wrapper

Oharrak

Josu Labaka eta Ainara Larrañaga zinegotziek eskerrak eman nahi izan dizkiote Kulturaz kooperatibari, bai kultur Mahaiari ekimen honengatik. "Azkenengo urteetan Azpeitian plaza eskaini diogu sortzen ari denari eta diziplina ezberdinen orekak zaintzen saiatzen ari gara. Ekimen polita da herriko, eskualdeko eta Euskal Herri mailako musikarientzako. Ekarpen hau ere askoren arteko elkarlanari esker da. Udalaren lana baliabideak eskaintzea eta eskura jartzea da, garbi dugulako kultura herritik eta herritarrek egin behar dutela", azaldu du Labakak. 

Larrañagak proiektu interesgarria dela azpimarratu nahi izan du: "Batez ere gazteek pausoa emateko garairako. Beti esaten da gazteak etorkizuna garela, baina gazteak oraina gara. Asko dugu esateko eta musika izan daiteke bide bat horretarako. Gure partetik proiektuak aurkeztera animatu nahi dugu jendea; hasi gabe daudenak proiektua egiten hastera; sortzera".

Sortzaile berriei nahiz garatze bidean dauden musika proiektu berriei plaza bat eman nahi zaie Azpeitian, dinamika aktibatzeko, hedapena emateko eta baliabideak jartzeko. Eta proiektu horren bitartez talde bati diskoa edo bideoklipa grabatuko zaio eta beste hainbat talderi beste kontzertu baterako aukera eman.
Azken urteotan sortzaile berriei babesa eskaintzea izan da Azpeitiko kultur eragileen helburua.

Sormenaren erakusleiho berri hau ontzerako garaian azken urteotan jorratzen gabiltzan bi osagai garrantzitsu uztartu ditugu. Batetik, eduki gisa, kultur jarduna modu integralean jorratzeko nahia eta kasu honetan musikaren alorra bere zentzu eta adierazpenik zabalenetan lantzeko ahalegina. Horregatik, programazioaz gain, sentsibilizazioaz, sormen prozesuetaz, publiko berrien sustapenaz eta formazioaz ere ari gara hizketan. Bestetik, baliabide edo egitura-osagai gisa, 'Arkupea' oholtza dugu. 2015ean hasi ginen Sanagustin kulturguneko aldameneko arkuan eszenatoki formatu berri bat atontzen eta sortzaile berriei plaza eskaintzen. Formatu honek gertutasun gehiagorekin eta modu dinamikoagoan musika, antzerki edo bestelako kultur adierazpenak plazaratzea ahalbideratzen digu eta sortu genuenetik 50 bat ekitaldi eskaini ditugu bertan. Orain, gainera, azken lanak egin ditugu guztiz osatzeko.

Beraz, aipatutako bi osagai nagusi horiek uztartuz, orain artean eginiko lana balioan jartzeko asmoz eta ekimenari forma zehatzagoa eman nahian, Arkupehotsak egitasmoa sortu dugu.

Helburuak eta ezaugarriak

Helburu jakin batzuekin abiatu dugu egitasmo berri hau.

  • Musika sortzaile berriei nahiz garatze bidean dauden musika proiektu berriei plaza duin bat eskaintzea.
  • Herriko, eskualdeko eta oro har Euskal Herriko sortzaileen dinamika aktibatzea.
  • Euskarazko sorkuntzarako baliabideak jarri eta euskal musikari hedapena ematea.
  • Musika sortzaile berrien erreferentzia puntu bat izatea.
  • Inguruan ditugun sortzaileak balioan jarri eta euren jardunerako tresnak eskaintzea.
  • Eta parte hartzeko modua

Deialdia

Funtzionatzeko modua deialdi bidezkoa izango da. Urtean bi deialdi izango dira, bata gaur bertan zabaldu dena: eta, bestea, azaro-abenduan. Deialdi bakoitzean 10-12 musika talde aukeratuko dira eta horiekin osatuko da ondorengo sei hilabeteetan Arkupean izango diren kontzertuen programazioa.


Parte hartzeko modua

Izena emateko www.kulturaz.eus webgunean jarriko den izenemate orria bete beharko da.

Maiztasuna

Guztira urtean 10-12 kontzertu egingo dira, gutxi gorabehera hilabeteko maiztasunaz. Kontzertu bakoitzean bi taldek joko dute, beraz, guztira 20-24 talderi emango zaio aukera urte osoan zehar.


Kontzertuak

Asteburutan izango dira (ostiral, larunbat, igande) eta doako sarrerarekin.

Zabala

Euskal Herri osoko taldeen plaza izango da.

Euskara

Abesten den hizkuntza edozein izanik ere euskarak lehentasuna izango du aukeratzerakoan.


Ez da lehiaketa, sormena bultzatzeko aukera/laguntza baizik.
Kontuan izango dira. Gazteen proposamenak, proposamen berritzaileak, musika adierazpen anitzak, parekidetasun irizpideak, besteak beste.

Baldintzak

Arkupe hotsak egitasmoan parte hartzeko ez da ezer berezirik behar. Aukeraketa bat egingo da deialdien epeen barruan aurkeztutako taldeen artean. Eskainiko dena:

  • Aukeratuak izango diren taldeei kontzertua emateko abagunea, ekipamendu osoa, afaria eta promozioa

Gainera, aukeratutako taldeen artean honako laguntzak emango ditugu:

  • Talde bati disko bat grabatu eta 500 kopia argitaratuko dizkiogu (taldeak disko berria badu bideoklip bat bitarteko profesionalekin grabatzeko aukera izango du).
  • Aukeratutako taldeek (gehienez 5 taldek) eszenatoki handian talde ezagun baten aurretik jotzeko aukera izango du. 

Aldiz, taldeei eskatzen dieguna da:

  • Deialdiaren orria epearen barruan eta egoki betetzea.
  • Talde hasi berria edo garapen bidean dagoen proiektu musikal berria izatea.
  • Aurrez aipatutako baldintzak onartzea.

Jakinarazten dizugu webguneak berezko zein beste batzuen cookieak dituela, eta horien bidez zerbitzu hobea eskaini nahi dizugu, eta nabigazio-esperientzia hobetu nahi dugu. Webgunetik nabigatzen jarraitzen baduzu, horrek esan nahi du onartzen duzula aipatutako helburuekin cookieak erabiltzea Informazio gehiagorako Cookien politika.

Webgune honetako Cookien politika onartzen dut

EU Cookie Directive Plugin Information