wrapper

Herri Hezitzaile filosofia ezagutzera eman, eta Azpeitia filosofia horren baitako herri bilakatzeko lehen pausoa eman zen maiatzaren 6an egin ziren jardunaldien bidez. Hala, proiektu horren baitan sakontzen joateko eta Azpeitian eman daitezkeen pausoez hitz geiteko batzar irekia egingo da maiatzaren 22an, 19:00etan Sindikatu Zaharrean.

Baloreetan heztea, herritar orok herritar oro balore egokietan heztea, eta komunean jarritako balore etikoak izatea. Horixe lortu nahi da Herri Hezitzaile izaera emanda Azpeitiari. Herri Hezitzaileen mugimendu eta filosofia ezagutzeko, eta Azpeitian aterki horren baitan dauden proiektuak ezagutzeko jardunaldiak egin ziren maiatzaren 6an. Bertan, 80 herritar baino gehiago elkartu ziren, eta proiektuak ezagutzeaz gain, bukaeran beren ekarpen eta hausnarketak plazaratzeko aukera ere izan zuten parte hartzaileek. "Jardunaldien balorazio oso positiboa egiten dugu. Jendeak parte hartu zuen, eta parte hartzaileek proiektuaren inguruan interes handia azaldu ziguten", adierazi du Leire Goenaga Hezkuntza zinegotziak.

Askok "motz" gelditu zenaren sentsazioa izan zutela ere jakinarazi die: "Gai interesgarria da oso, goiz batean laburbiltzeko egitasmo zabalegia, baina abiapuntu gisa oso pauso garrantzitsua izan zen" jarraitu du Goenagak. Hala, segida emateko bigarren hitzordu bat ere jarri dute: datorren astelehenean, maiatzaren 22an, 19:00etan Sindikatu Zaharrean batzar irekia egingo dute, proiektuan sakontzen joateko. "Batzarra irekia da, eta nahi duen orok har dezake parte, gaian interesa duen oro gonbidatzen dugu etortzera", animatu nahi zan ditu herritarrak.