eremu guztia aldatzen. Dena erabat berritu du Udalak.  Eta kotxeak aprkatzeko alberdienean eraikiko den aparkaleku publikoarekin bukatuko da guztia: "Baina egunero nabari daiteke aldaketa ez dela estetikoa bakarrik izan, harriez gain sozialki ere etorri da aldaketa. Gaur egungo inguru honek ez du zerikusirik duela 5 urte zenarekin. Eta denok dakigu plazak herrien erakusgarria direla, plaza honek asko sinbolizatzen du eta gauza askoren artean gustora esan dezakegunetakoa da herritarrekin batera egin dugula aldaketa. Galdeketa bidez plaza nolakoa egin erabaki genuen, elkarlanean egin da plaza honen beste aldean kulturaren aldeko apustua ikaragarria ere, bertan dugu denon etxea izan behar den Udala eta laukia ixteko orain azoka hau. Denek ere bizia eta arnasa ematen gure herriko plazari".

Gipuzkoako Foru Aldundiaren ordezkari Iñaki Labakak eskerrak eman nahi izan ditu horrelako proiektu bat abian jartzeagatik: "Horrelako proiektuan abian jartzea ezinbestekoa da, eta gu etorkizuna Eraikizen baitan, laguntzen saiatzen gara", adierazi du. Bittor Oroz Nekazaritza, Arrantza eta Elikagaien Politikako sailburuordeak elkarlana ezinbestekoa dela azpimarratu nahi izan du eta eskerrak eman dizkio Azpeitiko Udalari Nirea mugimenduarekin bat egiteagatik: "Eskerrikasko Eusko Jaurlaritzak eta Foru Aldundiek bultzatzen duten Nirea mugimenduarekin bat egiteko hitzarmena sinatzeagatik. Mugimendu honen helburua da Lehen Sektorearen lehiakortasuna, eta landa eta itsas eremuaren biziberritzea lortzea", adierazi du 

 

Astelehenetik aurrera, Euskal Herriko produktuen plaza

Baserritarren azokak mantenduko dira. Hemen izango dira astearte, ostegun, ostiral eta larunbatetan lehengaiak saltzen. Baina berrikuntza nabarmen bat ere badu eraikin berri honek. Elikagunea. Denda iraunkor horren helburua lehen sektoreak ekoiztutako elikagaiak identifikatu, ezagutu, dastatu eta erosten laguntzea izango da eta %100 Euskal Herriko elikagaiak aurkituko dira bertan.

Bertan denetik dago. Edozein dendatan aurki daitekeen ia guztia dago, Baina dena Euskal Herrian ekoitzia. BasqueLabel harategia ere aurkituko duzue bertan, eta astelehenetik aurrera bertako sukaldaria izango den Xabier Izagirrek prestatutako jaki goxoak ere izango dira erosgai.

Bizi garen mundua gero eta txikiagoa egiten zaigu: jaten dugu latinoarekinako edo afrikako fruta; Txinako pasta…. Eta ziurrenik ondoan ditugun baserrietan mimoz erein eta hazitako jaki gozoak nahi baino gutxiagotan izaten dira gure plateretan. Gaur egun, ez da erraza saltokietara joan eta zer den hemengo eta zer ez den bereiztea. Azoka plaza honetara sartzen denak ez du burua horretan autsi beharko.

Herritarrontzako eskaintza honek, ordea, badu helburu sakonagoa. Landa eremuari eutsiko bazaio ez proiektu hau, horrelako asko beharko ditu Euskal Herriak. Zaila da Azpeitia eta Euskal Herria baserritarrik eta landa eremurik gabe ulertzea. Baina belaunaldi berrien loratzea izango bada, bertako produktuen alde egoteaz gain, bertako produktuak kontsumitzeko hautua egin beharra dugu. Hala, nekazaritzari heldu, eta herriko ekonomia sustatzeko gure ekarpena egingo baitugu.

 

Jakinarazten dizugu webguneak berezko zein beste batzuen cookieak dituela, eta horien bidez zerbitzu hobea eskaini nahi dizugu, eta nabigazio-esperientzia hobetu nahi dugu. Webgunetik nabigatzen jarraitzen baduzu, horrek esan nahi du onartzen duzula aipatutako helburuekin cookieak erabiltzea Informazio gehiagorako Cookien politika.

Webgune honetako Cookien politika onartzen dut

EU Cookie Directive Plugin Information