wrapper

Oharrak

Herritarren ongizatea eta babes soziala helburu, Azpeitiko Udalak 136.000 euro bideratuko ditu aurten ere diru-laguntzatan.

Batetik, behar larriena duten herritarrei laguntzeko 105.800 euro bideratuko ditu, besteak beste, etxebizitzen alokairua edo kreditua ordaintzen laguntzeko, argindarra edo gasa ordaintzen laguntzeko, edo botika, eskola edo bestelako oinarrizko beharrak ordaintzen laguntzeko. Diru-laguntza hauetarako diru-poltsa propioa jartzen du Udalak azken urteetan, Eusko Jaurlaritzatik etortzen diren laguntzak osatu eta herritar gehiagorengana iristeko.

Horrez gain, kontribuzioa ordaintzen laguntzeko baliabide gehiago jarriko ditu aurten Udalak, "eta diru-laguntza hori orain arte jasotzen zuten herritarrek baino gehiagok jaso ahalko dute", adierazi du Leire Goenaga zinegotziak. Guztira, 30.000 euro jarriko ditu kontribuzioaren erreziboa ordaintzen laguntzeko.

Diru-laguntza horiek jasotzeko gutxienez lau urtez egon beharko da Azpeitian erroldatuta eta diru-sarreren araberakoak izango dira. Laguntza horiek jaso nahi dituzten pertsona edo familiek, Azpeitiko Udalaren Gizarte Zerbitzuetako bulegoetara jo beharko dute, (Plaza Nagusia 5, 20730 Azpeitia / 943 15 71 92) edota Azpeitiko Udalaren webgunean eskura daitekeen eskabidea aurkeztu beharko dute, eredu ofizialaren arabera beteta.

Azpeitiko Udalarentzat lehentasunezkoa da herritarrei ahalik eta babes sozial sendoena eskaintzea, eta helburu horrekin bideratzen ditu diru-laguntza hauek, beste askoren artean. Iaz, 126 familiak jaso zuten Udalak propio ematen dituen diru-laguntza hauetakoren bat, eta helburua da aurten familia gehiagoarengana iristea: “Herritarren oinarrizko eskubideak bermatzea ezinbestekoa da guretzat, beharra duten herritarrei bizimodu duina eskaintzeko baliabideak jartzea, eta horregatik gero eta baliabide gehiago jartzen ari gara hori lortzeko”, azaldu du Esti Elduaien udal zinegotziak. “Ahalik eta herritar gehienengana iristeko ahaleginetan” ari direla gaineratu Leire Goenaga zinegotziak, “eta bide horretan, urtetik urtera ematen diren diru-laguntzen kopurua handitzen” ari direla gaineratu du.

Jarraian dituzue aipatutako diru-laguntzen inguruko xehetasun nagusiak:

Gizarte - bazterkeriako eta behar larriko egoerei aurre egiteko diru-laguntzak. Helburua Azpeitian bizi diren familiei sortutako beharrei aurrea hartzea eta erantzutea.

Helburu jakin eta zehatz baterako dira; beraz, helburu horretarako baino ezingo dira erabili.

Erroldatzeari dagokionez, kasu guztietan Azpeitiko udalerrian erroldatuta egon eta bertan benetan bizi beharko da gutxienez eskaria aurkeztu baino lau urte lehenagotik, eta sei urte Euskal Autonomia Erkidegoan.

Diru-laguntzen kontzeptuak eta zenbatekoak.

1. Etxebizitzaren kredituen amortizazioak eta interesak. Hileroko gehieneko kopu­rua 250,- € izango da, eta ezin izango du etxebizitzaren alokairuaren % 70 gainditu.

2. Izaera publikoa ez duen etxebizitzaren alokairua. Hileroko gehieneko kopu­rua 250.- € izango da, eta ezin izango du etxebizitzaren alokairuaren % 70a gainditu.
3. Izaera publikoko etxebizitzaren alokairua, familia-burutza osatzen duen kideetakoren bat, edota haren ezkontidea, 65 urtetik gorakoa den familietan, edo pentsiodunak badira, edota %33ko edo hortik gorako ezintasuna aitortua baldin badute. Hileroko gehieneko kopu­rua 125,- € izango da, eta ezin izango du etxebizitzaren alokairuaren % 70a gainditu.

4. Ko-errentamendua, azpierrentamendua, ostatu-ematea eta apopilotza. Ez dira onartuko bi eskaera baino gehiago etxebizitza bakoitzetik. Hileroko gehieneko kopu­rua 125,- €koa izango da laguntza eskatzen duen bizikidetasun-unitate bakoitzeko, eta ezin izango du etxebizitzaren alokairuaren % 80a gainditu.

5. Etxebizitzaren mantentze-gastuak, udal tasak, etxebizitzaren asegurua, etxebizitzaren kontribuzioa.

6. Energia gastuak (argindarra eta gasa).

7. Oinarrizko beharrei dagozkien gastuen artean sartuko dira, besteak beste, botikak, eskola partikularrak, heriotza-gastuak, premiazko oinarrizko beharrak…

Betaurrekoak. Pertsona bakoitzeko 180,- €, eta familiako 360,- €. Gehienez %90eko ordainketa egingo da.

Jakinarazten dizugu webguneak berezko zein beste batzuen cookieak dituela, eta horien bidez zerbitzu hobea eskaini nahi dizugu, eta nabigazio-esperientzia hobetu nahi dugu. Webgunetik nabigatzen jarraitzen baduzu, horrek esan nahi du onartzen duzula aipatutako helburuekin cookieak erabiltzea Informazio gehiagorako Cookien politika.

Webgune honetako Cookien politika onartzen dut

EU Cookie Directive Plugin Information