wrapper

Oharrak

Bisitariak Azpeitira, eta batez ere, Alde Zaharrera erakartzeko egitasmo berri bat izango da Aste Santuan, ostegunetik igandera. Azpeitiaren ondarea, paisaia eta bizimodua ezagutzeko tren turistikoa izango da abian. Asmo berri hau, azken urteetan Azpeitiko Udalak herriko turismoa indartzeko abian jarritako estrategiaren baitan antolatu da.

"Azken urteotan, bisitari eta turistak Loiolatik eta trenaren museotik, batez ere, Alde Zaharrera erakartzeko ahalegin berezia egiten ari da Udala", adierazi du Eneko Etxeberria alkateak. Pauso garrantzitsuak eman dira bisitariei ahalik eta eskaintza zabalena eta egokiena egiteko; hala, gaur egun Madalenako ospitalea eta Parrokiko Soledadeko kapera ikusteko aukera zabala dute, adibidez, herrira etortzen direnek. "Herriko eskaintza zabaltzeko ahalegina egiten dugu, baina erronka nagusia Loiolatik Alde Zaharrera jendea ekarri eta erakartzea da", azpimarratu du Etxeberriak. 

Loiolako turismo bulegoak zein Jesulen lagundiako bulegoak inoizko bisita kopuru handiena jasotzen ari dira. Gero eta jende gehiago doa Loiola ezagutzera eta kopuruak gora egitea da helburua. Baina Udalak bisitari eta turista horiek herrigunera erakarri eta ekartzeko baliabideak jartzeko apustua egin du Aste Santurako. "Alde Zaharrera ekarri nahi ditugu bisitariak, ez ondarea ezagutzeko soilik ordea. Herriko denda eta tabernetan kontsumitu, kultur eskaintzaz gozatu... eta beste hamaika aukera aprobetxatuz herriko ekonomia sustatzea da helburua", azpimarratu du. 

 

Tren turistikoa, herrian zehar

Sansebastianetan eta Karnabaletan, Bertan Merkatari Elkartearekin elkarlanean, festen bueltan antolatu da aurten txu-txu trena. Arrakasta izugarria izan du, eta Aste Santura begira, bisitariei Azpeitia erakutsi eta alde batetik bestera mugitzeko aukera eskaintzea antolatzea erabaki du Udalak. "Zerbitzu atraktiboa eskaini nahi diegu herritar zein bisitariei. Txu-txu trenak arrakasta izan du, eta baliabide hori aprobetxatuko dugu turistei eskaintza berri bat egiteko", gaineratu du. Tren turistikoa izango da Aste Santukoa. Jarraian eginda 30 minutu irauten duen ibilbidean zehar trenean Azpeitiko ondare eta historiaren inguruko informazioa azalduko duen teknikaria joango da. Trenean doazenek galderak egin eta herriaren inguruko informazioa jasotzeko aukera ere izango dute. Beraz, herritarrentzat ere aukera paregabea da nondik gatozen jakiteko. 

Ordutegi zabala

Apirilaren 13, 14, 15 eta 16an, goiz eta arratsaldez ibiliko da bueltaka. Bi geltoki izango ditu Perez Arregi plazan eta Loiolako basilika aurrea. Perez Arregi plazatik 11:00, 12:00, 13:00, 16:00, 17:00, 18:00 eta 19:00etan irtengo du. Loiolako basilika aurrean, berriz, 11:30, 12:30, 13:30, 16:30, 17:30, 18:30 eta 19:30etan hartu ahal izango da.  

Txartelak trenean bertan erosi beharko dira eta euro bateko prezioa izango du. Erosten den egunean nahi adina aldiz erabili ahal izango da trena. Ibilbidean, lau geldialdi egingo ditu. Perez Arregi plazan, plazan, Igarako errotan eta Loiolako Basilikan. 

Ondarea ikusgai

Egun horietan, egunero 12:00etan Igarako errota abian jarriko da, hala nahi duenak bere funtzionamendua ikus dezan. Horretaz gain, turistek Madalenako ospitalea eta parrokia egun horietan ere bisitatzeko modua zehazten ari da. 

Jakinarazten dizugu webguneak berezko zein beste batzuen cookieak dituela, eta horien bidez zerbitzu hobea eskaini nahi dizugu, eta nabigazio-esperientzia hobetu nahi dugu. Webgunetik nabigatzen jarraitzen baduzu, horrek esan nahi du onartzen duzula aipatutako helburuekin cookieak erabiltzea Informazio gehiagorako Cookien politika.

Webgune honetako Cookien politika onartzen dut

EU Cookie Directive Plugin Information