wrapper

Oharrak

 

Azpeitiko Udalaren lehentasun izaten segitzen du enplegua sortzeak, eta horretarako tresnak abian jartzen segitzen du. Gaur goizean Udalak, Eroskik, Sartuk eta Urkaikok elkarlanean abian jarritako Kaxa, birjartze eta haragiaren manipulazio ikastaroaren diplomak banatu dituzte. Eneko Etxeberria alkateak Udalaren apustua formazioa dela berretsi du: "Udalaren bidez sortzen diren harremanetatik enpresen beharrei erantzuteko formazioa eskaintzeko bidea egin dugu. Hau da gure bidea, eta nahiz eta ikasleei esfortzua eskatu, fruituak ere jaso dituzue. Horren isla da, gaur hemen zaudeten ia denok lan kontratuarekin irten duzuela ikastarotik, eta hori guretzat oso ona da". Ikastaroa egin duten %85ari eskaini zaio lan kontratua, hamalau lagunetatik hamarri, hain zuzen. 

Urte hasieran hasi zuten ikastaroa parte hartzaileek. Hasteko oinarrizko saio teorikoak jaso zituzten 80 orduz. Jarraian, saio praktikoak egin zituzten Eroskin eta Okelgintza urkaikon. Eta, bukatzeko, 120 orduko praktikak egin dituzte. 

Etxeberriak ikastaroa antolatzeko moduan ere sakondu nahi izan du: "Proiektu hau Eroskirekin eta urkaikorekin egiteak ere badu bere garrantzia gure Udal Gobernuarentzat. Kooperatibak direlako, eta guretzat enpresa eredu direlako kooperatibak. Bi arrazoigatik dira eredu: alde batetik, arlo soziala ere badutelako, herritarren integraziorako tresna direlako, eta bestetik, langile izateaz gain jabe izatera hel zaitezketelako etorkizunean". Elkarlan honen bidez enplegua, formazioa eta kooperatibismoa lotzen asmatu dutela azpimarratu du, eta "zuei ondo badoakizue, guri ere bai" esanez herritarrei bukatu du. 

Josean Yela Eroskiko kanpo harremanetarako zuzendariak ere eskerrak eman nahi izan dizkio Udalari, eta azpimarratu du saltoki katearentzat garrantzitsuena pertsonak direla: "Guretzat aurrena pertsonak dira, dirua baino lehen. Hori erakutsi dugu duela urte eta erdi inguru Gureak taldearekin Azpeitian bertan jarri genuen dendarekin. Zuen kasuan ere ez ditugu zuen adina, formazioa... kontuan izan, gurekin lan egin nahi duzuela dugu kontuan ".

Zabaltzen Sartuko Marta Senz eta Okelgintza Urkaikoko Patxi Aldasorok elkarlana izan dute hizpide: "Proiektuaren berezitasuna eta altxorra denen artean egindako ibilbidea izan da" azpimarratu du Senzek. Aldasorok, berriz, askotan kosta egiten zaien bi arlo lotzeko aukera eskaini zaiela azaldu du: "Askotan ez da erraza lana eta formazioa lotzea. Guk lanean badakigu, baina erakustea kosta egiten zaigu, eta proiektu honen bidez aukera berria suertatu zaigu guri ere". 

Ikasleak, gustura

Ikastaroa 14 lagunek bukatu dute, eta horietatik hamar laguni eskaini zaie lanean segitzeko kontratua. Diploma banaketan, parte hartzaileek ere esperientzia ona izan dela nabarmendu dute: "Oso esperientzia positiboa izan da, arlo profesionalean zein sozialean eta eskerrak eman dizkiet Udalari, Eroskiri eta Zabaltzen Sarturi. Bakoitzak gero geure esperientzia bizi izan dugu, baina adin ezberdinetako lagunek osatutako lan-talde polita osatu dugu klasean", azaldu du Ainhoa Segurolak.  Mari Jose Arrizabalagak ere formakuntza saioak jaso ditu, eta hark "izugarrizko esperientzia" izan dela esanez hasi du hitzartzea: "Egon garen lekuetan laguntzeko eta erakusteko prest azaldu zaizkigu. Guk ez genuen nahi traba bat izaterik, ez genuen nahi saltokien lan-erritmoan eragiterik, baina gure erara lan egiten utzi digute, eta asko ikasi dugu", adierazi du. 

Jakinarazten dizugu webguneak berezko zein beste batzuen cookieak dituela, eta horien bidez zerbitzu hobea eskaini nahi dizugu, eta nabigazio-esperientzia hobetu nahi dugu. Webgunetik nabigatzen jarraitzen baduzu, horrek esan nahi du onartzen duzula aipatutako helburuekin cookieak erabiltzea Informazio gehiagorako Cookien politika.

Webgune honetako Cookien politika onartzen dut

EU Cookie Directive Plugin Information