wrapper

Oharrak

Azken hilabeteotan hiru lanketa berezi egin dira hondakinen bilketa sistema berria ezartzeko: landa eremuan, produktore haundiekin (komertzio, denda eta soziedadeak) eta herrigunean. Landa eremuko bilketa sistema berria abian da pasa den astelehenetik; produktore handiena martxan jarriko da astelehenean eta herritarren artean txipak banatzen ere hasiko dira, urtarrilaren 29tik aurrera edukiontziak aldatzen hasiko baitira. Jarrera baikorra dute Eneko Etxeberria Azpeitiko alkateak eta Aitor Bereziartua Urola Erdiko Mankomunitateko lehendakariak: "Ez dut zalantzarik epe motzean hondakinen %70 baino gehiago gaika bilduko dugula", adierazi du Etxeberriak. 

Hoberako izango da aldaketa, ez dute inongo zalantzarik. Urrian aurreratu zuten Udalak eta Mankomunitateak hondakin bilketa sistema berria ezartzeko azken fasean sartu zirela, eta txip bidezko sistema ezartzeko herritarren artean lanketa desberdinak hasiko zituztela.  Urritik hona hiru lan-lerrotan egin da lan: Landa eremua, produktore handiak (denda, taberna eta komertzioak) eta herrigunea. Bakoitzarekin lanketa desberdina egin da.

"Aste honetan landa-eremuan ohiko edukiontziak kendu eta ekarpen guneetan biltzen hasi gara. Komertzioetan ere ontziak banatzen bukatzen ari gara eta datorren astelehenean hasiko dira sistema berriarekin hondakinak atez ate biltzen, eta hiriguneko bilketa aldaketzeko ere azken fasean sartu gara", adierazi du Eneko Etxeberriak.  Sistema berria ezartzean Azpeitian %70 birziklatzea lortu nahi  da, eta alkateak ez du dudarik: "Ez dut zalantzarik epe motzean hondakinen %70 baino gehiago gaika bilduko dugula. Horretarako herritarren ohiturak aldatu behar dituzte, baina ziur gaude denon artean lortuko dugula", adierazi du Etxeberriak.

Sistemaren ezarpena ez dela egun batetik besterakoa izango ere zehaztu nahi izan du: "Gradualki egingo dugu, pixkanaka joango gara edukiontziak azaltzen eta 15 bat eguneko epean izango da herri osoan martxan". Aurrez, ordea, datorren astetik hasita txipa jaso beharko dute herritarrek dagokien lekuan.  

Herriguneko bilketa sistemaren berri ematen aritu da Mankomunitatea azken hilabeteoatan. Bilera irekiak egin eta eskuorriak banatzeaz gain, azken asteotan edukiontziak kokatzeko proposamena zabaldu zaie bando bidez herritarrei: "Gaur egun 150 bat edukiontzi puntu ditugu, eta sistema berria ezartzean 60 izango ditugu. Puntu horien kokapen proposamenak auzoz auzo adierazi ditugu bando bidez, hainbat auzotan ekarpenak egin dizkigute eta 8-10 puntutako ekarpenak egokitu ditugu", azaldu du Aitor Bereziartua Mankomunitateko lehendakariak. 

Datozen astean ekingo diote edukiontziak aldatzeari. Lehenik paperaren eta ontzi arinen edukiontziak aldatuko dituzte, txipik behar ez dutenak. eta urtarrilaren 29an organiko eta errefuxaren edukiontziak (txip dunak) aldatzeari ekingo diote. Gradualki egingo dute aldaketa, baina ordurako herritar guztiek txipa izatea komeni da. 

Txip banaketa, astelehenetik aurrera 

Aipatu bezala, txip dun edukiontziak jartzen urtarrilaren 29an hasiko dira, beraz, herritarrek ordurako jasota izatea komeni da. Horretarako informazio puntuak jarriko dira. Bertan txipa jasotzeaz gain, edukiontziak nola irekitzen diren probatu eta informazioa eskuratu eta dudak argitzeko aukera ere izango da.

Hiru puntutan egingo dira banaketak, eta auzoaren arabera, puntu batera edo bestera joan beharko da. 

Urtarrilaren 15etik 27ra bitartean azoka plazan izango den puntura joan beharko dute Damaso, Madalena, Alde Zaharra, Juan XXIII, Pablo VI, Artzubia, Garmendi, Arana, Aranagoikoa, Santutxo, Etxe-alai, landeta eta Loiolabideko zenbait auzokidek (begiratu mapan, horiz daudenak auzoak)

Urtarrilaren 22tik 27ra igerilekuko (Sanjuandegiko auzo lokalean) puntutik pasatu beharko dute Sanjuandegi, Euskal Herria eta Loiolabideko auzotarrek 

Urrestillako herrigunekoek, berriz, uratrrilaren 17 eta 18an jubilatuen auzo lokaletik pasatu beharko dute. 

Puntuen ordutegia

Astegunetan: 11:00etatik 14:30etara eta 16:30etatik 20:00etara 

Zapatuan 10:00etatik 14:00etara

Urtarrilaren 19a, sansebastian eguna izanik goizez bakarrik egongo da informazio puntua eta 20an ez da izango.

 

Txipa auzo bakoitzak non jaso behar duen banaketa

 

Morez: Igerilekuan

Horiz: Azoka plazan

mapa

 

Ikusi PDF-an

 

Jakinarazten dizugu webguneak berezko zein beste batzuen cookieak dituela, eta horien bidez zerbitzu hobea eskaini nahi dizugu, eta nabigazio-esperientzia hobetu nahi dugu. Webgunetik nabigatzen jarraitzen baduzu, horrek esan nahi du onartzen duzula aipatutako helburuekin cookieak erabiltzea Informazio gehiagorako Cookien politika.

Webgune honetako Cookien politika onartzen dut

EU Cookie Directive Plugin Information