wrapper

Martxoaren 8a da, Emakumeon Nazioarteko Eguna. Urteetako borrokak gogoratzeko eta ospatzeko aukera ematen digu baina, batez ere, emakumeon egoeraren inguruko hausnarketak partekatu eta balantzea egiteko aukera ona izaten da.

Azken urteetan pairatzen ari garen krisi gordinak gogor kolpatu du jendartea, baina bereziki emakumeek pairatu dituzte aurrera eraman diren politika ekonomikoak. Egoera orokor honetan, emakumeen eskubideen alorrean emandako atzerapausoak handiagoak izan dira, eta berdintasuna lortzetik urrunago gaude gaur: lana eta enpleguaren arteko desoreka, emakumeen enpleguaren prekarizazioa, dependentzia legearen aplikazio atzerakoia, indarkeria matxistaren areagotzea, eraso sexisten egunerokotzea, neo-matxismoaren indartzea... eta larriagoa dena, emakume eta gizonen arteko berdintasuna lortuta dagoenaren uste okerra.

2017ko martxoaren 8 honen atarian, Azpeitiko Udalak argi esan nahi du, bestelako ustea zabaldu nahi baldin bada ere, emakume eta gizonen arteko berdintasuna lortzeko lan ikaragarria dagoela egiteko aurretik eta bide horretan urratsak eman behar ditugula.

Hitzetatik ekintzetara pasa bahar dugu, eta neurri horiek abian jartzeko konpromisoak hartu behar ditugu instituzio guztietan. Horregatik guztiagatik Azpeitiko Udalak konpromisoa hauek hartu nahi ditu:

- Udaletik bultzatzen ditugun berdintasunerako politika publiko guztiak mantentzea eta indartzea.
- Berdintasuna lortuta dagoenaren ustearekin amaitzeko sentsibilizazio kanpainak lantzea bereziki gazteeekin.
- Azpeitiko herritarren denboraren erabilera aztertzeko proiektu berri bat martxan jartzea. Herritarren parte hartzearekin, Azpeitiko emakume eta gizonen denboraren erabilera sozialari buruzko diagnosia egitea.
- Martxoaren 8a aldarrikapen eguna izanik, Azpeitiko Udaleko ordezkariak herriko eragileek deituak dituzten mobilizazio eta ekimenetan parte hartuko dugu.
- Azpeitiar guztiei dei egiten diegu mobilizazio eta ekimenetan parte hartzera, bereziki martxoan 8an Emakumeen Mahaiak 19:00etarako deitu duen elkarrateratzera.