wrapper

Historia

cartapuebla.jpegAzpeitia 1310ean sortu zuen Castillako Fernando IVak. Baina beste izen batekin ekin zion historiari herriak: "Garmendia de Iraurgui" izenarekin bataiatu zuen erregeak. Urtebete beranduago, "Salvatierra de Iraurgui" izena jarri zion errege berak, eta 1397ra arte ez da Azpeitia izenik ageri. Urte horretako Getariako Batzar Nagusietako dokumentuetan azaltzen da aurreneko aldiz Azpeitia izena, "Ayzpeitia" hobeto esanda. XVI. mendera arte herria izendatzeko izen bat nahiz bestea erabiltzen dira dokumentu desberdinetan, eta baita "Urazveitia" ere.

Azkoitiarekin batera, Iraurgi bailaran feudalismoak indar handia izan zuen eta jauntxo askoren bizitoki izan zen. Horregatik arreta berezia eskaini zioten erregetzatik ere. Urola, Deba, eta Oria bailarek komunikazio bide garrantzitsua osatu zuten, eta bide horretatik egin zen erret bidea. Arrasatetik Getariara joan behar zuten bidaiari orok erabiltzen zuen erret bide hori.

Bandoen arteko gatazkek zuzen-zuzenean jo zuten Azpeitia, Oñaz sendiak euren etxea bertan baitzuten. Ganboatarren eta oñaztarren arteko borrokek Loiolako lur ugari zapaldu zituzten XIII eta XIV. mendeetan.

XVIII mendea krisi eta aldaketa sozial garaia izan zen Gipuzkoan, eta baita Azpeitian ere. Matxinada ugari izan zen herrian, eta aldaketa ugari ere bai. XVI eta XVII. mendeak burdinolen urrezko aroa izan ziren Azpeitiarentzat, eta hamaika baino gehiago ziren Urrestilla inguruetan kokatuta egon zirenak. 1718an erregeak aduana Ebrotik Biriatuko mugara aldatzea erabaki zuenean izan zen aurreneko matxinada edo altxaldia.

Handiena, ordea, 1766an izan zen. Gariaren salerosketa liberalizatzea erabaki zuen Carlos V.a erregeak. Ordurako haragia eta beste hainbat produkturen salerosketaren gaineko hainbat neurri ez herrikoi hartuak zituen, eta herritarrak altxatzea erabaki zuten. Udal iraultzailea sortu eta ezartzea lortu zen. Erantzuna berehala iritsi zen, ordea, eta bost egun beranduago Donostiatik iritsitako tropek iraultzaileak atxilotu zituzten.

Burdinolen herentzia egun ere nabari da Azpeitiako ekonomian. Garai bateko burdinolek eman diote egungo metalgintza industriari indarra eta sustengua. Metalaren ondoan, egurraren sektorea da Azpeitiako industriaren beste oinarrietako bat.

Hori idatzitako historiari dagokionez, Azpeitia eta inguruetan aurkitu diren aztarna arkeologikoek prehistorian lur hau gizakiaren kokaleku aspalditik izan dela erakusten baitute.

2017 - Azpeitiko Udala.
ElkarMediak garaturiko webgunea