wrapper

Oharrak

Azpeitiko Udalak 2017ko aurrekontuak osatzerakoan azaldu zuen igerilekuan zahartuta gelditutako zatia berritzea aurreikusten zuela. Proiektua eginda, datorren astelehenean, hilaren 24an hasiko dira obrak. Horrek erabiltzaileei zenbait aldaketa ere eragingo dizkie.

Estitxu Elduaien kiroletako batzordeburuak gogora ekarri du buela bi urte bukatu zirela igerilekua handitzeko lanak: "Duela bi urte handitu eta zati berri bat gaineratu zitzaion. Orain, zahartuta gelditutako partea berrituko dugu. Baina horrekin batera, igerilekuaren kontsumo energetiko handia gutxitzeko abiatutako ibilbidean beste salto bat eman nahi dugu". Igerilekuko kontsumoa gutxitzeko duela zenbait urte egin zuen Udalak proiektu berritzaile bat. Barrenetxeko ur termalak hartu eta igerilekuko ura berotzeko erabiltzen da gaur egun. Aitor Bereziartua zinegotziak azaldu duenez, egitasmo horrek aurreikustako emaitzak eman ditu: "Apustu ausarta izan zen eraginkortasun energetikoaren alde egindako hura, eta gustura gaude orain arte eman dituen emaitzekin. eta horain, efizientzia oraindik eta gehiago hobetzeko beste obra batzuk egingo ditugu". 

Udal arduradunek azaldu dute obren baitan bi proiektu egingo direla: Alde batetik, eraikinaren beraren eraberritzea, eta bestetik, eraginkotasun energetikoa hobetzeko proiektua. Guztira, 1.300.000 euroko aurrekontua izango dute lanek. Milio pasatxoko aurrekontua du eraikina bera eraberritzeak. Eta ia 300. 000 eurokoa energia berriztagarrien aldeko apostuak. 

Lanek bi fase izango dituzte. Lehen fasean, igerileku barruan eta kanpoan egingo dira obrak, eta horma eta sabaia berritu eta egonkortzeko obrak egingo dira. Lan horiek 5 hilabete inguru iraungo dute. Lan horien baitan, Bereziartuak azaldu duenez, "efizientzia energetikoa hobetzeko erakinaren hormetan eraikina isolatu eta beroa ez galtzeko material bereziak jarriko ditugu". Era horretara, gaur egun galtzen den energiaren %26,7a ez galtzea aurreikusten dute. 

Behin hori bukatuta, teilatuan plaka fotoboltaikoak instalatuko dituzte. Horiekin kontsumitzen den energia %11,5ean gutxituko da. 


Energia berriztagarrien alde egindako apustu honekin, urtean 266.500 kWh gutxiago kontsumitzea espero du Udalak. Hala, energiaren fakturan, urtero 40.000 euro gutxiago ordainduko du. Beraz, 11 urtean egindako inbertsioa amortizatuko du. Eta plaka zein isolamentuko materialen bizi iraupena 25 eta 40 urte artekoa da. 

Erabiltzaileentzako igerilekuko aldaketak

Igerilekuko eraikinean energia aurrezten jarraitzeko lanak egingo dira datozen hilabeteetan, eta ondorioz, zenbait aldaketa egingo dira eraikinean datozen asteetan.

  • Sauna zerbitzua, uztailak 17tik irailak 4rarte, itxita egongo da.
  • 6 kaleko igerilekua, uztailak 24tik irailak 10rarte itxita egongo da.
  • 4 kaleko igerilekua, irailaren 4tik aurrera, igerirako gune bakarrik erabiliko da (ez kanpoko igerilekuko gune ludiko bezala).

Egun horietan, Azpeitiko Kirol Patronatuko bazkideek, aipatutako epe horretan, Igerilekuko eta saunako zerbitzuak, Azkoitiko eta Zumaiko kiroldegietan, erabiltzeko aukera izango dute, Azpeitiko Bazkide txartela aurkeztuta. Horrez gain, gimnasioa abuztu osoan irekita egongo da (ez dugu abuztuko aurreneko hamabostaldian itxiko).

Obrak onerako izango direlakoan, bukatu bitartean, barkatu eragozpenak. Honako ordutegiak izango du gimnasioak abuztuan:

  • Astelehenetik larunbatera 09:00 – 13:00 / 16:00 – 20:00
  • Igande eta jai egunetan 09:00 – 13:00

Azkoitiko eta Zumaiako kiroldegiek honako ordutegia izango dute udan:

AZKOITIko kiroldegian

astelehenetik ostiralera 07:00 – 21:00
larunbatetan 09:00 – 20:00
igande eta jai egunetan 09:00 – 14:00
ABUZTUAK 7tik 20ra ITXITA

ZUMAIAko kiroldegian

astelehenetik ostiralera 07:00 – 22:00
larunbatetan 09:00 -14:00 / 15:30-20:00
igande eta jai egunetan 09:00 – 14:00

 

Jakinarazten dizugu webguneak berezko zein beste batzuen cookieak dituela, eta horien bidez zerbitzu hobea eskaini nahi dizugu, eta nabigazio-esperientzia hobetu nahi dugu. Webgunetik nabigatzen jarraitzen baduzu, horrek esan nahi du onartzen duzula aipatutako helburuekin cookieak erabiltzea Informazio gehiagorako Cookien politika.

Webgune honetako Cookien politika onartzen dut

EU Cookie Directive Plugin Information